Udalaren 2026ko ordenantza fiskalen aurka egin dute EAJk eta PSE-EEk

0
1808
Plenoko frame-ak: Arrasateko Udala

Atzo onartu ziren behin-behinean 2026ko ordenantza fiskalak plenoan eta EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten. Udalaren politika fiskala kritikatu zuen EAJk: “Ezin dira zergak modu orokorrean igo 16 milioirekin bankuan”. PSE-EEk berriz, herritarrak “zabor-tasagatik legokiokeenaren bikoitza baino gehiago ordaintzen ari direla” salatu zuen.

EAJ-PNVk atzoko Udalbatzan onartutako Ordenantza Fiskalen aurka bozkatu du, EH Bilduren Gobernuaren eta Elkarrekin Arrasateren proposamenak politika fiskal “bidegabea eta udalerriko benetako egoera ekonomikotik urrun” dagoela iritzita. Besteak beste, kiroldegiko tasak ez igotzea, zaborren tasa benetako kostura doitzea, eta egungo hobariak mantentzea eskatu du talde jeltzaleak.

“Hirugarren urtez jarraian, Udal Gobernuak zergen igoera orokorra proposatzen du, Arrasateko egoera ekonomikoa kontuan hartu gabe, 16 milioi eurotik gorako gerakina izanik”, salatu du Ander Garay bozeramaile jeltzaleak.

Era berean, Udalak igoera orokorrak planteatzeaeren aurka ere azaldu dira, hori “justifikatuko dituen oinarri sendorik gabe”: “Zer datutan oinarritzen da Udal Gobernua arrasatearrei Udalak berak bere gain hartzen duen igoera bikoizten duen igoera aplikatzeko?”, zalantzan jarri du Garayk. Horrekin batera, Udalak etorkizuneko gastuei buruz emandako azalpenak baztertu ditu EAJk: “etorkizunean tasak % 30 baino gehiago igo beharko direla esan duzue. Ez gatoz bat baieztapen horrekin. Prezioei buruz hitz egin aurretik, Arrasatek kirol instalazio duinak behar ditu. Ezin da tasak igotzeaz hitz egin kiroldegi berri bat ere ez daukagunean”, azpimarratu du bozeramaile jeltzaleak.

Bestetik, familia batzuek “orain arte baino hobari gutxiago” jasoko dituztela ere kritikatu dute jeltzaleek tasa berrien irizpide progresiboen aitzakiarekin: “Familia batzuek orain arte baino hobari gutxiago jasoko dute, adibidez, kiroldegiko kuotetan, urtean 30.000 €-ko diru-sarrera gordinak dituzten 4 pertsonako familia batek, lehen 91,75 € ordaintzen zuten urteko abonua, eta taula progresibo berriarekin, orain 183,51 € ordainduko dituzte, % 200eko igoera”.

Tasa “justifikatuta dagoela” dio Udal gobernuak

“Udal gobernura heldu giñenetik %10,25 igo dugu ura. Baina hiru urte horietan, ur kontzortzioak, %27,93 igo du ura. Beraz, zerbitzuaren bideragarritasun ekonomikoaren ikuspuntutik bergiratuta bakarrik, tasa guztiz justifikatuta dago” zioen Joseba Ezpeleta, 0gasun Zinegotziak. Ezpeletak esandakoarekin jarraituz, uraren inguruko beste gastu guztiak, Udaletxeak bere gain hartzen dituela gehitu zuen Kepa Urteaga zinegotziak; adibidez, ur kontagailuen aldaketa.

Hobari sistema berriari dagokionez, hasiera batean hiru tribututan aplikatuko dela adierazi zuen Ezpeletak: “esperientziak erakutsiko digu zer emaitza ematen duen. Gure borondatea ahalik eta tributu gehienetara zabaltzea da. Ezin dugu sistemak aplikatuko den esparruetan izango duen eragina gutxietsi, 2025era arte eman diren hobarien bikoitza baino gehiago banatuko ditugu sistema berriarekin. Gainera, jasotzaileen artean, gutxien dutenak jasoko dute gehien”.

Zabor-tasan “gainkostua” kritikatu dute PSE-EEk eta EAJk

Bestetik, “Oñatin eta Antzuolan ezarritako atez ateko bilketa sistemarekin, herritarrek zabor-tasagatik legokiokeenaren bikoitza baino gehiago ordaintzen ari direla” salatu zuen PSE-EEk. Horregatik, EH Bilduri eskatu diote “udal zaborraren tasaren errealitatea herritarrei jakinaraztea”. Izan ere, gaur gaurkoz, Debagoieneko Mankomunitateak osatzen dituen udalerri guztietatik, Oñati eta Antzuolan darabilte atez ateko sistema. Gainerakoek edukiontzien bidezko bilketa mantentzen dute.

“Udalerri bakoitzak berea ordainduko balu, Antzuolak eta Oñatik Zaborren Mankomunitatea osatzen dugun udalerriek ordaintzen dugun kostu osoaren % 50 baino gehiago hartuko lukete beren gain. Zergatik hartu behar dugu gure gain Mankomunitateko gainerako udalerriek ez dagokigun gainkostua zabor-tasan?” argudiatu du Aritz Muruak, talde solialistaren bozeramaileak.

Horregatik, PSEE-EEk udalari “gardena izatea eta gastuen datu errealak publiko egitea” eskatu dio: “edukiontzien bidezko bilketaren tasa 49 eurokoa dela herritar bakoitzeko, eta atez ateko sistemarena, berriz, 109 eurokoa, Sistema hori EH Bilduren inposaketa izan da, herritarren
babesik ez duena eta herritarren poltsikoari kalte zuzena egiten diona” zioen Muruak.

Azkenik, arrasatearren interesak Mankomunitatean defendatzeko eskatu zion talde sozialistak udalari: “Arrasateko bizilagunok, bere garaian, sinadurekin eta adierazpenekin erakutsi genuen ez geundela ados herritarren intimitatearen sistema zikin eta inbaditzaile horrekin, eta egiaztatzen jarraitzen dugu edukiontzien sistema baino askoz garestiagoa dela. Arrasatearrok EH-Bilduren paganoak ez izatea exijitzen dugu”.

EAJk ere, zaborren tasa benetako kostuari egokitzea eskatu zion Udal Gobernuari, arazoi beragatik:”Gaur-gaurkoz, arrasatearrak dagokiguna baino ia % 20 gehiago ordaintzen ari gara, sistema garestiagoen kostua jasanarazten zaigulako, hala nola beste udalerri batzuetako atez atekoa”, azaldu du Garayk.

Mankomunitateak “ez ditu datu horiek”

Era berean, Debagoieneko Mankomunitatean datuak lortzeko mahai tekniko bat sortu dela erantzun zion Joseba Ezpeleta Ogasun Zizegotziak: “Mankomunitateak ez ditu datu horiek eta ez dakit nondik atera dituzuen. Datu horiek lortzeko lanean ari gara eta datuak ditugunean Mankomunitatean eztabaidatuko dugu hori”.

.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen