Unai Axpe (Espainiako tiro olinpikoko txapeldunordea): “Instalazio hobeak behar ditugu Euskal Herrian”

0
659

Bedoñako tiratzaileak estatu mailako podiumera igo da asteburuan tiro olinpikoan. orain arteko lorpen handiak “etxekoei eskaintzen dizkiet, batez ere Rafa aitari” 1988ko eta 1992ko Olinpiar Jokoetan parte-hartzaile.

Argazkiak: Unai Axpe.

Lehiaketa ostiraletik igandera jokatu zen Gaztela-Leonen, El Rebollar herrian. Bi arrasatear eta gatzagar batek esku hartu zuten lehian: Rafa Axpe eta Unai Axpe bedoñarrak eta Aritz Abasolo gatzagarrak.

Unairi zapatu eta domekan 125 plater aireratu zizkioten, eta Kurtzeta-gain elkarteko gazteak zapatuan 75 puskatu zituen, baita domekan beste 50 ere, finalera sailkatzeko.

Aipatzekoa da zortzi tiratzaile onenak finalerdietara eta finalera sailkatu zirela. Finalerdiak 25 platerera jokatu ziren, eta finalerdi bakoitzetik bi tiratzaile sailkatu ziren finalera.

Finalean ere 25 platerera jokatzen da, eta tiratzaile bakoitzak, plater bakoitzeko, tiro bat soilik jaurti dezake. Finalean Unaik txapeldunordea izatea lortu zuen.

Arrasatear hau Euskadiko Txapelketa absolutua irabazitakoa da orain dela urte gutxi, foso olinpiko kategorian. Gainera, iaz Euskadiko Kopako txapeldunordea izan zen.

Unaik azaldu digu Txapelketan eta Kopan plater gehien apurtzen dituzten 3 tiratzaileak Euskadiko selekzioa osatzen dutela, eta estatu mailako autonomien arteko lehiaketan jokatzen dute.

Bera aurten Euskadiko selekzioko partaide dugu, eta Espainiako txapelketan lehiatuko da urriaren erdialdean, Gaztela-Mantxako Toledon.

Halako maila altua lortzeko, “entrenatzeaz gain, batez ere ikasi egin behar da, gauza asko ikasi. Asko entrenatu arren, ez bazara zure akatsez ohartzen, nekez hobetuko duzu”.

“Zorionez aita honetaz asko daki, berak zer zuzendu azaltzen dit, eta sostengu handia da, nire truko handiena. Gatiloa sakatzen jende askok daki, baina gakoa da gatiloari noiz sakatu”.

Unaik orain arteko lorpenak “etxekoei eskaintzen dizkiet, honetan agoantatzen nautelako, asteburuetan ni txapelketetara joatea onartzen dutelako. Eurak barik lorpenak ez lirateke posible izango. Batez ere aitari eskaintzen dizkiot”.

Aurreko asteko lehaiketan Leintz-gatzagako Aritz Abasolo tiratzaileak ere esku hartu zuen. Esperientzia luzea ez duen arren, bere kategoriako finalera sailkatzea lortu zuen, azkenean 4. postua lortuz:

“Bera ere zoriondu beharra dago, denbora laburrean nabarmen hobetu duelako, eta aurrera pauso handiak ematen dabil. Meritu handia dauka”.

Unairen aitak, Rafa Axpek ere parte hartu zuen, hain zuzen, Seulgo 1988ko Joko Olinpikoetan eta Bartzelonako 1992koetan lehiatu zuena.

Plater-tiroketa zaletasuna “oso zabalduta dago hemen, Euskal Herrian, baina askotan entrenatzeko baliabideak (tiro-eremuak esaterako) eskasak dira”.

“Irunen entrenatzen dugu batzuetan eta Lantaronen ere (Miranda de Ebro ondoan) badugu beste tiro-eremu bat, Txopekuan beste bat, baina tiro olinpikoa praktikatzeko instalazio askorik ez dago”.

Instalazio egokiak izatea “ezinbestekoa da ondo entrenatzeko, eta gainera hemen zaletasun handia dago eta tiratzaile oso onak izan dira, baita gaur egun ere. Tiratzaile askok instalazio hobeagoen falta sumatzen dugu eta horretaz aritzen gara”.

“Edozein kiroletan bezala, instalazio egokia ez dituen kirolaria apurka-apurka atzean geratzen da, eta horri buelta eman behar zaio”.

Horregatik, Espainiako txapeldunordeak dei egiten du “Federazioak, Aldundiak edota dagokionak instalazio egokiak jar ditzala, lagun dezala, merezi baitu, kirol olinpikoa da”.

Tiroko modalitate exijenteena “foso olinpikoa da, Olinpiadetako kirola”. Unaik baieztatu digu Olinpiadetara sailkatzea “oso zaila dela. Espainia mailako zirkuitu bat egiten da, eta zirkuitu horretako hitzordu bat Espainiako Txapelketa izan da”.

Zirkuituan tiratzaileek lortzen dituzten puntuekin estatu mailako rankiga egiten da. “Ranking horretatik tiratzaileak aukeratzen dituzte, nazioarteko txapelketetan lehiatu dezaten. Europa eta Mundu mailako lehiaketa horietan plaza olinpikoak lor daitezke”.

Txapelketak txapelketa “guk gustuko dugun kirola da, eta ni zorionekoa naiz aita urrun iritsitako kirolaria delako”. Zorionak Unai, Rafa, familia eta Aritz!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen