Ostiralean hasi ziren ibaiaren ondoan eta Alecop fabrikaren aurrean dagoen Uribe baserri zaharra eraisteko lanak. Une honetan, hondeamakina bat dago bertan, auzoko eraikin mitikoaren lehen zatiak kentzen. Datozen hilabeteetan hainbat lan hasiko dira zonaldean, esparru hori Arrasateko hirigintza plan orokorrean integratzeko.
Bertan, Mondragon Unibertsitateak industria-ekintzailetzako “E-lab” laborategi berriak proiektatu du, industria-ehuneko etorkizuneko langileei laguntzea helburu dutenak. Proiektua garapen fasean dago oraindik eta etorkizun hurbilean informazio gehiago eskainiko dutela iragarri dute Mondragon Unibertsitatetik.
Orain baserriak hartzen duen espazioan errepide berria pasako da, eta Aramaio ibaiaren alboan pasealeku eta bidegorri bat jarriko da.
Garrantzitsua da gehitzea MUren eraikinaren beste aldean, Uribarri etorbidean, biribilgune bat egitea proiektaturik dagoela, Garaia Parke Teknologikoaren ondoan.