Udalak ezagutzera eman ditu 2021eko urri-abendu arteko Udaltzaingoaren esku-hartzeen datuak. Denera 1.037 izan ziren. Ez da oinezkoen harrapaketarik izan. Euriteen ondorioz, ingurumenarekin lotutako lanak ugaritu ziren.
Argazkia: Udala.
2021ean 4.295 esku-hartze egin zituen Udaltzaingoak guztira, eta horietatik 1.037 izan ziren azken hiruhilekoan (urri, azaro eta abenduan).
“Gehinak administratiboak izan dira (210)” alkateak azaldu duenez, “eta beste 144k segurtasunarekin zerikusia izan dute, 255 trafikoarekin eta 107 ingurumen gaiekin”.
Iazko azken hiru hilabeteetan Udaltzaingoak “10 pertsona atxilotu zituen: 2 urrian, 3 azaroan eta 5 abenduan”.
Covidari lotutako aktuazioek “nabarmen egin dute behera: uztailetik irailera 251 izan ziren eta urritik abendura 71”.
Udaltzainburuak, Zigor Andinok adierazi du “2021ean 2020an baino 304 esku-hartze gehiago izan direla”. Oro har, “ohiko jarduerak burutu ditugu, ez da gertaera berezirik izan segurtasunari dagokionez, baina bai babes zibilari dagokionez”:
“Azaro eta abenduko euriteen ondorioz, zuhaitz erorketak, luiziak, erreken kontrola, etxebizitza batzuek izandako arazoak,…”.
Zehazki, arazo horretan “Udaleko beste sail batzuekin koordinatzeko, bizilagunei egun horietan ohea aurkitzeko larrialdi egoera horretan”.
Segurtasun alorrean, “liskarrak handitu diren arren, gure lanaren %15era ez dira iristen, beste lan guztia asistentziala da. Esaterako, trafikoari lotuta lanak halako bi baino gehiago izan dira”.
Izan ere, “56 istripu izan dira, baina hildako barik, eta gehienak zauritu arinak edota zauri gabekoak. Gainera, ez da harrapaketarik izan”. Era berean, “trafikoko sorospenak 59 izan dira guztira”.
Arlo penalean, “63 salaketa bideratu dira, gehienak ondare ebazpen edo ebazpen sozio-ekonomikoen ondoriozkoak (58)”. Besteak beste, ustezko “17 ebazketengatik, 29 kalteak jabetza publikoan edo pribatuan eragiteagatik (fatxadak, leihoak, auto-ispiluak…), 9 iruzurragatik eta 3 lapurretagatik”.
Alkoholaren eta bestelako drogen eraginpean ustez gidatzeagatik “2 arau-hauste erregistratu dira, eta 2 pertsona inputatu dira”.
Oro har, 2021eko azken hiruhilabetean “10 pertsona atxilotu dira (2 urrian, 3 azaroan eta 5 abenduan). Lapurretak, drogarekin eta alkoholarekin lotutako ezbeharrak eta erasoak izan dira arrazoi nagusiak”.
Udaltzaingoak bestelako esku-hartze ugari ere egin ditu: “Herritarrei laguntzeko ekintzak, piboteak kendu eta jarri, informazioa zabaldu, kexak kudeatu, beste udaltzaingoekin eta poliziekin, Ertzaintzarekin lankidetzan aritu, baita beste administrazio askorekin ere (Osakidetza, Foru Aldundia, Ur Agentziarekin,…)”.
Covidari lotutako aktuazioek “nabarmen egin dute behera, horrek ez du esan nahi Covida igaro denik, legedi berriak daude, egoera berriak daude,… Ministerioek eskatu dizkiguten kontrol-lanak gutxitu dira”.
Adibidez “orain arte eguneroko estatistikak eskatu izan dizkigute, eta orain bat-batean ez dizkigute eskatzen. Hori da aktuazioek behera egitearen arrazoia. Aktuazio administratibo edo burokratikoak dira batez ere, ez kaleko lanak”.
Interneteko iruzurrei buruz galdetuta, Udaltzaingoak erantzun du “hedabideekin izan garenean, behin eta berriro errepikatu dugu, halako iruzurrak ugaritu dira asko”.
“Guk salaketak jasotzen ditugu, baina ikerketa Ertzaintzari dagokio, beste gai askotan bezala. Ikerketa behar duten gaiak Ertzaintzari dagozkio”.
Izan ere, “kasu batzuek ez dute erlazio zuzenik gure udalerriarekin, estatuarekin,… nazioarte mailan egiten baitira. Behin salaketa bat aztertu genuen eta Zipreko enpresa bat zen iruzurgilea, beste batean Senegaletik zetorren, beste behin Kolonbiatik,…”.
Aurreko asteko Osoko Bilkurak onartu zuen “Lankidetzako esparru akordioa Arrasateko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailaren artean”.
Horretaz Udalak adierazi du “eguneroko lanaren inguruko akordio bat egin dela, bakoitzaren eginbeharrak zehazteko eta nolabait koordinazioa hobetzeko, baliabideak efikazia handiagoz kudeatu ahal izateko”.
Aurten estatistikak jaitsi egingo direla apustu egiten dugu???
Kolektiboa motibaziorik gabe dago duela gutxi gertatutakoagatik, eta ekimen gutxiago egongo da lan egiteko.
Lan bikaina egin du Udaltzainburuak….