Udazabalen XVI. edizioa eskaintza zabalarekin dator

0
1051

Guztira 9 ekitaldi programatu dira: Arrasate Musikal Big Band, Trapu Zaharra, Mondran&Roll, Manu Chao, ‘Kobr3’ Zirkozaurre, Arrasate Blues, Maite Sarralde, Korrontzi eta Led Silhouettes, ekainaren 30etik eta uztailaren 21era arte.

Gaur goizean aurkeztu da Monterronen Udazabalen XVI. edizioa. Aurkezpenean izan dira Maider Morras alkatea, Andoni Arratibel zinegotzia, Jon Garai Kultura teknikaria, Cristina Etxenausia Harreman ordezkaria eta Mundukideko Urri Urizar.

Urtero bezala, uztaila ikuskizunez beteko da: musika, antzerki, dantza eta zirkua ikusgai izango dira Arrasateko txokoetan, hainbat gizarte eragileren laguntzarekin. Guztira 9 ekitaldi, 7 ikuskizun eta 2 jaialdi, Mondran&Roll eta Arrasate Blues, programatu dira, ostiral honetan, ekainak 30, hasi eta uztailaren 21era arte.

XVI edizio hauetan zehar, Udazabalen hainbat gizarte-eragilek antolatutako ekimenak txertatu dira. Aurten, Mondran&Roll eta Arrasate Blues musika jaialdiak izango dira. Mondran&Roll jaialdia uztailaren 7an eta 8an ospatuko da Monterron parkean, eta uztailaren 9an, arratsaldeko 18:00etan Manu Chaoren kontzertua izango da. Arrasate Blues jaialdiaren kasuan uztailaren 13tik 16ra ospatuko da herriko hainbat txokoetan.

Aurtengo edizioari hasiera emateko, Arrasate Musikaleko Big Band taldeak kontzertua eskainiko du ostiral honetan, arratsaldeko 19:30ean, Monterron parkean. Berritasun gisa, aurten 16 dantzarik parte hartuko dute kontzertuan.

Asteartero, musika, dantza, zirku edo antzerki ikuskizun ezberdinez gozatu ahal izango da: uztailaren 4an, 20:00etan, Seber Altube Plazan, ‘Dale Ramón’, Trapu Zaharraren eskutik; uztailaren 11n, 20:00etan, Biteri Plazan ‘Kobr3’ Zirkozaurreren eskutik; eta uztailaren 18an, 20:00etan, Seber Altube Plazan, ‘Desªnuda’ Maite Sarralderen eskutik. Gainera, ostiralean, uztailak 21, arratsaldeko 20:00etan, Led Silhouettes dantza taldeak ‘Los Perros’ ikuskizuna aurkeztuko du Zaldibarko frontoian.

Aurreko urteetan bezala, ez da faltako Harreman eta Mundukideren jaialdi solidarioa. Aurten, bi GKEek Mozambiken martxan duten proiektuaren onerako izango da jaialdia. Aurten, arratsaldeko 19:30ean, Korrontzi taldea izango da Monterron parkean, Oinkari Dantza Taldearekin batera, eta Lagun Artean, Lore Gazteak, Txikitxu Arrostaiiz, Jaiki, Ttakun txalaparta eta Arrasateko Trikitixa Taldea ere arituko dira. Sarrerak Harreman eta Mundukideren webguneetan, Harreman bulegoetan eta jaialdiaren egunean leihatilan erosi ahal izango dira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen