Udalatx mendiaren inguruko ikus-entzunezkoa egiten hasia da elkartea. Gainera, aurten, mendi-irteerez gain, Formigalerako irteerak ere gauzatzea espero du. Zuzendaritzak Batzar Orokorraren onarpenak jaso ditu.
Beheko kartela: Besaide / Goiko argazkia: MB artxiboa.
Besaide Mendizale Elkarteak atzo arratsaldean egin zuen 2022ko Ohiko Batzar Orokorra Kulturaten.
Batzarra ondo bidean gauzatu zen, eta Zuzendaritzak bertan aurkeztutako proposamenak onartu zituzten bertaratutako bazkideek.

Ekitaldiaren lehen zatian Zuzendaritzak 2021eko jarduera laburbildu eta baloratu zuen. Ostean, 2022rako proposatutako ekintzak eta aurrekontua azaldu zituen. Adibidez, AibA mendi-martxa urriaren hasieran egingo da.
Ekainean egin izan da, baina Zuzendaritzak Batzarrean azaldu zuen Anboto inguruko basozainak azaldu egin diola garai hori Anbotoko sai zuriarentzat bereziki sentikorra dela. Zuzendaritzak hori kontuan hartuta, eta irailean asteburu librerik ez dagoela ikusirik, AibA urriaren hasieran egitea erabaki du.
“Zuzendaritzak printzipioz urtearen hasieran egitaraua normaltasun batean planteatu dugu baina, pandemia batean gaudenez, egitaraua pandemiaren arabera egokitzen gabiltza”, azaldu du elkarteko lehendakaria Eñaut Iturbek.
Esate baterako, “urtarrilaren 23an egindako mendi-irteera, aurreikusten zen Lokizera egitea, baina pandemiaren ondorioz azkenean Lekeitiora egin zen”.

Halaber, “hasiera batean planteatu genituen mendi-irteera batzuetan sagardotegira ere joatea, baina erabaki dugu mendi-irteerak mantendu eta sagardotegietara ez joatea, osasun testuingurua egokituta”.
Eski-irteerei dagokienez, “badirudi, iaz ez bezala, aurten gauzatu ahalko ditugula. Beraz, oraingoz behintzat, Formigalerako eski-irteerak egingo dira”.
Iaz, “guk planteatu genuen, eski-irteerak gauzatzerik ez bazegoen, Udalatxen inguruko dokumental bat egitea, eta ondorioz hasiak gara dokumental hori egiten. 2022an horretan jarraituko dugu eta espero dugu urte bukaeran dokumentala amaitzea”.
Dokumentalaren helburua da Udaletxen “Arrasaten dugun altxor honen ondasun naturalei, historikoei,… behar bezalako garrantzia ematea”.
Ohiko Batzarrak onartu zuen 2023ra begira kuotak bere horretan mantentzea. Zuzendaritzan ez zen aldaketarik izan, egungo Juntak 3 urte daramatzalako, eta Zuzendaritzaren iraupena 4 urtekoa delako.

