‘Udalatx’ dokumentala (talde-lanean egina): “Mendi honek babes handiagoa merezi du”

0
677

Iban Ayesa eta Eñaut Iturbek zuzenduta, herritar ugarik parte hartu dute egitasmo honetan. Ikus-entzunezko lan honek Mendi Film Festival-eko Sail Ofizialera sailkatzea lortu du, Besaide elkarteak aurkeztuta.

Mendiko argazkiak: Iban Ayesa eta Aitor Zubiaga.

Egitasmo honen jatorria azaldu digu Iban Ayesa Azkoagak, ikus-entzunezkoetan profesional eta naturazale. Ildo honetan, bere zaletasunaren inguruko bideoen kanala ikusgai eta gozagai dago.

Ibanek azaldu digu egitasmo kolektiboa izan dela ‘Udalatx, Ura eta Atxa’ eta egitasmoa abiatu aurretik “nik baneukan Udalatxen inguruko dokumental bat egiteko asmoa”.

“Halaxe komentatu nion Aitor Zubiagari (Besaide elkarteko lehendakari ohia eta ondoren juntakide) nire koadrillakoa izanda, eta berak komentatu zidan Besaide elkarteak ere gauza bera egin asmo zuela”.

“Bilera batean elkartu ginen”, eta elkarrekin jardutea erabaki ostean, egitasmo amankomuna duela bi urte inguru abiatu zuten. “Nire jatorrizko gidoitik gauza batzuk aprobetxatu ziren baina oro har gidoia ia osorik aldatu zen”.

Eñaut Iturbek, Besaide elkarteko lehendakari ohiak, dokumentalerako “eskaleta orokor bat egin zuen, eta Oihan Zubizarretarekin hitz egin zuen, lehen pertsonan kontakizuna garatu zezan”.

Izan ere, dokumentaleko gidoiaren “haria lehen pertsonan kontatuta dago, hau da, nolabait Udalatxek bere historia kontatzen du”. Ahotsa Miren Gaztañagak jarria du.

Ondoren, dokurako musikari heldu zioten, eta horretarako Peru Altube eta Xabi Agirrezabalarekin harremanetan jarri ziren.

Azpimarratzekoa da “musika espreski dokumental honetarako egina dagoela. Iruñeko estudio batean beste hainbat musikariren parte-hartzearekin ere grabatu zuten”.

Iban Ayesak azpimarratu du dokumental hau “talde lan bat izan dela, egitasmoan Eñaut eta biok ibili gara gehien, berak produkzio lanetan batik bat (baliabideak lortzen, parte-hartzaileekin harremanetan jartzen, elkarrizketatuekin hitz egiten,…)”.
Ibanek “grabazioak burutu ditut, dokumentalaren edizioa eta errealizazioa egin ditut,… baina lagun gehiagok ere parte hartu dute, adibidez dron-arekin”:

“Lau pertsona ibili dira horretan, eta batez ere Julen Elorzaren papera oso garrantzitsua izan da. Berak dronarekin esperientzia handia dauka, eta irudi oso ikusgarriak lortu ditu”.

“Julenek ere hainbat gauzatan lagundu, bideratu gaitu, eta laguntza handia eman dit”, baloratu du Ibanek. “Gainera grafismoa garatu du”.

“Rafa Portelek ere dronarekin irudi potenteak lortu ditu, baita Oskar Iglesiasek ere, eta guk gure artxiboko beste lan batzuetako zenbait irudi jarri ditugu”.

Dokumentaleko elkarrizketatuek elkarrizketei erantzuteko “euren prestutasun osoa erakutsi digute eta erraztasun handiak eman dizkigute, trukean ezer eskatu barik”. Elkarrizketatuak izan dira:

Naiara Corcuera, Mikel Velasco, Ekaitz Aranburuzabala, Martin Arriolabengoa, Ugutz Basauri, Markel Arriolabengoa, Anabel Ugalde, Alvaro Arrizabalaga eta Asier Hilario.

Gainera, “Besaide elkarteko hainbat lagunek tripodeak garraiatzen, 4x4an garraiatzen, eta abar lagundu gaituzte”.

“Beraz, taldelan bat izan da, eta Eñaut eta biok batez ere buruak izan garen arren, talde sendo baten emaitza da dokumental hau. Gozada bat izan da lan egitea”.

Udalatx Arrasateko ikurretako bat da “kooperatibak, alde zaharra,… ere badira, baina ikur naturala Udalatx da. Hala ere, babesik gabe dago gaur egun”.

“Arrasateko Udalak babes maila bat emana dio, baina babes mugatua da. Dokumentalaren asmoa da bertako egoera jakitera ematea, eta baliteke Udalatxek babes handiagoa merezitzea”.

Aurreko asteazkenean dokuaren inguruko prentsaurrekoa egin zuten Olatz Igartua Besaide elkarteko lehendakariak, Eñautek eta Ibanek [goiko argazkian].

Dokumental honek Mendi Film Festival-eko Sail Ofizialera sailkatzea lortu du, eta Bilboko jaialdi honetan estreinatuko da abenduaren 16an (zapatua) eguerdiko 12:00etan Euskalduna jauregian.

Egun berean, arratsaldeko 18:00etan, Amaia Udal antzokian estreinaldia izango da, euskaraz, eta bigarren proiekzioan, 19:00etan, euskaraz gaztelerazko azpitituluekin eskainiko da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen