Artgazki elkarte arrasatearrak, urtero bezala, diru-laguntza lortu du Aspanogiren alde. Lehiaketako sari banaketa asteburuan ospatu da.
Portadako argazkia: Iñigo San Vicente
Artgazki elkarteak ezagutzera eman zituen azaroan V. Udazkena Euskal Herrian argazki lehiaketaren emaitzak.
Denera 62 argazkilarik parte hartu zuten, guztira 171 irudi aurkeztuz. Epaimahaia Manu Barreiro, Juan Antonio Palacios eta Ane Idigorasek osatu zuten.
Artgazkik epaimahaikideen “lan desinteresatua” eskertu zuen, baita ere “urtero beren alea jartzen duten establezimendu eta erakundeei, eta, hori gabe, ziurrenik, ongintzako lehiaketa honek ez luke tokirik izango”.
Argazkien erakusketa ikusgai izan da Kulturaten, ‘Udazkena Euskal Herria’ goiburuarekin, eta zapatuan sari banaketa egin zuten bertan.
Esposizioak 20tik gora argazki saltzea lortu du, bakoitza 30 eurotan. Ondorioz, 600dik gora € lortu ditu Artgazkik, eta urtero legez, Aspanogi elkarteari eman dizkio dohaintzan.
Hartara, elkarteko Bittor Andonegik ekitaldian parte hartu zuen, haur minbizidunen senideen ordezkari gisa. Ekitaldian ere Maria Ubarretxena alkateak parte hartu zuen. Lehiaketari dagokionez, ondokoak izan ziren sari nagusiak:
- Lehen saria: ‘Udazkeneko lorea’ argazkia (Carlos de Cos)
- Bigarren saria: ‘Otoño Nevado’ argazkia (Jose Miguel Romero)
- Hirugarren saria: ‘Udazken jolasak’ argazkia (Iker Aizkorbe)
- Publikoaren Saria: ’25-Basoa’ argazkia (Jose Angel Amuchastegui)
Zorionak sarituei! Baita Artgazkiri ere, aurten ere ongintzazko ekimena antolatzeagatik! Animo Aspanogi!