Bilketa gunea Nafarroa etorbidean dago zabalik, eta Arrasateko zenbait boluntario elikagaiak eta materiala jasotzen eta ordenatzen dabiltza, Ukrainia ingurua destino izateko.
Euskadi mailako plataforma batek, Euskadi-Ukrania elkarteak, deialdi bat egin zuen gerrako ondorioak sufritzen dabiltzan ukrainiarrei laguntzeko.

Elkarte honek batez ere hirietan ditu janaria eta materiala biltzeko guneak. Hori jakinda, Arrasateko ekimen bat berarekin harremanetan jarri zen.
“Arrasaten elkarteen arteko lankidetza handia dago, eta hemengo ekimen bat hemen ere bilketa egiteko antolatu zen”.

“Adibidez, boluntarioen txandak zehaztu ziren, eta boluntariotzan dabiltzanak batez ere Goyeneche Fundazioa, Ekin Emakumeak Elkartea, Amerika Elkartea, IMME elkartea (Euskal Gizartean Emakume Musulmanen Integraziorako elkartea), AMS elkartea (Mundu Solidarioa elkartea),…”.
Ekimen honek Udalari eskatu behar izan zizkion “bilketarako lokal bat eta hemen bildutako janari eta materiala hiriko bilketa gunera eramateko garraioa. Udalak baietz erantzun zuen”.

Gaur ireki da Nafarroa etorbideko bilketa gunea, baina “honezkero jende pilo bat jarri da gurekin harremanetan, elkarte eta pertsona ezberdinekin harremanetan, laguntzeko prest”.
Bilketari goizeko 10:00etan eman diote hasiera eta oraingoz “erritmo onean dabil, herritar ugarik honezkero euren ekarpena egin dute”.

Ekimenak adierazi du “herritarrek jakin badakitela zein den ukrainiarren kinka larria, eta beraz ez boluntariook herrikideei ez diegu deialdi berezirik egin behar”.
Era berean, bihar, martxoak 4, Azokan, Goyeneche Fundazioaren eta AMSren postuan ere entregatu ahal izango dira elikagaiak nahiz materiala. Ekarpen ekonomikoekin ere lagun daiteke.





