Udalak kirol kluben birkokapen zehatzen berri eman du Iturripeko kiroldegi berriaren lanak esleitzeko prozesua azken fasean sartu denean

3
2845

Iturripeko kiroldegi berriaren eraikuntza lanak esleitzeko prozesua azken fasean sartu da, eta Udalak espero du obrak urtea amaitu baino lehen hasiko direla. Obrak martxoan atera ziren lehiaketara eta 30 milioi euroko inbertsioa biltzen dutenez, lehiaketaren epeak luzeagoak izan dira legeak hala aginduta. Irailean UTE bati esleitu zaio kontratua eta gaur egun dokumentazio administratiboa aurkezteko epea dago zabalik. Lanek iraun bitartean, Iturripen egoitza duten kirol taldeen lekualdatzea datozen aste eta hilabeteetan gauzatuko da.

Mikel San Migeuel Merino, Arrasateko Kirol Zinegotziak adierazi duenez, «behin-behineko espazio egokitu hauek bi urte eta erdiko iraupena izango dute, instalazio moderno eta berriak eraikitzen diren bitartean». Esker bereziak eman dizkie herriko kirol klubei eta elkarteei erakutsitako «eskuzabaltasun eta egokitzeko gaitasun handiagatik». Azkenik, gogorarazi du «denok bat egiten dugula kiroldegi berri baten beharrarekin, eta helburu hori lortzeko ezinbestekoa dela trantsizio epe hau igarotzea».

Kirol kluben eta ikastetxeen lekualdatze zehatzak
2025etik gaur arte, Udalak etengabeko elkarlana mantendu du kirol elkarteekin entrenatzeko zein lehiatzeko espazioak bermatzeko. Iturripe herriko kirol klub askoren zein ikastetxeen gorputz hezkuntzako saioen egoitza nagusia izan denez, berrantolaketa zabal bat egin da instalazio desberdinen artean. Antolaketa hori jasotzen duen txostena eman du ezagutzera Udalak. Hemen xehetasunak:

  • Saskibaloia (Ointxe!): Neska zein mutilen lehenengo taldeek Aretxabaletako kiroldegian entrenatu eta jokatuko dituzte partiduak. Horrez gain, Ointxe taldeak Arrasateko Institutuko kantxa eta horretarako berritutako Antoñako kantxa erabiliko ditu entrenamenduak egiteko.
  • Eskubaloia (Arrasate Eskubaloi Taldea): Kirol honen kasua izan da zailena, Arrasaten Musakolaz gain jokatzeko moduko beste pistarik ez dagoelako. Irtenbidea emateko, Aretxabaletako Almen ikastetxeko pista berritzeko inbertsioa egin da, eta bertan egingo dituzte entrenamendu nagusiak.
  • Leintz Eskola Kirola (LEK): Arratsaldeko lehen orduetan egiten zituzten saioak Musakolako pista eta frontoietan zein Arizmendi Ikastolaren instalazioetan banatu dira.
  • Ixotu Irristaketa Taldea: Entrenamenduak Musakolara mugitu dira; zati bat frontoian egingo dute eta bestea sarrerako kanpoko pista estalian.
  • Gorputz Hezkuntzako saioak: Ikastetxeetako saioak Uarkapeko frontoiaren eta Musakolako kiroldegiaren artean banatu dira.
  • Asteburuetako lehiaketak: Klub guztiek partidak jokatu ahal ditzaten, Musakola kiroldegiko erabilera moldatu da asteburuetan ordutegi zabalagoa eskainiz, kiroldegia itxita egon arren partiduak jokatzeko aukera bermatuz.

Iturripe berria: Kiroldegia eta Hiri Parkea
Iturripe gunearen informazio eta irudi guztiak www.arrasate.eus/iturripeberria atarian aurkitu daitezke. Egitasmo berri honek azpiegitura bikainak eskainiko dizkie arrasatearrei:

  • Kiroldegi berria: 650 m² baino gehiagoko gimnasioa, klubentzako 18 aldagela zein biltegiak, tatamia, areto polibalenteak, bi frontoi berri (bat irekia), kanpoko rokodromo urbano bat eta 1.700 m² baino gehiagoko bi kirol-pista handi. Horrez gain, eraikina jasangarria eta eraginkorra izango da, kontsumo ia nulukoa eta babes klimatiko gisa diseinatua.
  • Hiri Parke berria: Aisialdirako eremu berdea, ibaiaren ertza berreskuratua, haur- parkea, taberna, atseden-guneak, bizikletentzako aparkaleku estaliak eta adinekoentzako zein mahai-teniserako kirol-eremuak.

3 IRUZKIN

  1. Eta frontoiko kirolak talde horietako baten parte izan gabe praktikatzen ditugunok (frontenisa, pala…) non geratzen gara?

    Irailetik hona, astean zehar frontoia erreserbatzea ia ezinezkoa bihurtu da; izan ere, frontoia zuzenean behar ez duten taldeek (frontoietako kirolak ez direlako) okupatzen dituzte arratsaldeko orduak, batzuetan instalazioak erabili gabe geratzen diren arren.

    Kirol-klub bateko kide ez garen bazkideok ere frontoia erabiltzeko eskubidea dugu. Are gehiago, gure kasuan, frontoia ezinbesteko instalazioa denean gure kirolak praktikatu ahal izateko. Horregatik, beharrezkoa da bazkide guztien interesak kontuan hartuko dituen erabilera bidezko eta orekatua bermatzea.

  2. Irudi bikaina eta gestio ezinhobea kirol klub eta elkarte ezberdinentzat baina ohiko erabiltzaile eta bazkideentzat ze konponbide daude? BAT ERE EZ.

    Irailetik aurrera eta zuen hitzetan, bi urte t’erdiz egongo gara kirol pistak, kantxak eta frontoiak erabiltzeko aukera barik, erreserbak ezinezkoak direlako. Ez da bidezkoa batez ere frontoietan jarduten dugun erabiltzaileentzako hartu dituzuen erabakiak. Urteroko kuota ordaintzen dugu frontoi eta kantxak erabiltzeko, batez ere arratsaldeetan eta irailetik aurrera ezinezkoa bihurtu da.

    Badakigu trantsizio batera moldatu behar garela baina denok eskubide berdinekin. Arazoa lehendik dator ere, non erreserbak atletismo edo futbol elkarteetarako erreserbatuta daudela eta are gehiago, euren materiala frontoietan egonda eta batzuetan frontoietako kirolak egiteko traba egiten dutela. Guztiok gara honen parte eta bakoitza bere materiala txukundu eta gorde beharko luke, ez du balio txoko baten uztea edo baztertzea.

    Azkenik erreserba horiek erabili behar ez badira, kiroldegirakin kontaktuan jartzea edo komunikatzea izango litzateke hoberena, beste bazkide batzuk erabili ahal izateko.

    Agur bat,

  3. Kezkaz eta ezinegunez ikusten ari gara azken aldian udaleko kirol-zerbitzuek eta frontoiaren instalazioek hartu duten norabidea. Irailetik aurrera, ia ezinezkoa zaigu herritarroi frontoian gure ohiko kirolak (pala, frontenisa eta antzekoak) praktikatzea, arratsaldeko ordutegi nagusiak frontoirako espresuki pentsatuta ez dauden bestelako kirol-ekintza eta talde desberdinek hartzen dituztelako.
    Gogoan izan behar da frontoia azpiegitura espezifikoa dela bertako kirolak garatzeko, eta ez dela bidezkoa beste diziplina batzuek instalazioa modu intentsiboan okupatzea, gure kirola egiteko tokirik gabe uzten gaituzten bitartean; gainera, askotan gune horiek hutsik edo gutxi erabiliak geratzen dira denbora-tarte batzuetan.
    Egoera honek argi eta garbi kaltetzen gaitu instalazioak modu indibidualean edo federatu gabe erabiltzen ditugunon eskubideak. Horregatik, udari edo kirol-zerbitzuetako arduradunei eskatzen diegu irizpideak berrikusteko, espazioen banaketa orekatuago eta bidezkoago bat bermatzeko, eta frontoia benetan berezkoak dituen kiroletara bideratzeko

    Agur bat

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen