Ur-ihes batek, hoditeri publikoan gertatua, mozketa eragin du Arrasaten

0
1725

Arazoa Ospitale-saihesbide-autopista inguruan gertatu zen, eta obrak martxan daude berau konpontzeko.

Urkulutik Arrasatera ura dakarren hoditerian gertatu zen ihesaldia duela honezkero hainbat egun, hornikuntza sistema publikoan.

Ihesa Ospitale-saihesbide-autopistaren inguru honetan gertatu da, lurrazaletik zenbait metrora, Mondraberrik jakin ahal izan duenez. Arazoa zehazki porlanaren azpian dago kokatuta.

Hoditeria konpontzeko obrak abian daude, eta Ospitalea-Osinako biribilgunearen arteko errepidearen ondoan ikus daitezke. Hau da, Zalduspe kalean.

Bertan ere ikus daiteke arazoaren ondoriozko ur zurrusta bat zuzenean Deba errekara isurtzen dela, kontsumorako ezin erabilita, AGA enpresa parean. Obra hauek daukaten beste zailtasun bat da gasaren hainbat hodiren ondoan daudela.

Badirudi arazo hau ez zela sortu Arrasateko Erdialdean (adibidez Nafarroa etorbidean) duela aste batzuk egin ziren obretan.

Arazoa konpontzeko, Udalak ur-mozketak egin behar izan zituen atzo, eta ur falta Arrasateko etxebizitza, lantoki,… askotan sumatu zen. Badirudi batez ere auzo garaietan eragin dituela eragozpen gehien.

Kalteturiko hoditerian hodi eta pieza berriak jarri beharko dira, eta horregatik litekeena da hemendik denbora batera gutxienez beste ur-mozketa bat izatea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen