Udalak hainbat obra egin ditu 2020an, egiten dabil eta egingo ditu 2021ean

8
3029

(Publirreportajea) 2020 honetan, Arrasateko mapa definituko duten hainbat proiektu amaitu ditu Udalak. Hori gutxi balitz, beste obra asko egiten hasi da han eta hemen, aisialdirako, kulturarako eta abarretarako espazio berriak eskaintzeko, eta gainera, auzoen irisgarritasuna hobetuko da.

Santa Barbarako ur-parkea

Uda honetan, uztailean hain zuzen zabaldu zen Arrasateko ur-parkea, gehienez 75 haurrentzako edukierarekin. Guztira 21 ur-jolas ditu, adin ezberdinentzat diseinatuak.

Esparru berri honek 300 metro koadroko azalera dauka, eta bi gunetan banaturik dago: 5-9 urteko haurrentzat eta 9-12 urtekoentzat. Espazio horietako bakoitzak lurrean botoi bat sakatzen du, haurrek oinarekin eragin diezaioten eta, horrela, ur-zurrustak aktibatu dituzte, eskariaren arabera, bertan gozatuz.

Udalak 391.041,70 euro ordaindu ditu udako izarra izan den ur-instalazio honetan. Udako egun beroentzako egokia da: jolasak, ura eta bost piknik-mahai dituen atsedenlekua, hain zuzen, jolasen ostean indarberritzeko.

Galizia kaleko igogailuak

Asmatu ingeniaritza enpresak Galizia kaleko igogailu publikoaren proiektua idazteko enkargua jasoa du. Udalak 27.600 euro (BEZik gabe) ordainduko ditu lan horrengatik, eta 2021eko uztailean amaituta egon beharko du. Ondoren, igogailua eraikitzeko obra lehiaketara irekiko da.

Udalak adierazi duenez, “proiektu honek genero-ikuspegia txertatuko du segurtasunaren oinarri gisa, eta eragin zuzena izango du Santa Teresako bizilagunen mugikortasunean, onerako, oinezkoen mugimenduak sustatuz eta autoen erabilera gutxituz”.

Araba etorbidearen berrurbanizazioa

Obra honek luzeagoa egin du Arrasateko bidegorri sarea, eta obrak baliatuz, Maiatzaren Lehena plazan ere beste bidegorri zati bat egin du Udalak. Araba etorbideko bidegorriak Zerrajera kalekoarekin elkartzen da errepide zati batekin, Etxaluze eraikinaren ondoan. Gainera, espaloi zabalagoak egin dira, aparkalekuak ugaritu dira,… Horrela, Udalak kale atseginagoa, iraunkorragoa, txukunagoa,… gauzatu du.

Kulturola

Arrasateko Udalak 1.100.000 euroko diru-ekarpena lortu du Kulturola egitasmoa garatzeko Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Zehazki, 900.000 eurorekin lagunduko du ekimena Foru Aldundiak 2 urtetan banatuta (550.000 euro 2020an eta 350.000 euro 2021ean), eta 200.000 eurorekin Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hiru urtetan zehar.

Gero eta gutxiago falta da Kulturolako obrak amaitzeko. Aurrekontua 6.150.000 eurokoa da eta zaharberritze lanak Construcciones Moyua, S.L. enpresak burutzen dihardu, obra esleipen-lehiaketan puntuaketa altuena zuen proposamena izan ostean.

Juan Azarmendi Musika Etxea

2020ko apirilean Udalak Lurgoienekin zuen obra-kontratua bertan behera utzi zuen, eraikitzaileak ezin zuelako esleitutako proiektua burutu. Berehala, obra berriz martxan jartzeko administrazio-izapideak hasi zituen udalak, eta lehiaketa publiko bidez lizitaziora atera zuen egin gabe geratu zen obraren zatiaren idazketa.

Udalak Juan Azarmendi Musika Etxearen (Aprendices) obra gauzatzeko Lurgoien, S.A.U. enpresak jarritako abala lortu du, 239.776,54 eurokoa. Zenbateko hori etendako obra, proiektuari berrekitea eta obra geldirik egon den bitartean eraikinaren segurtasun-neurriak finantzatzeko erabiliko da.
Udalak adierazi duenez, lehiaketara 3 eraikuntza-enpresa aurkeztu dira. Behin lana esleituta, enpresa esleipendunak 2 hilabeteko epea izango du amaitzeko dauden obrak zehazteko.

Zeregin horrek 54.964,25 euroko aurrekontua du, BEZik gabe, eta Lurgoiengo abalaren kontura ordainduko da; “beraz, oraingoz ez da kosturik ordaindu”, adierazi du Udalak.

Ekobulebarra eta ur-parkea

Arrasateko Ekoboulevardeko lanak aurreikusitakoa baino lehenago iritsi dira. Abenduko zubiaren ondoren hastea aurreikusita bazegoen ere, proiektuaren esleipendunak, Construcciones Moyuak, hilabete honetan ekin die lanei. Lanek 16 hilabete iraungo dute, 1’72 milioi euroko aurrekontua dute, BEZ barik, eta fase batzuetan gauzatuko dira.

Ur-parkeaz gain, Maiatzak 1 plaza eta Maalako biribilgunea lotuko dituen bidegorria egingo da; Garibaiko paradak eraldatuko dira, motor eta bizikletentzako aparkalekuak egingo dira, eta taxien geltokia berregokituko da; gainera, Biteri eta Maalako biribilgunearen arteko zatia oinezkoentzat eta bidegorrientzat izango da soilik.

Villa Amparon proiektatutako ur-parkeak bi gune izango ditu: bata haurrentzat, ur-zirkuitu batekin, eta bestea gazteentzat, 18 ur-jolas baino gehiagorekin. Udalaren helburua ur-parke berria 2021eko ekainerako prest izatea da.

Zaldusperen berritzea

Zalduspe eremuaren berrantolaketa, ospitalearen inguruan, ez da sei urte baino lehenago egingo. 2024ra arte itxaron beharko da industrialde zaharkitu hori teknologiarekin edo osasunarekin lotutako jarduera ekonomiko zurientzat egokia den eremu moderno bihurtzen ikusteko.

Zalduspe berrantolatzeko proiektua Asmatu ingeniaritzak idatzi du, eta “Kulturola amaitu ondoren” gurutzaontziko abiadura hartuko du. Alde honetatik, Ibon Arrupe Hirigintza zinegotziak adierazia du 2022rako amaitzekoak direla Cerrajerako erlojuaren eraikina herriko kultur elkarteen egoitza bihurtuko duten lanak.

Erguingo Igogailuak

Lau igogailu osatutako igogailu publikoen sistema batek Erguin auzo aldapatsuan dauden mugikortasun arazoak konponduko ditu. Lehenbizikoa aurten eraiki da. Auzoko bi mila bizilagunei malda eta eskailera gogaikarriak aurreztuko dizkie.

Erguingo igogailu sistema Asmatu ingeniaritza donostiarraren proiektua da, eta beste hiru igogailuak egiteko obrak martxan dira.

2021erako egitasmo gehiago:

Adibidez, Garagartza auzoan amiantodun hodiak aldatzeko 150.000 euroko partida aurreikusten du Udalak.

Obenerreka kaleko frontoian Parcour gune bat egingo duela iragarri du Udalak, eta hartara 120.000 euroko partida bideratuko du.

Dependentzia baxua duten pertsonentzat eguneko zentro bat egingo da, Garibai 1 zenbakiko lokalean, hartara 50.000 € bideratuz.

Hezkuntzari dagokionez, Erguin Herri Eskolako komunak berrituko dira, lan horietara 190.000 € zuzenduz.

Udalak zuntz optikoaren zabalkundea sustatuko du, erdigunean nahiz landa-eremuan. Teknologia hau erdialdean jartzeko proiektua egiteko 20.000 euroko partida sortuko du, eta baserrietara bideratzeko Aldundiaren bitartez burutzekoa da.

Leintzibar kalean bidegorria egiteko proiektua egiteko 15.000 euroko partida bat hobetsi da, Araba etorbideko eta Arrasate pasealekuko bidegorriak lotzeko.

8 IRUZKIN

  1. “Udalak 391.041,70 euro ordaindu ditu udako izarra izan den ur-instalazio honetan”. Udako IZARRA izan da buruan obrak eta porlana bakarrik duzuonontzako, guztion poltsikotik gastatutakoa, noski. Niri eskandalu bat iruditu zitzaidan bai gastatutako dirutza eta baita Ur parkeko zalaparta eta joku sinplea. Apocalipse Now pelikulan balirian, mutil indartsuenak txorroa hartu eta gainontzekoei buzti eta ulu egitea, alegia.

    Non daude betiko udaleku hezitzaileak? Nola liteke Udalak ur parke horretara bideratzen duen urteko aurrekontua ia 1000 umeri eskaintzen zaion Eskola Kirola baino handiagoa izatea? Zelako sinpleak garen!

  2. Zergatik ez dago benetako argazkirik EkoBulebarrarena? non dago edo egon da proiektua ikusgai? Udaletxe honek ez du ba esaten ba horren parte hartzailea dela? zuhaitzak nola botatzen dituzten ikusteaz bat joango gara ideia bat egiten nola geratuko den zona hori? eta gero bertan ere ipiniko dituzten ur txorroten koloreak aukeratzen utziko dizkiete umeei parte hartzea egon dela esateko?

    • Aupa Jaime. Galdera bikaina benetan. Argazkia ez dute jartzen zerbait izkutatzeko dutelako, noski, Villa Amparoko zuhaitzekin egin duten bezalaxe. Ur parkea aitzaki merke bat besterik ez dela ematen du. Horren atzean beraien Ekobulebarra egitea da bai ala bai, bizilagunak kontuan hartu gabe oraingo honetan ere. Ur parkea bizilagunontzako opari bat bezala saldu nahi digute (a ze oparia…) baina gero Etxetxikiak, Deba etorbidea, EH plaza eta Martxoaren 8 trafikoz ito nahi dute, Gipuzkoa etorbidea trafikorako itxiz eta titularrez arrasatearrentzako onuragarria den neurria hartu dutela harro esanez. Propaganda merkea marionetak kontsideratzen dituzten bizilagunentzat…

      Oso tristea da nola engainatzen gaituzten eta nola batzuk pribilegiatu nahi dituzten beste batzuen kaltetuaz. Lotsagarria

  3. Jaime zurekin bat nator. Lotsagarria gobernu honek gure diruarekin dabilen despilfarroa, lehen beharretako proiektuetan edo gaietan zentratu beharrean, Marina d´Or- Ciudad de Vacaciones bihurtzen herri politx hau. EHan 40º egingo balu bezala udako egun guztietan…

  4. Azken aldian ateratzen ari diren publireportaje hauek guztiak, “autobonboa” deitu izan direnak, nire ustez bi efektu egiten dituzte: bata da mondraberriri ekarpen ekonomikoa egitea (suposatzen dut udalak ordaintzen dituela) eta ondo deritzot; eta bestea, udalak egiten duena edo egin nahi duena edo dena delakoa herritarrei bostehun aldiz gogoratu araztea, herritarrak usai eskasa hartu artean, horretarako beharra baldin badu… zerbait egongo da faltan.

  5. Inbertitu liteke mendekotasunen munduak adinekoen pertsonei eta beraien familiei dakarzkien arazoetan eta ondorio kolateraletan.
    Soilik prebentzioan inbertitzen dute, udalaren eskuduntza ez dela esanez.
    Borondate falta dago.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen