Ukraina bide ezezagun baten aurrean [Testua: Mikel Arregi]

7
3313

Mikel Arregi Askasibar kazetari arrasatearrak ukrainiar estatuko Donbass gerratik informatu zuen 2015ean, Ibai Trebiño lankide eta herrikidearekin batera. Ildo horretan, ‘Donbass: gerra Europaren bihotzean’ dokumentala egin eta ezagutzera eman zuten. Mikelek egungo Ukrainiako gerra ulertzeko hainbat gako azaltzen ditu.

Argazkia: Ibai Trebiño.

Azken aste eta hilabeteotako tentsioak eztanda egin zuen pasa den otsailaren 23 eta 24 arteko gauean, Bigarren Mundu Gerraren amaieratik Europan ikusi gabeko operazio militarrik handiena martxan jarri baitzuen Vladimir Putinek. Inork gutxik espero zuen tamainako operaziorik, nik behintzat ez nuen uste ausartuko zenik, Errusiak Ukraina osoan zehar aire erasoak egin baitzituen. Hauei, operazio aerogarraiatuek jarraitu zieten eta, azkenik, lurretik infanteria eta artilleria unitateak sartu ziren. Eskala handiko inbasioa martxan jarri zuen Errusiak, egun arte mendebaldeko potentziengandik gertu egon den Ukraina berriz bere kontrolpera ekartzeko asmoz.

Goazen baina poliki. Nola heldu gara honaino? Hasteko eta behin gogoratu behar dugu, Ukraina eta Errusiaren arteko harremanak oso gorabeheratsuak izan direla Sobietar Batasuna 1991an desegin zenetik. Ibilbide zaila izan dute bi herrialdeen arteko hartu-emanek, eta egiari zor, mendebaldeko potentziek (NATO-k) Errusiak 90. hamarkadatik hona izan dituen ahuldadeak baliatu ditu Ukrainaren kontrola bere gain hartzeko. Bide horretan lehen saiakera serioa 2004an egin zuten mendebaldeko potentziek “Iraultza Laranja” sustatu zutenean.

Hala ere, esku-hartze hori ez zen guztiz gauzatu 2014ko otsailean Maidango Iraultzak Kieveko agintea hartu arte. Estatu kolpe baten bitartez, mendebaldeko potentzien aginduetara jardun duen erregimena izan da Ukrainan ordutik hona. Maidango kolpetik aste gutxitara Errusiak bere fitxak mugitu zituen, betidanik errusiar-zalea izan den Krimearen kontrola bereganatuta.

Udaberrian aldiz, Donetsk eta Luganskeko eskualdeek herri errepublikak aldarrikatu zituzten eta Kieven erantzuna bortitza izan zen. Ukrainar armadak indarrez zapaldu zituzten bi eskualdeetako aldarrikapenak eta gerra hasi zen Donbasen. 2015eko otsailean gerrako mugak Minskeko akordioen bitartez zehaztu baziren ere, eta ordutik bi aldeen posizioak geldi izan badira ere, borrokek egun arte iraun dute eta 13.000 pertsona hil dira gatazkaren ondorioz.

Errusiak ez du sekula ahaztu 2014an mendebaldeko potentziek Ukrainan eman zioten kolpea. Horregatik, azken hilabeteotan Sobietar Batasuna erori zenetik ahoan izan duen aldarrikapena berreskuratu du Kremlinak: Europa ekialdean, eta batez ere Ukrainan, NATOren hedapena behin-betiko geldiaraztea. Gai hau negoziatzeko Errusiak zuzenean Estatu Batuekin hitz egin nahi izan du, eta negoziaketek fruiturik eman ez dutenez, hitzetatik ekintzetara pasatzea erabaki du Vladimir Putinek.

Hasiera baten, Errusiak Ukrainako mugan tropak pilatuta mendebaldeari presio egingo ziola uste genuen batzuk, baina azkenean, Estatu Batuek zabaldutako inbasio mehatxua egi bihurtu zen pasa den ostegun goizaldean. Azken 20 urtetan Kremlinak nazioartean izan duen doktrinari bizkarra emanda, Putinek jarrera erasokor, bortitz eta arriskutsuaren aldeko apustua egin du. Orain ukrainarrak izututa daude, euren herrialdea mundu mailako bi potentzia handien arteko lehia argitzeko gudu-zelai bihurtu dela ikusita. Ez dute ulertzen nola Europa eta Estatu Batuek ez dieten laguntzarik ematen tamainako erasoaren aurrean.

Errealitatea bestelakoa da baina. Maidango mobilizaziotan John McCain senatari estatubatuar errepublikarrak, eta presidentetzarako hautagai izandakoak, ukrainarrei babesa eskaini bazien ere (“the free world is with you, the United States are with you!”, esan zuen lotsagabe) ukrainarrak bakar-bakarrik daude. Puntu honetara helduta gogoratu beharko genuke, PRINTZIPIO ETA BALOREEK EZ DUTELA GEOPOLITIKA MUGITZEN, nazioarteko harremanak INTERES EKONOMIKO ETA POLITIKOETAN oinarritzen baitira. Inozokeria gutxiago beraz.

Hona iritsita, eta gehiago luzatzeko asmorik gabe, hemendik aurrera gertatu daitekeenaz hitz egitea besterik ez zaigu geratzen. Lerro hauek idazten ditudan bitartean Errusiako eta Ukrainako armadak tiroka ari dira Kieveko kaleetan. Zer gertatuko da datozen astetan? Ba auskalo. Badirudi Errusiak ez duela arazorik izango Volomir Zelenskiren gobernuarekin amaitzeko. Honek ez du esan nahi baina egoera erreza izango dutenik errusiarrek. Ukrainak armak banatu ditu hiritarren artean, eta pentsatzekoa da epe luzerako erresistentzia estrategia eramango dutela. Hau da inbasio bat daraman armada batentzako eskenatoki arriskutsuena, soldaduen artean kalte ugari eragin ditzakeelako eta aurre egiteko arerio garbirik izango ez dutelako.

Arlo militarrean gauzak okertuta gainera, Putinen kontrako mugimenduak ugaldu daitezke Errusia barruan. Etxean izan ditzakeen mehatxuez gain, nazioartean Errusiak jasango duen isolamendua ere kontuan izan beharreko elementua izango da, nahiz eta Kremlinak, Txina eta Indiarekin dituen harremanek mendebaldearen zigorrak neurri baten apaldu ditzaketen. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Datozen asteak erabakigarriak izango dira.

7 IRUZKIN

  1. Mass Media danek aurkakoa diotenean, zuek euren esanaren kontra zabiltzate. Narratiba ez dago zuekin. Eskerrik asko zuen zintzotasunagatik.

  2. Lotzagarrixa nolan egon leike hain alde Putin moduko diktadore batena. Jendiak gero eta gehixau harritzen duszt.

    • Ereño, nik dakidala Putin demokratikoki aukeratua izan da, berarekin ados egon edo ez. Beste ohartxo bat, errespetu gehiago mesedez euskarari eta idatzi ondo mesedez. Ez dut uste gasteleraz edo beste hizkuntza batean horrela idatziko zenuenik eta argitaratu. Ezjakina zarela dirudi!

  3. AEB-ak santu ez direla garbi dauka edonork baina Putinenak ez du hitzik. 2014an estatu kolpea izan zela diozu, Wikipediak ingelesez duen orriak behintzat ez du hori aipatzen. Estatu kolpea ala ez, Ukraina mendebaldeko potentzien aginduetara jarri zela diozu 2014 geroztik. Aurretik baina, Errusiaren aginduetara zegoen, edo mehatxupean, 2012 an Europar Batasunarekin adoste aldera zen merkataritza akordioari merkataritza gerra batekin erantzun baitzuen Errusiak. Eta hor hasi zen 2014ko gobernu aldaketarako mugimendua altxatzen.

    Bestetik Donetsk eta Lugansk gai interesgarriak. Entzun izan dut batzuetan lurralde hauek autodeterminazio eskubidea beharko luketeela. Ez naiz ni horren aurka jarriko, gutxiago euskaldun izanda, baina irakurri dudanaren arabera berton egun bizi direnak ez dira bertoko betiko biztanleria, baizik eta 18-19. mendean errusianizazio baten ondorioz berton jarri zuten biztanleria baizik, garai bateko kolonizazio bat beraz.

    Ez naiz ni izango NATO defendatuko duena, ez dut uste eta aliantza militar bat ezeren erantzun izan daitekeenik. Modu berean baina, ondo baino hobeto ulertzen ditut sobietar batasuneko kide izan ziren eta egun demokratikoki berorengandik urrundu nahi duten estatuen, tartean Baltikoko estatuak, Polonia etab., jarrera egungo egoerarekin. Historiagatik edo, itsutasun ikutu bat dugu euskaldunok sarri Errusiarekin, eta gainbeheran dagoen inperio bat, eta baloreetan AEB-ak baino are okerragoa dena, besterik ez dela esango nuke.

    • AEB-ak santu ez dira “BAINA” Putinenak ez du izenik? Afganistan, Irak, Libia, Siria… eta beste hainbat.
      Baina Putinenak ez du izenik.
      Hori da hori moral bikoitza zurea. Lotsagarria.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen