Arrasateko Udalari iruzur egiten saiatutako taldeko kide bat, estatutik kanporatua izatera zigortu dute

0
2714

35 kide inguruko talde kriminal bat, Auzo Lagunen izena aprobetxatuz, Arrasateko Udalari iruzur egiten saiatu zen. Kide horietako bat epaitu du estatuko Entzutegi Nazionalak, eta zigorraren parte bat 4 urteko kartzela zigorra da.

Talde kriminalak 2016ko amaieratik 2018ko hasiera arte jardun zuen han-hemenka, iruzurrak gauzatzen edota saiakerak egiten.

Taldeak 35 gizon-emakume inguru zituen, eta instituzio publikoei nahiz partikularrei iruzur egiten saiatu zen, eta hainbat kasutan bere helburua lortu zuen.

Horretarako “dokumentu faltsuak” erabiltzen zituzten, baita “phishing bankarioa” bezalako teknikak ere. Adibidez, Arrasateko Udalari iruzur egiten saiatu ziren, sententziak jasotzen duenez:

“Arrasateko Udalak Auzo Lagun enpresari ordaindu behar zizkion fakturak talde kriminalak kobra zitzan, taldekideetako batek, identitate faltsu bat erabiliz, eta bere burua Auzo Laguneko ordezkari bezala aurkeztuz, Arrasateko Udalari deitu egin zion”.

“Esan zionez, Udalak Auzo Laguni fakturak kontu korronte berri batean ordaindu behar zizkion. Udalak taldekideari erantzun zion eskaera hori posta elektroniko bidez egin zezala”.

Talde kriminalak Udalari email bat bidali zion “helbide elektroniko faltsu batetik, Auzo Lagunen eta Bankiaren zigilu faltsu bana helaraziz, baina biak ala biak ez ziren” kooperatibarena eta banketxearena.

“Talde kriminalak ez zuen fakturen dirua lortu, izan ere, Udaleko langileei telefono deia susmagarria egin zitzaien, eta Auzo Lagunekin harremanetan jarri ziren”.

Arrasateko kooperatibak argitu zien “berak ez ziela telefonoz deitu, ezta kontu korronte zenbakiaren aldaketa eskatu ere”.

Beste hainbat erakunde publikok ere iruzurra sufritu edota saiakera jasan zuten, besteak beste, “Zarauzko Udala, Bilboko Udala, Nafarroako Osasun Zerbitzua, Castelldefells-eko Udala, Compostelako Udala, Gandía-ko Udala,…”.

Talde kriminalak lortutako dirua “batez ere Errumania, Alemania, Hungaria, Italia eta Poloniako kontu korronteetara desbideratzen zuen”.

Espainiar estatuko Auzitegi Nazionalak 2020ko martxoan frogatutzat eman zuen auzipetuek “talde kriminal bateko partaide zirela, agiriak faltsutu zituztela eta iruzurrak egin zituztela”.

Ondorioz, hainbat kartzela zigor eta isun ezarri zizkien. 2021eko apirilean Auzitegi Gorenak epaia berretsi egin du.
Ildo honetan, aurten, 2023ko uztailean, talde kriminal horretako kide baten inguruko epaia jakinarazi du Entzutegi Nazionalak.

Epaiak frogatutzat eman du akusatua talde kriminal bateko kide zela eta iruzur egiten ibili zela. Denera 4 urteko kartzela zigorra ezarri dio, eta hainbat entitateri kalte-ordainak ordaindu beharra.

Entitate hauen artean ez daude Arrasateko Udala eta Ausolan kooperatiba. Epaiak zigorren zati bat ordezkatu du iruzurgilea estatu espainiarretik kanpo 10 urte egoteagatik.

Auzipetuak akusazioak onartu egin ditu, eta ondorioz epaia irmoa da, hots, epaiari ezin zaio helegiterik aurkeztu.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen