Esku-hartzeei dagokienez, 269 arlo administratiboari loturikoak izan dira, 219 segurtasun arlokoak, 151 trafiko alorrekoak eta gainerakoak bestelako esku-hartzeak izan dira
Arrasateko Udalak Udaltzaingoak azken hiru-hilabetean, 2019ko urritik abendura bitarte, egindako esku-hartzeen berri eman du. Prentsa agerraldia Maria Ubarretxena alkateak eta Zigor Zandino Udaltzainburuak eskaini dute. Guztira 858 esku-hartze burutu dituzte udaltzainek hiru-hilabeteko epean.
Esku-hartzeei dagokienez, 269 arlo administratiboari loturikoak izan dira, 219 segurtasun arlokoak, 151 trafiko alorrekoak eta gainerakoak bestelako esku-hartzeak (epaitegiko eginbeharrak, herritarraren laguntzari dagozkionak, Ertzaintzarekin elkarlanean egindakoak…).
Salaketen kasuan, ondareari edo sozio-ekonomiari loturiko ebazpenak izan dira gehienak (41): lapurretak 4 eta kalte materialak 25, erasoa 1, droga trafikoagatik 3 eta alkohola eta drogak kontsumituta gidatzeagatik 8.
Ertzaintzarekin itxiko den kolaborazio akordioa, Arrasateko I Segurtasun Plana abian jartzea, edota Udaltzaingoaren plantila 6 lanpostu berrirekin osatzeko Lanpostu Eskaintza Publikoa gauzatzea dira taldearen helburuak hurrengo hilabeteetarako. Izan ere Arrasateko Udalak 6 udaltzain postu oposaketa-lehiaketa libre bidez hornitzeko deialdia burutu du. Otsailaren 5era bitarte eman daiteke izena bertan parte hartzeko. Karrerako funtzionario plazak dira. Hautaketa prozesuaren inguruko informazio guztia www.arrasate.eus web orrialdean kontsulta daiteke.
Gainera, lan ildo hau jarraituta Segurtasun Plan berri bat jarri nahi du abian Udal Gobernuak, izan ere, baliabideen kudeaketa eraginkorra burutzea eta kasu ezberdinei erantzun koordinatu eta berezitua ematea ezinbestekoa da. Segurtasun Planak erakunde ezberdinen koordinazioa hobetu nahi du eta baita herriko hainbat eragileekin aliantzak sortu. Horretarako, aurreratu dute, Segurtasun Plan berria herriko eragile ezberdinekin landu nahi dutela, hala nola, merkatariak, ikastetxeak, jubilatu elkarteak, etab, izan ere, esku-hartze komunitario bat abian jartzea izango da helburuetako bat.
Azkenik, herriko arazo ezberdinen aurka borrokatzeari begira, auzotarren elkarlanerako deia egin nahi izan dute arduradunek: ‘Udal polizien gorputzak bizilagunen segurtasunaren alde lanean jarraituko du, baina beste behin ere eskatzen dugu jende guztia adi egon dadila delituen aurrean. Arrasatearren laguntzarekin askoz hobeto egin ahal izango dugu gure lana “.