Azkenerako nahi baino gehiago sufritu behar izan bazuen ere, Arrasate Eskubaloi taldeak 26-27 irabazi zuen larunbatean Urnietan bertako taldearen aurka eta lortutako bi puntuak funtsezkoak izan ziren Gipuzkoako lehen mailan jarraitzeko. Azkenerako Ane Herreroren mutilek zortzigarren postuan amaitu dute denboraldia 18 punturekin eta Urola eta Pulpo izan dira maila galdu duten bi taldeak, zumaiarrek 16 punturekin.
Partidak zuen garrantziaz jakitun, arrasatearrek oso ondo ekin zioten partidari eta atsedenaldira sei golen abantailaz heldu ziren (13-19). Hala ere, bigarren zatian kontrolpean zutela zirudien partida asko zaildu zitzaien, tartean partida txukuna egiten ari zen Danel Roak min hartu baitzuen ezker ukondoan. Arazoak-arazo, azkenerako gol bakarraren aldeaz izan bazen ere, funtsezkoak izan ziren bi puntuak eskuratu zituzten (26-27). Garaipen horretan funtsezkoak izan ziren Unai Rodiguezek (9) eta Eki Letonak (6) sartutako golak, bien artean talde guztiaren erdiak baino gehiago eskuratu zituzten.
Denboraldia salbatuta, oporrez gozatzeko moduan dira Arrasate Eskubaloiko gizonezkoen talde nagusiko jokalari eta entrenatzaileak.




