Udalak hauskortasun, mendetasun zein babesgabetasun egoeran dauden adinekoen arreta eta zaintza burutuko du Hurkoarekin elkarlanean

0
309

Testua: Arrasateko Udala.

Arrasateko Udalak Hauskortasun egoera larrian dauden adineko pertsonen eskuhartzea (Hauskor programa) burutzen jarraituko du Hurkoa fundazioarekin elkarlanean. Udalak 14.262,30 euro bideratuko ditu 2021ean eskuhartzeak aurrera eramateko, herritar zaurgarrienak babestuz. 2018az geroztik dihardu lanean Arrasateko Udalak Hurkoa Fundazioarekin.

Hurkoa Fundazioa Caritasek sortu zuen, eta hauskortasuna, mendetasun zein babesgabetasun-egoeran dauden adinekoen eta/edo gaixotasun mentala dutenen arreta, defentsa eta tutoretzaz arduratzen da, batez ere Gipuzkoan.

Maitane Muñoz Goikoetxea Gizarte Ongizatea eta Gazteriako zinegotziak nabarmendu du “berezko zahartze prozesuak kalteberatasun egoera sortzen duela, eta narriadura prozesuak eta mendekotasun prozesuak garatzeko arrisku egoera. Hurkoa Fundazioarekin elkarlanean Udaletik egindako azterlanari esker, sozialki hauskorra den pertsonaren kontzeptua mugatu ahal izan dugu, bai eta beharrak, zailtasunak eta gabezia ezagutu ere, eta horren araberako baliabideak ezarri, inork kalteberatasun egoerarik jasan ez dezan. Muinean, inor atzean gera ez dadin eta arrasatear guztiok batera egin dezagun aurrera”.


Hurkoa Fundazioa eta Arrasateko Udalak elkarlanean, azterlanaren oinarri izan zen programa pilotua jarri zuten abian 2018an hauskortasun-egoeran dauden adinekoei arreta emateko. Adinberri Fundazioaren laguntza jaso zuen ekimenak. Proiektu honen helburua izan zen gizarte baliabideak eta zerbitzuak iristen ez zaizkien pertsona ahulak identifikatzea, haien ongizatean laguntzeko eta narriadura egoerak prebenitzeko.

2019ko maiatzean eman ziren ezagutara azterlanaren emaitzak, zeinak honakoa adierazten zuten, beste hainbaten artean: arrasatearren %24,2k 65 urte edo gehiago ditu eta %12k 75 urtetik gora. Inkestatuak izan ziren 218 lagunetatik 152 bakarrik bizi dira, eta erorikoak, osasun arazoak, kalera irteteko gabeziak, zailtasun ekonomikoak edota irisgarritasun mugak pairatzen dituzte. *Atxikita datu guztiak.

Azterlanaren emaitzak Hauskortasunaren Arretarako Plan Integrala definitzeko balioko dute.

Azterlanaz gain, eskuhartze sozial bizia eskaini zuen zaurgarritasuneko 16 kasutan, Arrasateko oinarrizko gizarte-zerbitzuek aukeratuak, Hurkoa Fundazioaren kargura.

2021ean esku-hartze horiei jarraipena emango die Udalak Hurkoa Fundazioarekin elkarlanean. 14.262,30 euro bideratuko ditu Udalak funts horretara.

Arrasateko adinekoen bizi-kalitatea 7 puntukoa da 10eko eskala batean

65 urtetik gorako adinekoek hainbat arlotan zer egoera bizi duten jakitea izan da Udalak Hurkoa Fundazioarekin elkarlanean egindako azterlanaren helburua; zehazki, arlo hauek aztertu dira: osasuna eta eguneroko jardueretan izan ditzaketen mugak, harreman sozialak eta parte-hartze sozial eta komunitarioa, ongizate emozionala, etxebizitzaren egoera, errealitate ekonomikoa eta erabilgarri dauden gizarte-baliabideen berri izatea. Lortutako emaitzak, 64 urtetik gorako 200 adinekori baino gehiagori egindako inkestetatik atera dira; horietatik 152 bakarrik bizi dira eta 66 beste norbaitekin. 

Arrasaten, Udalmapen datuen arabera, biztanleriaren %24,2a 65 urtetik gorakoak da. Horietatik % 12k 75 urte edo gehiago dute. Zifra hori Gipuzkoaren batez bestekotik (% 10,6) gora dago.

Osasunari dagokionez, balorazioa 6,8 puntukoa da 10erainoko eskala batean. Bakarrik bizi diren pertsonetatik % 19,5a erori izan da behin edo behin eta zailtasunak izan ditu altxatzeko. % 15,4k maiz izan ditu osasun-arazoak eta horrek beren kabuz moldatzea eragotzi izan dio. % 10,6k esan du osasun-arazoek kalera irtetea galarazten diotela.

Inkestatuen % 70ak adierazi du gaitasun ona edo oso ona duela eguneroko jarduerak eta lanak egiteko; alabaina, % 9k txarra edo oso txarra duela adierazi du. Bakarrik dauden pertsonen artean, % 31k zailtasunak ditu ekonomia- edo lege-jarduerak egiteko eta % 30k etxeko lanak egiteko. 

65 urtetik gorako pertsonen harreman-egoerari buruz lortutako datuen arabera, arlo horretan egoera positiboa da; izan ere, % 84k egunero ditu harremanak hurbileko familiarekin. % 95ak nahikoa babesa jasotzen du familiatik; alabaina, % 5ak ez du halako laguntzarik. Gainera, % 3,3k esan du ez duela norengana jo laguntza behar izanez gero.

Ongizate emozionalari dagokionez, galdetutakoen % 15ak bakardadea edo tristura sentitzen du.

Egoera ekonomikoarekin edo etxebizitzarekin lotutako alderdietan, bakarrik bizi diren pertsonen % 10ak adierazi du zailtasunak dituela gastu orokorrei erantzuteko eta % 35ak negatiboki baloratu du eraikinaren atariko irisgarritasuna, eskailerak baitituzte, arrapalarik gabe.

Inkestak jasotzen duen beste datuetako batek erakusten du, galdetutako pertsonen % 90ak ezagutzen dituela Arrasateko Udaleko gizarte-zerbitzuak. 

Lortutako datu guztiak aztertuta, Arrasateko adinekoen bizi-kalitatearen batez besteko balorazioa 7 puntukoa da 10eko eskala batean. Badago, aldiz, hauskortasun testuinguru bat, bakardade eta isolamendu egoerekin, herriko biztanlego kopuru murritz bateri eragin arren, pertsona hauen beharrei gertuagoko erantzuna eman ahal izateko abordatze osoa behar duena. 

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen