Ulgoría: Jainkoaren Erresumako arkitekturak [Testua: Ramon Ugalde]

0
1509

Henri Desroche fraile dominiko frantsesak joan zen mendeko 70 hamarkadan L´Ulgorie hitza asmatu zuen Arrasaten garatzen ari zen mugimendu kooperatiboaren errealitatea deskribatzeko.

Ulgor eta utopiaren arteko loturatik sortutako berba berria. Utopia da gizarte ideal bat, arazorik gabeko edo behinik behin kideen arteko zapalketarik gabekoa. Elizarentzat edo katoliko askorentzat arazo bat izan zen Modernitatea onartzea: kapitalismoa, industrialismo basatia, liberalismoa, gizartearen sekularizazioa. Izan ere orokorrean modernizazioarekin erlijioaren garrantzia gutxitzen zihoan gizartean eta langile industrialak erlijioaren praktikatik geroz eta urrunago zeuden.

Horregatik Desrochefraileari sekulako ilusioa egin zion Arrasateko kooperatibismoaren arrakasta ezagutzeak: Ekimen hura abade batek zuzentzen zuen eta kristau sozialismoan inspiratuta zegoen. Industriaren alor modernoetan aritzen ziren baina Kristoren mezua ahaztu gabe. Posible zen nekazaritza munduan Elizak eta erlijioak izandako itzala gizarte industrialetan? Posible zen gizarte bizitza petraltzen zituzten langile eta ugazaben arteko liskarrak gainditzea? Noski zela posible; kristau gizarte industrial orekatu eta dinamiko hori Mondragoen zegoen, han zegoen Ulgoria. Baina ez Arrasateko edozein txokotan San Andresen baizik.

Beste testigantza bat ere badaukagu esperientzia utopiko hau deskribatzeko. 1962. urtean Espainiako funtzionario batek, Fernando Elenak, Arrasatera egin zuen bidai bat kooperatibismoa ezagutzeko. Elena txundituta geratu zen ikusi zuenarekin eta bere bidaiaren kronika bat idatzi zuen. Kronika horretan San Andresen kooperatibistek jasotako eraikinak eta Iturrioz kalean birmoldatutako jauregia deskribatzen dira. Eraikin horietan garatzen ari zen gizarte berria: Ulgoria.

Suitzan izan zenean ere antzerako sentsazioak izan zituela aitortzen du: dena oso ondo, oso polita baina lortezina. Baina Arrasaten lortuta zegoen.

San Andresen Ulgoriako hiru eraikin deskribatzen ditu, bere kanpoko itxurak izan zuen gehien bat harritu zutenak: Ulgor, Arrasate eta Elektronika.

Elenak bere bidaia 1962ko maiatzean egin zuen eta ordurako San Andresen bertan eraikita zegoen Lana kooperatibaren lantegia, baina ez dago eraikin honen aipamenik bere kronikan.

Ulgorreko lantegia modernoa zen nabe zabalekin, Deba ibaiaren gaineko zubi propioa, lorategitxoak eta aulkiak fatxadan, estilo funtzionalekoa, Elektronikakoa txikiagoa baina lerro modernoagokoa. Talleres Arrasateko lantegia ordea itxura astunagokoa da. Batean zein bestean handitze obrak eta iragarki argitsuak.

San Andrestik Kalean (Alde Zaharrean) sartu eta Ulgoriako beste eraikin batekin egin zuen topo, San Jose Kooperatiba (Eroskiren aurrekaria) eta Caja Laboralaren jarduera jasotzen zuen Iturriotz (Resusta) kaleko egoitzarekin hain zuzen.

“Eraikin eder batean (geroago jakin nuen monumentu nazionala zela) beste bi entitate biltzen ziren. Beheko solairuan San Jose kontsumo kooperatibaren autozerbitzu moderno bat, goikoetan Caja Laboral Popularrarena, hau ere iragarki argitsu batekin baina eraikinaren estetika kaltetu gabe.

Sei urte zeramatzan Elena kooperatibismoa aztertzen baina Arrasate/Ulgorian ikusi zuena bere amets handienak asetzen zituen.

1961/2an kristautasun sozialeko esperientzia hartan parte hartzen zutenak 395 bazkide ziren, handik gutxira 432, 28-31 urteko gizonezkoak gehienak. Artean, uste dut emakumeak ez zirela kooperatibako bazkideak. Hizkuntzari dagokionez protagonista gehienek bazekiten euskaraz baina idatzizko dokumentazio guztia erdaraz dago. Abadeak ere ez zuen euskaraz egiten, erdaraz ez zekien adineko pertsona batzuekin ezik.

Nolakoak ziren Ulgoriako esperientzia hura ahalbideratu zuten eraikinak? Elenak deskribapen txiki bat eskaini digu. Jose Maria Ormaecheak informazio asko ematen du lantegien eraikuntzaz baita Fernando Molinak ere.

ULGOReko eraikina
Ulgoriaren gauzatzea, 1956an, 120 bazkideekin hasi zen San Andresen Jarduera industriala aurrera eramateko espazio bat behar zuten eta horretarako Usatorrek (bazkide fundatzailetariko bat) Laxarte izeneko lur saila saldu zien gainerako bazkideei 55 pezetan metroko. 5600 metro koadro guztira, geroago inguru guztiaz jabetuko ziren.

Bi solairuko eraikin bat altxatu zuten, solairu bakoitza 750 m2koa. Udalak obra egiteko baimena eman gabe eraiki zuten. 1956ko apirilaren 12an Abadeak eraikina, eremua, lana, bazkideak… bedeinkatu zituen. Lantegia argiztatzeko kristal zehargarriak (trasluzidoak) jarri zituzten burdinazko leiho karratuetan eskualdeko paisaia bukolikoarekin langileak distraitu ez zitezen.

Egunean hamar eta hamabiko lanorduak egiten zituzten baina laneko erritmo drakoniar hark ez zuen bazkide berriak izena emateko dinamika geldiarazi. Bazkide bakoitzak 100.000 pezetako ekarpena egin behar zuen: 1956an 120 bazkide ziren eta 1959ko urtarrilean 143, denak Leintzaldekoak.

Gogoratu leihoetan kristal zehargarriak (trasluzidoak) jarri zituztela barruan arituko ziren inguruko paisaiarekin ez distraitzeko. Elena eraikinaren funtzionaltasunarekin eta aurrealdeko txukuntasunarekin txunditua geratu zen. Baita letrero argiztatuekin ere.

ARRASATE
Kooperatiba honen lehenengo lantegia Legarren zegoen. Baina San Andresera aldatzea erabaki zuten. 1961ean hasi ziren pabilioia eraikitzen. Lurzorua Ulgorrekoa baino merkeago lortu zuten, 42 pezetatan metro koadroa. Obrak sei hilabetetan gauzatu ziren. Planoak Carlos Martín Cebollak egin zituen, ez zen arkitektoa ingeniaria baizik. Arkitekto titulurik ez izan arren nire iritzian lan txukuna egin zuen. Guztira bi pabilioi egin zituzten. Legarreko lantegi txikitik San Andreserako lekualdatzea 1961eko abuztuan egin zuten. Eraikin altuagoa da, egokia, ekoitzi egin behar zuten produkturako. Bete-betean asmatu zuten zeren eta ez baitzekiten zer fabrikatu beharko zuten. Eraikin dotorea da (Elenarendako astuna), bere leiho luzeak habe bertikalen artean fatxadan apur bat sartzen direla. Barruko nabea argitzen laguntzen zuten, eta kanpotik halako erritmo orekatua ematen dio leiho eta masa bertikalen arteko txandakatzeak.

FAGOR ELEKTRONIKA
Eraikin hau ere 1961ean jaso zuten. Kasu honetan diseinua Manuel Oñorok egin zuen, baina obraren zuzendaritza Carlos Martinek eraman zuen. Multzo hau ere nahiko interesgarria da. Hormak egiteko baoluzeak eta habe bertikalen txandakatzea erabili zuen. Material nobleagoak erabiltzen dira: arrosa koloreko harrizko plakekin estalita dago, leiho azpian adreilua. Itxura koloretsuago ematen du. Azpimarratzeko sarrera: eskailera zabal batetik iristen da bertara. Bertikala, “abozinatua” ( kanpotik barrura estutzen dena) angelu zuzena, eta “tinpanoan” beirazko leiho zabalak. Sarrera “abozinatu” hauek asko erabili ziren 60. hamarkadan frankismoaren garaian batez ere eraikin ofizialetan.

Kalitate arkitektoniko handiko eraikina nire ustez, eta kooperatibistek Arrasaten egin duten dotoreena. Elena Arrasatera etorri zenerako eraikita zegoen? Ez du aipamenik egiten eta.

LANA
Eraikin hau ere San Andresen kokatzen da, gaur egun oso itxuraldatuta dago. Garai baten esnea ontziratzen zuen. Elena etorri zenean eraiki berria zegoen baina ez zuten eraman bisitatzera nonbait. Proiektua Carlos Martín Cebollarena izan zen. Oso funtzionala zen, aipagarriena errepidera ematen zuen fatxada edo aurrealdea zen. Itxura atsegina zuen, alaia.
Dokumentu grafiko hoberik ezin izan dut lortu.

ITURRIOZ KALEKO JAUREGIAREN MOLDAKETA
Jauregi hau Fresnoko markesaren jabetza zen. Abadearen gutunetatik dakigu jauregi hau nahiko hondatuta zegoela eta bertan inkilino batzuk bizi zirela. Dirudienez inkilinoek ez zuten eraikinetik irten nahi. Baina azkenean eraikina lortu zuten. On Jose Maria Felix Llanos Goiburu arkitekto beasaindarrarekin jarri zen harremanetan jauregia eraberritzeko. Monumentu nazionala zen eta Iturriotz (Resusta) kalera ematen duen fatxada errespetatu egin zuten. Fatxada dotorea da, 9’5 metro luzeran, harri grisekin egina eta balkoietako burdin lanak ere aipagarriak dira. Tamalez jatorrian zeukan burdinazko atea kendu egin zioten. Martin Karreraren lan bat izan daiteke jauregi hau? Udaletxearen estiloaren antzekoa da eta. Eta balkoietako burdin lanak Amezua elorrixoarrarenak?

Berrizketa egin zutenean beste pisu bat jaso zioten, baina kontu handiz egin zuten kaleko fatxadatik aldenduta eta teilatu tarte baten atzetik.

Aipaturiko aldaketaz aparte, bi fatxada berri egin zituzten: Iturriotz Kantoira ematen duena eta Zerkaostetara (Sekostieta). Kasu honetan ere habe edo matxoi eta bao (leiho) bertikal eta luzeak txandakatu zituzten. Elektronikan eta Arrasaten egin zuten moduan. Soluzioari egokia deritzot. Eraikin zahar baten kategoriari eusteko eta funtzionaltasuna lortzeko.

Hasiera batean San Jose Kontsumo kooperatibarako izan zen. Geroago Caja Laboralek okupatu zituen goiko solairuak eta San Jose kooperatiba. Caja Laboraleko zuzendaria eta bere familia bigarren pisuan bizi ziren. Sekostietako sotoan ezarri zen. 1.300,000 pezetako kostea izan zuen.

Elenari asko gustatu zitzaion eraikin hau, baita letrero argitsua ere, eraikinarekin ondo ematen zuela idatzi zuen.

1962ko kontuak dira, bidaiatxo bat egin dugu gizarte utopiko hura gauzatu zen paisaia arkitektonikoetara, Ulgoriako eraikinetara. Zaila da jakitea Espainiako soziologo hark eta Frantziako dominikoak Arrasaten atzeman zuten giro espirituala, gizarte justu hori sortzeko grina hori, benetan ere existitzen zen bazkideen artean. Jainkoaren erresuma gauzatu al zen Arrasaten? Eta espiritu horrek eraginik izan al zuen arkitekturan? Ulgoriaren lekuko batzuk oraindik hor daude.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen