Unai Ibarrak bi lasterketa irabazi eta bi brontze lortu ditu

0
805

Donostian, Legorretan, Huarten eta Vianan lortu ditu podiumak. Atleta arrasatearrak azaldu digu, podiumak podium, “nire benetako helburua egunero bizkorragoa izatea” dela.

Unai Ibarra Gallardok abuztuaren 22an Donostiako Bizikrosa – Piraten Lasterketako ibilbide luzeena egin zuen, 6’4 kilometro luze, Urgull-era bitan igoz.

Arrasatearrak 25 minutu eta 55 segundoko marka lortu zuen, lasterketako errekorra ondu zuen eta lehen postua eskuratu zuen.

Hurrengo asteburuan Huarteko VII. Krossean parte hartu zuen, 6’5 kilometro luze, eta hirugarren postua lortu zuen.

Hori gutxi ez eta irailaren 5ean Vianako lasterketan esku hartu zuen. 10 kilometroko proba 32 minutu eta 26 segundotan bukatu zuen, meritu handiko brontzea lortuz.

Hurrengo asteburuan Talidomidak kaltetutakoen aldeko Legorretako IV. lasterketa jokatu zen, eta Unaik garaipena lortu zuen.

Arrasatear gazteak azaldu digu “niretzat garaipenak eta podiumak bigarren plano batean daude, nire benetako helburua egunero bizkorrago izatea da”.

Tamalez egun hauetan lesio txiki bat izan du eta “ez nabil %100ean entrenatzen baina bagabiltza zerbaitetan”. Bide honetan datozen asteburuetarako zenbait hitzordu ditu:

“Asteburu honetan Goierriko Josetxo Imaz lasterketan parte hartuko dut, Ordizia, Lazkao eta Beasaindik igarotzen den lasterketan”.

“Hurrengo asteburuan Donostiako Maratoi Erdiko 10 Kilometroetan parte hartuko dut, eta urriaren 16an Laredoko 10 Kilometroetan, marka pertsonalaren bila”.

Atleta arrasatearrak aurreikusten du “denboraldi dibertigarria izango dela”, eta eskerrak ematen dizkie “bide honetan nirekin dauden guztiei”. Zorionak Unai eta jarraitu bizkor!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen