Union Cerrajera 115 urte eta gero, enpresaren marka desagertu da

1
1655

Testua eta goiko argazkia: Intxorta 1937 kultur elkartea

INTXORTA 1937 kultur elkarteak 2007an argitaratutako ‘AMA CERRAJERA’ liburua bere web orriko dendan, Ebooken, doan deskargatzeko jarri du.

Klikatu hemen ‘Ama Cerrajera’ liburua eskatzeko

2007ko ekainaren 22an ‘AMA CERRAJERA’  liburuaren aurkezpena  Kulturaten  herritarrekin beteta toperaino izan zen. Union Cerrajerako  Juan Ramon Garai eta Jose Angel Barrutiabengoa langileek, eta Josemari Velez de Mendizabal gerente ohiak idatzi zuten enpresaren “biografia”.

Gai horretaz orduan hirurak esandakoak jarraian:

“40. hamarkadan Arrasateko biztanleen %75 Cerrajeran egiten zutela lan, eta beraz bien arteko konpromisoa erabatekoa zen”.

“Langileak ez zeuden primeran, baina bizi ziren, eta inguruko enpresetan baino hobeto gainera, arrazoi sozialengatik: ekonomatoak zeuden, Aprendizen Eskola, 300 etxe baino gehiago egin ziren (Etxe Txikiak, Zigarrolan…), Sanjoanetako razionamendua,…”.

“Gure bailarako kooperatibek Cerrajeraren langileengan daukate oinarria. Cerrajerako langile ondo prestatuak eta gazteak kooperatibetara joan ziren. Enpresak ez zituen gauzak behar bezala egin. Kooperatiben sorrera, mehatxu ordez, aukera bezala hartzen. 1953tik aurrera giza deskapitalizazio bat eman zen: Cerrajerako ehunka langile, Cerrajerak emandako dirua  poltsikoan zutela, kooperatibetara joan zen. Orduan egin zuten gora kooperatibek”.

“Cerrajera ukituta zegoen kooperatibismoaren sorreratik. 40. hamarkadan sarrailagintzak utzi zion jarduera nagusia izateari, eta Bergarako altzairutegiko irabaziek estaltzen zituzten Arrasateko lantegiaren galerak. Hemen ez zegoen inbertsiorik, ezta politika industrialik ere. 1975ean sekulako inbertsioak egin ziren Bergarako altzairutegian, eta Europako onenetarikoa bihurtu zen”.

“80. hamarkadatik aurrera izandako eraispena izan zen, 1985ean, krisialdi garaian, langileok bere gaineko ardura hartu genuen, Caja Laboralera jo genuen, Cerrajera kooperatiba bihur zedin, baina ezetz erantzun ziguten. Bitartean 1985 apirilean HI-TEC,  Eusko Jaurlaritzan sailburuorde batzuekin Administrazio Kontseiluan sartu ziren… Bergara eta Arrasateko lantegiak Madrilen aginduz biak banatu behar izan ziren, Europan konpetitibo izateko… Arrasateko Laminazioa eta Makinen eraikuntzaren saila itxi ziren, bakarrik sail errentagarriak jarraitu behar zutelako”

“1985-1993 artean hemen agintzen zutenek lantegia saldu zuten, Bergarako Labe Garaiak eta Olate ur saltoa errentagarrienak zirenak  saldu zuten eta lortutako dirua, Arrasaten inbertitu beharrean, euren poltsikoetara sartu zuten”.

“1993an protesta kalera atera genuen, eta milaka sinadura jaso genituen. Babes hori Udalean mozio bezala aurkeztu genuen, bere oniritzia jaso genuen. Helburua zen enpresaren buru ziren espekulatzaile haiek herritik botatzea. Batzuk galdetzen dute ea zer gertatu izan litzateke, protesta, 93an ordez, 85ean kalera atera izan bagenu…Gero Kataide poligonora serrailagintza eta torlojuen sekzioak eraman ziren”.

Liburua argitaratuta gero, Arrasateko Kataiden  jarraitu zuen 2016 arte. Urte horretan Unión Cerrajerako serrailgintza,  (UCEM Sistemas  de Seguridad S. A.) Arrasatetik Gasteizera aurretik joandako Metalurgica Cerrajera de Mondragon  SA,(MCM) enpresaren eraikiñetara eraman zuten. 2021arte Union Cerrajera de Mondragoneko serrailak egiten jarraitu zuten. Urte horretan DOM-MCM izatera pasatu eta UCEM marka desagertu zen.

Orain zer? Kulturola eta JAME, deiturak jarrita daude, ez gara hasiko eskatzen aldatzeko izen horiek. Baina, gure herriko historiarekin ez bagara lotsatzen, gutxienez, Aprendizen Eskola eta UNION CERRAJERA izenak bere lekua izan behar dute, besteekin batera. Orain, arrasatearrek egin dezakeguna, UNION  CERRAJERAKO Adarrak (herri osoan entzuten zen lantegiko bozinak) herritar guztien bizitza markatu zuena, berriz ere jotzea da eta UNION CERRAJERA deitura berriz eraikinean jartzea.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen