Udalak Next Generation-etik milioi 1 € lortu ditu, 3 mugikortasun obretarako

0
463

Udalak adierazi duenez, funtsak “Ekobulebarreko, bidegorrirako eta Santa Teresako igogailuen obren zati bat ordaintzeko erabiliko lirateke”.

Udala irailean aurkeztu zen Hiriko Garraioaren Behe Emisio Guneak eta Eraldaketa Digital eta Iraunkorra ezartzeko Udalerriei Laguntzeko Programaren deialdi honetara.

Arrasateko Udalak ia milioi 1 euro eskatu zituen “Ekobulebarreko”, Araba Etorbidea- Foruen Plaza bidegorriko eta Santa Teresako etorkizuneko igogailuetako obren zati bat ordaintzeko.

Deialdi hau kokatzen da Europako Batzordearen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Orain gutxi espainiar estatuko BOEk Next Generation funtsen jaulkipen-baxuko deialdiko laguntzak emateko prozeduran onartutako eskabideen behin betiko zerrenda argitaratu du.

Proiektu horien helburua “oinezkoak eta bizikleten erabilera sustatzea da, ibilgailu pribatuaren erabilera gutxituz, udalerriko CO2 emisioak murrizteko helburuarekin”.

Proiektuek denera 4.233.020 euroko kostua dute, eta eskaera 993.285 eurokoa izan da. Honela banatzen dira funtsak:

  • “Ekobularrerako” 743.285 euro
  • Araba etorbidea – Foruen Plaza bidegorrirako 50.000 euro
  • Santa Teresako igogailuen obretarako 200.000 euro

Europako funtsak lortu dituen 5 udalerrietako bat da Arrasate, Getxorekin, Hernanirekin, Eibarrekin eta Donostiarekin batera.

Maria Ubarretxenak nabarmendu du erabaki “ezin hobea” dela udalerriarentzat: “Arrasaten azken urteotan egiten ari garen tokiko berroneratze eta mugikortasun politika aktiboen aldeko bultzada da. Arrasatek proiektua dauka eta Europak baliozkotu egin du”. Arrasate jasangarriagoa, berdeagoa eta klima-erronkari erantzuten diona eratzen “jarraitzen dugu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen