Urarekin arkitektura egiten zenekoa [Testua: Ramon Ugalde]

0
715

Argazkiak: Ramon Ugaldek bidaliak.

Bi mundu gerren tartean eraikinen estalketaren formulazio berri bat egin zuen Mugimendu Modernoak : Bauhaus, LeCorbusier estalki laua defendatzen hasi ziren.

LeCorbusierrek, Arkitekturaren Mugimendu Modernoaren sortzaileak, estalki lauaren apologia egiten zuen: zerua edo izarrak eta eraikinaren artean teilak edo pizarra puskak baino gauza politagoak jarri behar zirela. Eta guk, gure aldetik zera diogu: zer ura baino politagoa?

Esan bezala, gutxietsita dago estalki mota hau baina niretako izugarrizko balio positiboak dauzka. Gure arkitekturaren historian aro interesgarri eta loriotsu bat bete zuten.Horrelako estalkiak Francoren garaian eraiki ziren batez ere. Gerra Zibilaren aurretik egiten ziren, baina orokorrean esan dezakegu frankismoaren urteetan garatu eta bukatu zirela.

Asko erabili zen teknika hau gure artean, lantegiak, baserriak, etxeak, laborategiak, zinema aretoak, ikuztegi edo”labaderoak”, baserriko tresnak gordetzeko txabolak, ur biltegiak … estaltzeko; eraikin txikiak eta handiak.

Azkenean horrelako estalkiak gure hiri paisaiaren elementu esanguratsuenetarikoa bilakatu ziren, eta gure izaera kultural eta geografikoaren osagarria.

Ez dago oso baloratuta arkitektura hau, estalki lauak exotikotzat jotzen dira, hormigoia zatartzat jotzen dugu, eraikin gehienen tonu grisari tristea irizten diogu, garai bateko lantegietako lan zikin eta zaratatsuekin lotzen dugu, ez dauka apaindurarik …baina hala ere politak dira. baina, lantxo honetan saiatuko naiz bere alde positiboak azpimarratzen:

1.- Bere garaiko arkitektura modernoaren interpretazio propioa, lokala.
Estalkien gai hau ez dago oso aztertuta baina estalki lauak batez ere Gerra Zibilaren ostean garatu ziren. Gurean, hau da Euskal Herriko zonalde industrialetan estalki lauaren interpretazio berezi bat egin zuten, gure estiloan eta horrela sortu ziren urezko estalketak.

Arkitektura arrazionalista egiten hasi zirenean estalki laua asko zabaldu zen. Izan ere, estalketa lauarekin eraikin bateko barne espazio guztia aprobetxa daiteke, ez dago bi edo lau hegaleko teilatu azpiko espazio desegokirik( oso altu dagoelako edo oso baxu). Gure artean ez ziren ibiliko horrelako teorizazioekin, baina garai hartako testuingurura oso ondo egokitu zen: inguruan zeukaten materialekin, ahalik eta merkeen eta ahalik eta aprobetxamendu handienarekin. Hala ere, horrek ez dio kentzen bere balio artistikorik arkitektura honi, nire ustez. Helburua erabilgarritasuna lortzea bazen ere ale ederrak, dotoreak daude oraindik gure artean.

Badirudi gainera estalki mota hau asmatu zuena euskalduna izan zela, agian hiri legenda bat izan daiteke, baina asmatzailea euskalduna izan edo ez errealitatea da Deba bailarako herrietan garatu zela batik bat eraikinak estaltzeko eredu hau. Arrasaten, zorionez oraindik multzo interesgarri bat daukagu.

Joan zen mendearen erdialdean, Arrasaten eta inguruotan arkitektura arrazionalistaren estiloko eraikin interesgarriak jaso ziren. Ur estalkiak, lauak dira eta neurri handi batean aurreko tradizio arkitektonikoarekin hausten zuen. Alde horretatik pentsa genezake arkitektura “exotikoa” dela baina bestaldetik konturatzen gara hemendik kanpo horrelako egiturak ia ez direla ikusten eta beraz “bertakotzat” hartzeko, eta bere balioa azpimarratzeko beste arrazoi bat da.

Alemanian ere I. Mundu Gerraren ondoren estalki lauak (baina urik gabekoak) asko erabiltzen ziren baina naziek,boterera iritsi zirenean, dekretatu zuten estalketa lauak ez zirela “arioak”. Tamalez gure artean ere horrelako estalkiak ez dira “bertakotzat” hartu eta horrelako eraikin gehienak ordenazioz kanpo daude. Dokumentu ofizialetan degradatuak daudela edo inguruarekin (“entornoarekin” alegia) bat ez datozela irakur dezakegu.

Baina bertako arkitekturatzat, “lokaltzat” har genezake arkitektura hau inolako zalantzarik gabe.

2.- KM0.ko eraikuntza
Lehenik eta behin eraikin mota hauek egiteko material edo baliabide gehienak ingurukoak ziren: area, burdinazko barillak, porlana, kofratuak egiteko oholak eta apeak, iltzeak, eta noski ura, eta ura eraikin gainera eramateko hodiak eta bonbak ere euskal industriak ekoizten zituen. Alde horretatik gaur egun hainbeste baloratzen den Km.0ko arauak ia oso osorik betetzen zuten. Are gehiago Mondragoen bertan zeuden estalki hauek egiteko behar ziren produktu gehienak ekoizten zituzten enpresak: iltze fabrikak, harrobiak, zerrategiak, kofratuendako burdin egiturak egiteko lantegiak …

3.- Jasangarritasuna
Bertako material eta baliabideekin eraikitzeaz gain teknologia honen abantailak ukaezinak dira: Isolamendu termikoa eta akustikoa oso onak dira. Neguan beroa oso ondo gordetzen dute eta udan eguzkiaren gehiegizko beroa pasatzen ez dute uzten. Ondorioz erakin barruko baldintza klimatikoak oso onak izaten dira.

Alde horretatik energiaren kontsumoa asko murrizten dute. Berba egin dugun jabeekin onartu digute urteetan ia ez dutela itogin problemarik eduki, eraikin zaharrak izan arren. Bestaldetik mantentzea ez zela oso astuna kontatu digute: bost urtetik behin edo garbitzen zutela. Izotzarekin arazoak izaten zituzten: batzuetan ertz muturrak puskatzen zirelako eta konpondu beharra izaten zuten. Gaur egun horrelako estalkia daukaten lantegietan aitortzen dute ez diotela ia kasurik egiten, baina hala ere aparteko arazorik ere ez dutela izaten.

4.- Aztarna ekologiko txikikoa
Horrelako estalkiak urez betetzen direnez elementu biziak dira, nolabait konpentsatu egiten dute neurri batean bederen eraikinarekin galdu arazitako lur zorua.

“Piszinatxoa” uraz bete ondoren arrainak sartzen ziren, karpak hain zuzen. Arrain mota hauek ondo egokitzen dira oxigeno gutxiko uretara eta horrela lortzen zuten algak, eltxoak eta gainerako zomorroak ez haztea. Arrainen biologia aztertzeko ere behatoki paregabea zen. Karpak gaztetan beltzak ziren, gero gorri-beltzak, gero zuri-gorriak eta zahartzen zirenean erabat zuriak. Arrain gehienak desagertu egin ziren gure herriko erreketan ahateak edo paittak sartu zirenean. Itsasoa zakarra zegoenean, negu partean batez ere itsas hegaztiak ere agertzen ziren, bere jatordua egiten.

Horrelako estalkietan, ertzeetan batez ere, landareak hazten ziren eta bertan txori batzuk habiak egiten zituzten. Gamein esate baterako martintxori bat izan zuten langile askoren pozerako.

Azken batean eraikin hauen gainean bizia zegoen. Gerora ere abandonatu direnean biziak bere lekua errazago berreskuratzen du estalki hauetan, landareak hazten dira, arbolak, zomorroak, txoriak …
Zenbait kasutan estalki hauetan ura lurrarekin ordezkatu da, ur biltegi batzuetan adibidez eta paisaia naturalean oso ondo integratzen dira.

5.- Baliabideen erabilera anitza
Eraikin gaineko urari beste erabilera batzuk ematen zizkioten: baratza ureztatzeko, makinak hozketako, komuneko zisternetan erabiltzeko … Eta ondoan pilatzen zen lohia errekara botatzen zuten, baina aukera izanez gero, hau da inguruko ortuetan ez zuen kalterik egiten ongarri gisa. Angulak hazteko ere erabili izan dira eta aingirak bilakatu daitezen.

6.- Arkitektorik gabeko arkitektura?
Beste ezaugarri bat da, askotan arkitektorik gabeko arkitektura zela. Askotan planorik gabe altxatzen ziren, beste batzuetan maisu industrial batek edo perito ingeniari batek egindako planoekin jarduten zuten. Segurutik arkitektura fakultateetan ez zuten erakutsiko estalki hauek egiten. Baina horrek erakusten du garai hartako gizonen trebetasuna handia zela. Han eta hemen pilatutako esperientzia desberdinekin ekin ziotela eraikinei horrelako estalkiekin buru ematen. Bistan da kasu gehienetan asmatu zutela plakaren lodiera, hormigoia egiteko burdineriaren ezarpen egokia eta masa egiteko nahasturaren proportzioak zehazten. Estalkiok oraindik hor daude bere funtzioa egiten.

Adibide batzuk jartzearren Muxibar baserriaren estalkia 1943an urtean jaso zuten auzolanean, arkitektorik gabe eta planorik gabe. Muxibar baserriko teilatua erre egin zen eta pisu bat gehiago jaso eta urezko estalki laua jarri zioten. Adibide bakarra da Euskal Herri guztian horrelako estalkiarekin. Arkitektura arrazionalistan moldatutako baserri bakarra. Gainera benetako baserri moduan funtzionatu izan du orain dela gutxi arte. Ezaugarri hauek azpimarratzekoak dira eraikin hau balioesteko. Baina ordenaziotik kanpo dago, beraz eraitsi egingo dute. Hala ere, euskal baserriaren arkitekturaren historiarako ohartxo hauek kontuan hartzeko modukoak dira.

Iraolaren lantegiko planoak, San Andresen erreka ondoan Jose Mari Ormaetxeak peritoak egin zituen eta Amateko lehenengo lantegiko planoak Bixente Urzelai maisu industrialak.

7.- Teknika
Estalki hauek egiten ziren garaietan euskal industriak jarritako materialak ugariak ziren – pinu azkarraren (insignis) zura, area, porlana, burdina … – baina langileen trebakuntza berezia eskatzen zuen batez ere kofratugile edo enkofradoreena.

Masa, (area, ura eta porlana) bertan egiten zen eta gero garabi batekin eraikin goi aldera jaso, zutikoetan (posteetan) langileek makila sendo batzuekin sakatu egiten zuten ura kentzeko eta gogortasuna eta sendotasuna lortzeko. Horrelako eraikinetan oraindik ikus daitezke ohol luzeen markak. Arkitekto arrazionalistek asko baloratzen zituzten kofratuko oholak utzitako markak. Ur geruzari eusteko eraikinaren inguru guztian horma txiki bat jasotzen zuten (albo horma) batzuetan adreiluzkoa eta besteetan hormigoizkoa. Altuera 30 cm-koa gutxi gorabehera. Azken eraikinetan 50 cm-tik gorakoa izaten da. Hormigoizko geruzaren lodiera 10/12 cm-ko izaten da eta ur geruzaren sakonera 15 cm-koa.

Ur geruza horrekin azpiko hormigoizko geruza ez da zartatzen, hau da printzatzeko arriskua ekiditen da. Hormigoiari ez zioten aparteko tratamendurik ematen.

8.- Tipologia
Morfologiaren aldetik bi eredu daude erlaitza edo hegalaren (voladizo) arabera:

  • Hegala urmaelaren oinarrian dagoenean:
    Normalean, eraikinari estalki ematen dion hormigoizko geruza honek txapela edo hegal moduko bat egiten du goi aldean. Hormetatik 40 bat zentimetro ateratzen den hormigoizko erlaitz mehe jarraitu bat. Hormigoizko txapel honek nolabaiteko babesa ematen dio eraikinaren goi parteari. Geruzaren barru aldera altxatzen dira albo hormak eta horrela lortzen da urmaela sortzeko “edukiontzia”. Esan bezala hau da eredu ohikoena.

Baina badago beste estalki mota bat, urmaelari eusteko albo hormak eta eraikinarenak bat egiten dutenean, eta txapela edo hegala albo hormaren gainetik ateratzen da.

9.- Sabaiko beste elementu batzuk
Askotan, estalki hauetan argi zuloak, edo linternak irekitzen ziren: Argi naturala eraikin barruan sartzeko zuloak: batzuetan forma karratua, besteetan angeluzuzenak. Bi isurkiko beirazko estalkia izaten dute.

Edo eraikin barruan dagoen estufaren keari irtenbidea emateko tximinia

10.- Eraikinak birmoldatzeko aukera anitzekoa
Arkitektura hau oso funtzionala izanik, horrelako estalkia daukaten eraikinak erraz asko moldatu daitezke behar berrietara. Alde batetik estalki mota honek aukera ematen zuen beste pisu bat altxatzeko. Ba dirudi garai hartako araudietan urez beteriko estalki hauek zeuzkaten eraikinak “bukatu” gabetzat jotzen zirela “benetako teilatu” bat izan arte. Horregatik horrelako estalkiak izaten dituzte azpiko zutikoen jarraipena ur geruzaren gainetik, kofratu berri batekin beste zutiko bat jaso eta pisu berria eraikitzen jarraitzeko. Eta horrek suposatzen du espazio eta baliabide gutxiago xahutu behar direla. Eraikin arrazionalista hauek berregokitzeko adibide ederrak dauzkagu:Condesako lantegia merkatal gune bat bilakatu zen, Zarugaldeko San Agustin lantokiaren gainean pisuak altxatu ziren…

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen