EAJ-PNVko azpimarratu du “era guztietako energia berriztagarriak areagotzearen beharra”. EH Bilduk erantzun du “berriztagarriak bai, baina ez edozein preziotan”, Jarindoko egitasmoa salatuz. Elkarrekin Arrasatek zalantzan jarri du “ea EAJ eta PSOEk benetako borondatea duten”.
Bideoa: Udala.
Atzo arratsaldeko Osoko Bilkurara bi mozio aurkeztu ziren, eta gai horien inguruko debatea egin zen udalbatzarrean.
Udal-gobernuaren izenean, EAJ-PNVko Anuska Ezkurrak, adierazi zuen beharrezkoa dela “mota guztietako berriztagarriak areagotzea, parke eolikoak eta fotovoltaikoak barne”.
Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publiko eta pribatuak lortutako energia bertan kontsumitutako energia guztiaren “%8ra ere ez gara iristen”.
Fracking-aren inguruan adierazi du “Euskadik, herri moduan” baztertu egin duela “gasaren kudeaketara jotzea”. Gehitu duenez “energiarik onena da kontsumitzen ez dena”.
Nabarmendu duenez Arrasateko Udala “2019tik herri-proiektuan parte hartzen dugu“, eta bide honetan “eguzkia-energia jasotzeko ordenantza eguneratu dugu, eta plaka fotovoltaikoak etxean jartzearen aldeko kanpaina abiatu dugu”.
LED argiak jartzeaz gain, “Kulturola eta JAME [Juan Arzamendi Musika Etxea] jasangarriak izango” direla hitzeman du “plaka fotovoltaikoak jarriko baitira”.
Arrasateko Udala Ekiola proiektuan “abiatzen ari gara, energia fotovoltaikoa sustatzeko kooperatiba baten sorrera, Leintz Bailara mailan”.
Atzoko Udalbatzan ere, EH Bilduko Aitor Zubiagak azpimarratu zuen “atzo jakin genuela Arlaban-Jarindo inguruan errota erraldoi batzuk jartzeko proiektua dagoela. Gizaki bezala, larrialdi-klimatikoaz gain, beste erronka handi bat dugu: Bioaniztasunaren galera”.
“Berriztagarriak bai, baina ez edozein preziotan – zehaztu du – , Arlabanen ikusiko dugun hondamendia negargarria izango da, errota erraldoiekin”.
Aitor Zubiagak hobetsi ditu “autokontsumo eta eredu ez hain agresiboak, eta horiek lantzeko prest egongo ginateke”.
Jendeari oro har “ahaztu egiten zaio Arrasaten, Debagoienean eta Euskal Herrian eremu natural bat ere izan badela, baita horren parte dela ere. Gauzak ondo egin ezean, gure aurka jartzen da”.
Gobernarien “hitzak politak izaten dira baina gero praktikan… eman buelta bat Lezetxikitik eta ikusiko duzue hitz horiek praktikan egiazkoak ez direla”.
Elkarrekin Arrasateko Eva Abuinek gaitzetsi zuenez “EAJ eta PSOEk mozio hau aurkeztu dute euren burua zuritzeko”.
“Benetako borondatea izango balute, Iberdrolarekin moztuko lukete, izan ere, gure kaleetako argiteria komunitate energetiko batekin piztu daiteke”.
EH Bilduko Maider Morrasek adierazi zuen EAJ-PNV eta PSEren “mozio hau aurkeztu dela elektrizitatearen fakturaren igoeraren aurkakoa balitz bezala, baina ez da hala”.
“Udal honek Iberdrolarekin kontratua dauka, eta iraileko faktura 40.000 eurokoa izan da. Uztailekoa 41.000 eurokoa. Urtean 500.000 € dira”. Horren aurrean “alternatibak egon badaude”.
Plaka fotovoltaikoak jarri dira “baina ez energia lortzeko, ura berotzeko baizik”. Argindarraren fakturren garestitzearen aurka egitea “ez da gorroto diskurtso bat egitea”.
Garestitzearen aurkako alternatibek “ezin dute txikizioa ekarri. Hori egin da gure bailaran azken urteetan, ‘trantsizio ekologikoa’ren izenean: errepideetan, funtzionatzen ez duen tren batean,…”.
Arlaban-Jarindo inguruko egitasmoaren “atzean Iberdrola dago” eta “Iberdrolara zenbait alderditako politikariak joan dira”.
EH Bilduk Udal-gobernuari planteatu dio “Iberdrolarekin kontratua etea, eta jar dezagun gure faktura kooperatiba batzuetan, eta Ekiola sortzean Ekiolan jar dezagun”.
Udal-gobernuko Anuska Ezkurrak erantzun zuen “goazen gaia aztertzera, ikus dezagun Ekiolak zein aukera emango dituen eta gaia landu dezagun”.
Maider Morras: “Ea horrela den, eta ea baten batzuek ez duten erabiltzen ‘trantsizio ekologiko’ hau negozioa egiteko”.
EAJ-PNV eta PSEren mozioari buruzko bozketako emaitzak ondokoak izan ziren:
- Alde: 12 (EAJ-PNV eta PSE)
- Aurka: 9 (EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate)
EH Bilduren mozioaren inguruko bozketako emaitzak ondorengoak izan ziren:
- Aurka: 12 (EAJ-PNV eta PSE)
- Alde: 8 (EH Bildu)
- Abstentzioa: 1 (Elkarrekin Arrasate)