Udalak herritarrekin adostuko du herriko TAO sistema prozesu parte-hartzaile batekin

0
648
prentsaurrea

Egun 13.196 ibilgailu daude Arrasaten, 1,5 etxebizitza bakoitzeko. 2007an 2,98 desplazamendu burutzen zituen arrasatear bakoitzak eguneko; egun 3,4. Ibilgailu pribatuaren erabilera egun %46koa da, 2007ko %38,6-aren aldean. CO2 isurketa gehien garraioak sortzen du: %31,3 zehazki, industriaren %30,9-aren aldean.

Arrasateko Udalak TAO sistema herrigunean ezartzeko haserako proposamena landu du eta herritarrekin partekatuko du parte-hartze prozesu bat abian jarriz, proiektu amankomun bat sortzeko.

Prentsa agerraldia eskaini dute TAO sistema proposamena eta prozesu parte-hartzailea aurkezteko Maria Ubarretxena alkateak, eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek batera. Alkateak azaldu duenez Udalak hiri-ingurunea “erakargarriago” nahi du bilakatu eta bide batez, “herritarren bizi kalitatea hobetu”. Hori, hain zuzen, arrasatearrekin landuko du prozesu parte-hartzaile bat medio.

Udalak landutako hasierako proposamen hau, orain, herritarrekin partekatu eta beren ekarpenekin aberastuko da. Prozesu honetan herritarrak ekimen eta jardun ororen protagonista izanik, ezinbestekoa izango da beren iritzia entzun, jorratu eta elkarlanean jardutea.

3 etapatan banatu da parte-hartze fasea:

Lehenik eta behin, herritarren iritzia jasoko da hainbat bideren bitartez: gune informatiboak, eztabaida publikoak eta ekarpenak jasotzeko plataforma ezberdinekin.

Gune informatiboak:

Urtarrilak 13, 10:00etatik 13:00etara, Kiroldegian.

Urtarrilak 14, 17:00etatik 20:00etara Etxaluzen.

Urtarrilak 15, 17:00etatik 20:00etara Kulturaten.

Urtarrilak 16, 17:00etatik 20:00etara Udaleko arkupean.

Urtarrilak 17, 10:00etatik 13:00etara Azokan.

Urtarrilaren 14an eta 16an Eztabaida Publikoak gauzatuko dira: biak 18:30ean, lehena Etxaluzen eta bigarren Udaleko Areto Nagusian.

Bestalde, herritarrek ekarpenak burutu ditzakete Gune Informatiboetan bertan, Etxaluze, BAZ, Kulturate eta Kiroldegian ezarri diren postontzi, edota www.arrasate.eus/eu/tao web orrialdean.

Horrez gain, ausaz aukeratutako herritarren lan talde bat eratuko da. 3 bilera gauzatuko dira proposamen teknikoa adosteko.

Behin ekarpen guztiak jasota TAO sistemaren proposamena egokituko da.

Arrasate jasangarriagoa eta erakargarriago baten alde

Egun 13.196 ibilgailu daude Arrasaten, 1,5 etxebizitza bakoitzeko. Azken bost hamarkadetan ibilgailu pribatuaren hazkundea nabarmena izan da. 2007an 2,98 desplazamendu burutzen zituen arrasatear bakoitzak eguneko; egun 3,4. Ibilgailu pribatuaren erabilera orain %46koa da, 2007ko %38,6-aren aldean. Arrasaten CO2 isurketa gehien garraioak sortzen du: %31,3 zehazki, industriaren %30,9-aren aurretik.Datu hauek eskuan Arrasateko Udalean mugikortasun eredua jasangarriago bilakatu nahi da eta hirigunea oinezkoentzako izatea, autoen fluxua gutxituz. Arrasate jasangarriagoa eta erakargarriago baten alde.

Bizilagunen urtetako eskaria da autoen presentzia gutxitzearena: “Arrasatera egunero jende asko iristen da lanera, industria guneetara zein erdigunera. Ibilgailu asko mugitzen da eta fluxu handia sortzen dute aparkaleku bila. Erdigunea herritarrentzako izatea da helburua, herritarren arteko harremanak gauzatzeko gunea, eta aldi berean, erdigunera bertaratzeko ohiturak eraldatzea, bidegorriaren, garraio publikoa edota igogailuen erabilera areagotuz”.

Udalak, hori oinarri, TAO sistema herrian ezartzeko proposamena landu du. Honek, hasierako diseinuan, 5.387 ibilgailuri eragingo die, 832 garajeri eta 2.238 aparkalekuri. 4 TAO mota aurreikusi dira: express, arrunta, aldi luzekoa eta egoilarrak, eta aparkalekuaren luzapena hiru modalitatetan banatu da: egoilarra, Arrasaten erroldatua eta gainerakoak.

Express modalitatea: 9:00etatik 20:00etara 30’’

Arrunta: 9:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 20:00etara. Egoilarrek luzapen mugagabea, Arrasaten erroldatuek 3 ordu gehienez, eta gainerakoek ere 3 ordu gehienez.

Aldi luzekoa: 9:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 20:00etara. Egoilarrek luzapen mugagabea, Arrasaten erroldatuek goiz edo arratsalde edo egun bereko biak, eta gainerakoek ere goiz edo arratsalde edo egun bereko biak.

Egoilarrak: 24 ordu. Egoilarrek luzapen mugagabea, Arrasaten erroldatuek ahal dute bertan aparkatu eta gainerakoek, berriz, ez. 

Udaletik berretsi nahi da, aurkeztutakoa haserako proposamena dela eta prozesu partehartzaileak erabakiko duela behin betiko TAO sistema.

Atxikita Udalak landu berri duen TAO sistemaren nondik norako guztiak xehetzen dituen eskuorria. Liburuxka hau Arrasateko etxe guztietara bidaliko da.*

Edozein zalantza argitzeko Udaleko bulegoetara bertara daiteke, 943 25 20 00 telefonora deitu edota udala@arrasate.eushelbidera mezu bat idatzi.

Mugikortasun Planaren datuak:

Arrasaten guztira 12.789 aparkaleku plaza daude:

– 6.555 galtzadan, (%51,2)

– 6.234 galtzadatik kanpo (%48,8)

 – Galtzadan dagoen aparkalekutik, gehiengoa librea da (%91)

– Galtzadatik kanpoko aparkalekutik, gehiengoa pribatua da (%90)

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen