Legarra plazako obrak bihar hasiko dira eta abuztuaren 5era arte iraungo du, eta Uribe auzoan abuztuaren 1etik 15era. 2.306 arrasatearrek parkeen diseinuak aukeratu zituzten martxoan, partaidetza-prozesu batean: “Erdi Aroko hiria”, 364 botorekin Legarra plazarako eta “kaleidoskopioa”, Uribe auzorako 352 botorekin.
Testua: Arrasateko Udala.
Udalak parte hartze prozesu bat jarri zuen martxan martxo hasieran Uribe auzoko eta Legarra plazako parkeen diseinu berria aukeratzeko eta 2.306 arrasatearrek euren diseinu gogokoenak aukeratu zituzten: “Erdi Aroko hiria”, 364 botorekin Legarra plazarako eta “kaleidoskopioa”, 352 botorekin Uribe auzorako. Guztira 27 diseinu zeuden aukeran.
Herritarren parte-hartzeaz gain, Udalak, Herri Eskolak eta Arizmendi Ikastolak batera bultzatu zuten txikienei egokitutako partaidetza-dinamika, Arrasateko Haurren Kontseiluak eskatuta, herriko haurren parte-hartzea bermatuz.
Herritarrek aukeratutako parkeak honako egunetan jarriko dira: Legarra plazan, bihar, uztailaren 21etik abuztuaren 5era bitartean eta Uribe auzoan abuztuaren 1etik 15era bitartean.
Udalak instalazio horiek berrituko ditu 120.000 euroko partidarekin, 2022ko udal aurrekontuan jasoa: 40.000 euro Uribe parkerako eta 80.000 euro Legarra plazarako.
Bi parkeek 15 urte baino gehiago dituzte. Uribeko parkeak 375 metro karratu ditu eta Legarrakoak 745.
