Ukrainako Gerra gertuagotik azalduko du Alboan-ek, Harremanen bitartez

0
185

Beheko testua eta kartela: Harreman GGKEa.

Maiatzaren 4an 18:30ean Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan. ALBOAN GGKEak Ukrainaren egoeraren berri emango digu.

Hainbat arrazoirengatik sufritzen duten pertsonekiko konpromisoan (gerrak, muturreko pobrezia, hondamendi naturalak, etab.), HARREMAN GGKEak kanpaina bat jarri zuen abian, 2022ko martxoan, gerra krudela pairatzen ari diren ukrainar herritarrentzat laguntza ekonomikoa biltzeko.

2022ko azaroan, pertsona solidarioei esker bildutako dirua, 2.950 euro, HARREMAN GGKEak gatazka-eremuan lanean diharduen ALBOAN GGKEari eman zion, bertan egiten ari den lan humanitarioa indartzeko.

Hasieratik, eta aurretik antzeko esperientziak izan zituztenez, ALBOAN-ek hainbat ekintza planifikatu zituen epe ertainera, eta, horretarako, denboran zehar jarraipena izango zuen erantzuna landu zuten: Premia zuten pertsonei harrera ona egin, babesa eskaini, aurrerabideak sustatu eta egoera berriak eskatzen zituen integraziorako bideak landu.

Kalkuluen arabera, 17’7 milioi ukrainar pertsonak laguntzaren beharra zuten. Datorren ostegunean, maiatzak 4, Leire Morquecho Errasti ALBOAN Nazioarteko Koordinatzailearen eskutik, gerra hasieran martxan jarri zituzten ekintzen emaitzen berri emango digu.

Ezin dugu une hau pasatzen utzi eta ukrainarren egoera, eguneroko bizitza, beldurrak, itxaropenak eta abar bertatik bertara ezagutzeko aukera galdu.

Hitzaldi honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Bertan, interesatzen zaizkizuen galdera guztiak egin ahal izango dituzue, eta gerra izugarri batek suntsitutako herrialde honen egunerokotasuna hurbilagotik ezagutu.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen