Udaleko enpresa batzordeak behin betiko konponbidea eskatu du Emakume Txokoarentzat

0
464

Arrasateko Udaleko enpresa batzordeak bere ikuspuntua azaldu nahi izan du Emakume Txokoak bizi duen egoeraren inguruan. Gaur goizean euren instalazioetan eman duten prentsaurrekoan izan dira Maite Barrena enpresa komiteko lehendakaria, David Fernandez de Gamarra ELA eta enpresa komiteko kide, eta Dorleta Kortazar LAB eta enpresa komiteko kide.

Prentsaurrekoaren hasieran Kortazarrek egoera honetara iritsi arte eman diren pausoen laburpena egin du. “2014 urtean Emakume Txokoan hainbat egoera larri bizi egin ziren: eraso pare bat, lapurretak, mehatxuak eraikinaren barruan. Egoera ikusita gaia aztertu zen, Prebentzio teknikaria, udaltzainburua, Gobernuko kideak eta bertako langileen artean egindako bilera batean. Bilera horretan adostu zen Emakume Txokoaren kokapena puntu beltz bat zela, eta erantzun bat eman behar ziola segurtasun aldetik. Orduko Gobernuak proiektu bat garatu zuen, aurrekontu bat onartu zuen, Emakume Txokoari sarrera segurua emateko”.

Kortazarrek azaltzen jarraitu duenez ”hauteskuneen ondoren, gobernuaren aldaketarekin proiektua bertan behera gelditu zen arrazoiak eman barik. Momentu horretan Emakume Txokorako beste kokapen batzuk bilatzen hasi ziren. Planteamendu desberdinak egon ziren mahai gainean: Uarkapen, Txaetan, Monterronen,… Batzuk arrazoi teknikoengatik, beste batzuek ez dietelako Emakume Txokoaren eta Berdintasun Sailaren beharrei erantzuten, hainbat proposamen ezeztatzen joan dira”.

2020ko otsailean Gelmako erainkinaren erabilgarritasuna Udalaren menpe zegoela ikusita “Berdintasun Sailetik proposatu zen Emakume Txokoa bertara eramateko aukera. Otsailean bertan bilera bat egin zen, eta Gobernuko hiru kidek parte hartu zuten, Saileko teknikariekin batera, eta aukera posible eta erreala moduan ikusi zen”.

Orduan, itxialdia heldu zen, eta itxialdian prentsaren bidez Lanbide Gelmara eramango zenaren albistea jaso zuten. “Berdintasun Sailetik honen inguruan galdetzen aritu dira, baina Udalak egoera luzatzen joan da, behin eta berriz bilera eskatu arren. Udal Gobernuak rodiloa pasatu du, eta euren proiektuak kontrastatu barik aurrera eraman ditu”. Irailean Berdintasun Sailak Hirigintzako Sailarekin bilera bat egin zuen proiektua ezagutzeko. Bileraren ostean, jakin izan zuen Berdintasun Sailak Lanbiderekin hitzarmena sinatuta zegoela, hain zuzen, abuztuaren 10ean.

Berdintasun Sailetik eskatzen dute proiektua berraztertzea. “Gelma eraikinak potentzial handia dauka, bai kokapen aldetik bai heradun aldetik. Ez bakarrik Berdintasun Sailetik, beste departamentu batzuek lokalen aldetik beharrak dituztelako. Ezin da baldintzatu eraikin oso bat erakunde batekin egindako hitzarmenak. Inondik inora ez dugu esaten Lanbide Gelmara joan behar ez duenik, Lanbidek ere bere zerbitzua emateko egoera eta leku duin bat behar duelako. Udala bere zerbitzua emateko zailtasunak badituenez, egoera aztertu behar da. Berdintasun Sailak eta Emakume Txokoak lan egiteko leku duin bat behar dute euren eginbeharrak aurrera eramateko”.

Azpimarratu nahi izan dute ere “Emakume Txokoak 17 urtetako ibilbidea duela, orain arte zerbitzu duin bat eman du, baina etorkizunera begira eman beharreko zerbitzuetarako motz gelditu da. Bestalde, kokapena ez da segurua hona datozen langileentzat eta erabiltzaileentzat”.

Enpresa batzordeak espero du “gu langileen ordezkari izanda, Udalak eskaera seriotasunez hartuko duela, Gelmako proiektua berraztertzea, eta irtenbide bat ematea momentu honetan Udalak eta zerbitzu ezberdinek dauzkaten eskaerei eta lokalen beharrei. Uste dugu proiektu guztiak bateragarriak direla”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen