Udaletxe, Gongeta, Galarraren,… bisita gidatuak proposatzen ditu Udalak aste santurako

0
844

Bost ekitaldi eskaintzen ditu Arrasateko Udalak: Udala-Besaide ibilbidea (ipar martxa bidez), Gongetako meatzeak, Galarrako koba, Arrasate monumentala, Arrasateko Industria Ondarea eta Arrasateko udaletxea.

Arrasateko Udalak aurkeztu berri du aste santura begirako turismo eskaintza. Ekitaldi honetan Nerea Lazpiur teknikariak eta Amaia Ceciaga zinegotziak hartu dute parte.

Ekimenak helburu du “hemengo herritarrez gain, kanpotik turistak erakartzea, behintzat Erkidegoko turismoa, Covid-aren inguruko murrizketetan aldaketarik ez bada behintzat”.

Udalak antolatu egin du aste santuko jaiegun bakoitzerako ekitaldi bana, baita pasko asteko astebururako ere.

Udaletxera bisita gidatua:

“Hauxe da aurtengo berritasun nagusiena da”, eta bi egunetan izango dira. Apirilaren 3an (zapatua) lau bisita egingo dira: euskaraz 10:00etan, gazteleraz 10:45ean, euskaraz 11:30ean eta gazteleraz 12:15ean. Apirilaren 10ean beste horrenbeste egingo dira, ordutegi berberarekin.

Txanda bakoitzean gehienez 6 bisitari izan ahalko dira, gidariaz gain. Ugutz Basauri gidariak azalduko ditu “nola eraiki zen udaletxea, materiala nondik ekarri zen, bertako alkate ezberdinak eta bertako hainbat bitxikeria”.

Arrasateko monumentala eta gehiago…:

Bisita gidatu honek emango dio hasiera ostegun santuan (apirilaren 1ean) ekitaldi sortari. Bertan azalduko dira hemengo historiaren “pasarte inportanteenak historiaurretik aro berrira arte”.

Gainera “herriko hainbat bitxikeria” emango dira jakitera. Euskarazko bisita goizeko 10:30ean abiatuko da, eta gaztelerazko 12:30ean. Biak ala biak Herriko plazatik abiatuta, eta Ugutz Basaurik gidaturik.

Arrasateko industria ondarea:

Ostiral santuan eramango da aurrera bisita gidatu hau. Euskarazko bisita goizeko 10:30ean hasiko da, eta gaztelerazkoa 12:30ean. Biak ala biak Herriko plazatik hasita, eta Ugutz Basaurik zuzendurik.

Bisitak azalduko du “Industrializazioak hirigintza iraultza berria eragin zuela, eta horren adibideak ditugu Union Cerrajera, ELMA eta Etxetxikiak”.

Ipar martxa ibilbidea (nordic walking):

Udala auzoaren eta Besaideren artean egingo da, pazkoa asteko astelehenean. Hitzordua goizeko 10:00etan izango da, Udala auzoko goiko aparkalekuan.

Egoitek enpresak gidatuko du, hau da, Kiroletako Udal-zerbitzuak kudeatzen dituen enpresak. “Materiala ez duten parte-hartzaileei materiala utziko zaie. Ibiltzen hasi aurretik, 20 minututan nordic walking teknika azalduko da”.

Gehienez 12 pertsonak eman ahalko dute izena, eta bi azpitaldetan banatuko dira, azpitalde bakoitzean 6 lagun.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez “aukera paregabea da naturaz gozatu, kirola egin eta NW teknika aplikatzeko”. Aipatzekoa da egun hauetan ikastaro bat egiten ari dela Kiroletako Udal-zerbitzuen eskutik.

Galarrako koba:

Aste santuko domekan izango, apirilak 4, eta sei pertsonako taldeak izango dira. Izan ere, kontuan hartzekoak dira “leku itxi bat dela eta tarte batean lurretik ibili beharko dela”.

Bisita bi eskaintzen dira, bata euskaraz goizeko 9:00etan, eta bestea gazteleraz 11:00etan. Hitzordua Meatzerreka elkarteko parkingean izango da.

Bi bisitek erakutsiko dute “Udalatxeko bihotzaren barrualdea, ikuskizun natural hau ezagutuz”. Ugutz Basauri geologoak gidaturik. “Toki oso polita da”.

Horretarako, “beharrezkoa da norberak kaskoa (bizikletakoak balekoak dira), frontala eta eskuko linterna eramatea. Baita mendiko oinetakoak eta jantziak eramatea, tarte motz batean lurrean zehar ibiliko baikara”.

Gongetako meatzeak:

Ibilbidea hau pazkoa asteko domekan egingo da, martxoaren 11n. Hitzordua Udalako goiko parkingean izango da, goizeko 9:00etan. Ugutz Basauri geologoak “Udalatxeko karsta eta antzinako meatzaritza aztarnak” erakutsiko ditu, “baita bertako pertsonai historikoak, plaka,… ere”.

Meatze hauek aire librean daude, eta nolabait Besaideren eta Udalatxeko gailurraren artean kokaturik daude. “Euri asko egingo balu” alternatiba gisa “Galarrako kobako esperientzia eskainiko da”.

Antolatzaileek aholkatzen dute “ura, hamarretakoa, mendiko oinetakoak eta jantziak eramatea”.

Bisita hauen guztien izen-ematea zabalik da BAZen, 943 25 20 00 telefonoan eta arrasate.eus/ezagutu helbidean. Plaza guztiak bete hala izen-emateak itxiko dira. Plaza guztiak beteko ez balira, izena emateko azken eguna ekitaldi bakoitzaren aurreko eguna litzateke.

Arrasateko Udalak ere gomendatzen du herrian norbere kasara ibiltzea, hiru ibilbide proposatuz: Erdi Aroko ibilbidea, Arnasguneak (Monterron eta Santa Barbara) eta Industria ondarea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen