“Udalak konpondu ez zuenez, nik konpondu behar izan nuen zebra-bideko irisgarritasuna”

3
3420

Arrasatear bat, Aspaceko gurpildun aulkian doan lagun bat paseatzean, ohartu zen Nafarroa etorbideko zebra-bide batean irisgarritasun arazoak zeudela. “Bi kexa aurkeztu nizkion Udalari, baina berak hilabeteetan konpondu ez zuenez, nik morteroa eta ura hartu nituen, eta konpondu nuen”.

Nafarroa etorbideko argazkiak: Jose Mari Mercader ‘Txantxo’.

Arrasatear honek azaldu digu “nire lagunetako bat Aspaceko erabiltzaile dela eta gurpildun aulkian joan behar duela. Nik paseoan eramaten dut Aspaceko beste erabiltzaileekin batera”.

“Alabaina, Aspace ondoko zebrabide bat, Nafarroa etorbidean, ez zegoen behar bezala erruberadun aulkiarekin igarotzeko, eta maniobra batzuk egin behar nituen”, azaldu digu Jose Mari Mercader ‘Txantxo’k.

Herritar honek zehaztu du zebra-bidea “Udaltzaingoaren eta Lanbideren lehengo eraikinaren artean dagoela, eta kontuan hartzekoa dela ondoan Ospitalea eta Anbulatorioa ere badaudela”.

Zebrabidea irisgarriagoa izateko, Udalak bere garaian espaloian beheragune bat egin zuen “baina ez da nahikoa izan: gurpildun aulkiarekin bertaratzean, espaloiaren eskaloitxoa gainditzeko, errepidean geratu behar ginen, maniobra egiteko, besteak beste, aulkiaren erruberak igotzeko”.

Kinka horretan, “auto askok behar baino lehenago berrabiatzen zuten martxa, eta egoera arriskutsuak izaten ziren. Euria egitean egoera arriskutsuagoa zen”.

“Egia da inguruan zebra-bide irisgarri batzuk egon badaudela, baina Aspacetik hurbilen hauxe dago eta irisgarria izan behar zuen. Zarugalden adibidez zebra-bide asko ez dira benetan irisgarriak”.

Herritar honek adierazi du “Udalak milioiak inbertitu dituela bidegorrietan, nahiz eta bizikleta oso gutxik erabiltzen dituzten, baina zebra-bide hauek guztiek erabiltzaile gehiago dituzte. Beraz, premiazkoagoa da zebra-bideak benetan irisgarriak egitea”.

Udaltzaingoaren egoitza ondoan dagoenez, “lehenengo udaltzainengana bertaratu nintzen, eta emakumezko udaltzain batek azaldu zidan halako kexak BAZen aurkeztu behar direla”.

“Nik hala egin nuen urtarrilean, baita otsailean beste bat ere. BAZen oso arreta ona egin zidaten”.

Ildo horretan, “lehengo batean Udaleko Brigadako langileak Zarugaldeko estolda bat konpontzen lanean ikusi nituen, eta galdetu nien ea Nafarroako etorbideko zebra-bidearen abisua jasoa zuten. Ezetz erantzun zidaten”.

“Aspaceko nire lagunaren urtebetzea martxoan zenez, nik hitzeman nion ordurako Udalak zebra-bidea hobetzen ez bazuen, nik neuk hobetuko nuela”. Eta hala egin zuen:

“Nire ortuan mortero pixka bat neukala baliatuz, morteroa, kuboa eta ura zebra-bidera eraman nituen erosketako gurditxo batean, eta masa egin nuen zebra-bidearen inguruan”.

“Niri ez zegokidan lan hori egitea, baina nik egin ezean, noiz egingo zuen Udalak? Gainera, hobekuntza egin ostean, orain gurpildun aulkiarekin ondo igarotzen gara”.

“Hobe lukete diru publikoa behar hauek konpontzeko erabiltzea, eta ez Osinako biribila bezalakoak egiteko”.

3 IRUZKIN

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen