Udalak euskararen erabilera normalizatzeko plangintza onartu du

0
588

Frame-a: Arrasateko Udala

Arrasateko Udala euskalduntzen jarraitzeko eta euskararen erabilera normalizatzeko plangintzaren baitako, mozioa aurkeztu Udal gobernuak euskararen egunean. Alderdi guztiak mozioaren alde agertu dira, PSE-EE izan ezik. Beraz, 18 baiezko eta 2 ezezkorekin onartu da mozioa.

Hau proposatu du EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek Euskararen egunean aurkeztutako mozioak:

“Azken hamarkadetan euskalduntze prozesuan urratsak eman badira ere, egun indarberritze bulkada ahuldua dagoela agerikoa da eta datuek geldotze-aro batean sartu garela erakusten dute. Euskarak egun hizkuntza minorizatu baten adierazpide ezberdinak bizi ditu:” 

“1-Ezagutza-erabilera binomioari dagokionez, hizkuntza-gaitasunen eta motibazio-sistemaren garapenean urratsik eman gabe erabilera-kurbak ez du gorantz egingo, are, beheranzko joerari eustea zaila izango da.” 

“2-Euskararen kontrako oldarraldi politiko-judiziala egiturazkoa da, eta indarrean dagoen araubidea auzitan jartzera iritsi da.”

“3-Mundua zeharo aldatu da, XX. mendeko hizkuntza-politiketako askok ez digute XXI. mendean balio.”

“Hau honela, ezagutza eta erabileraren arteko korapiloa berrikusi, aztertu eta hausnartzeko unea iritsi da, orain arte egiten ari garena eginez ez dugulako aurrera egingo, are atzera egingo dugulako.”  

“Ildo honetatik Udal gobernuak adierazpen hau kaleratuko du abenduaren 3aren bueltan, hizkuntza politikan jauzia eman eta kontsentsu politiko berriak eraikitzeko aldarria eginez.”

Euskararen Nazioarteko Egunerako Adierazpena

“Euskararen alde inork egin dezakeenaz galdetu ohi dugu sarri euskal hiztunok, bereziki Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko gogoetan. Ezin uka, jakina, egin beharreko galdera eta gogoeta dela, baina ez litzateke inola ere zilegi, are gutxiago baliagarria, ikuspegi horretara mugatzea euskararen aldeko jarduera.”

“Euskararentzat egoera berezian iritsiko da 2024ko Euskararen Nazioarteko Eguna. Izan ere, urte luzeetan administrazioa euskalduntzen egindako lanak oinarri izan duen egitura juridikoa zalantzan jarri duten hainbat epairen ondotik, inoizko herritarren erantzun handienaren biharamunean gaude.” 

“30 urtean, euskarak ukatu ezineko urratsa egin du administrazio publikoan. Erabat gaztelaniaz funtzionatzen zuen administrazioa euskalduntzeko bide luzea egin da, hainbat erakundek ia erabat euskaraz funtzionatzera heldu arte. Ez da bide erraza izan, baina konbentzimenduz egin dugu bidea, euskarak irabazi beharreko eremua zela sinesten genuelako eta sinesten dugulako.” 

“Hizkuntza gutxitua da gurea, ordea, eta hizkuntza gutxitu baten biziberritze prozesuan egiten den sustapena eraginkorra izango bada, babesa behar du, babes osoa, baita lege babesa ere.” 

“Euskal jendartearen gehiengoak euskararen aldeko jarrera du. Eusko Legebiltzarrak, esaterako, adostasun zabalarekin hartu zituen azken epaiek mugatu nahi dituzten legeak eta dekretuak. Botere judizialak, adostasun zabal horren babesarekin egindako hizkuntza politika trabatu nahi du.” 

“Gure erakundeek hartu eta herritarren gehiengo zabalak babestu dituen erabakiak defendatzea dagokigu, beraz. Nahikoa dela esatea, eta ausardiaz aurrera egitea. Euskarak aurrera egiteko ezinbestekoak dituen hizkuntza politikak bultzatu eta horiek babesteko legeen oinarriak adostu behar ditugu. Erakunde publikooi dagokigu euskararen biziberritzea benetakoa eta noranahikoa izatea ahalbideratuko duen akordio sozial eta politiko zabala lortzeko bidea egitea.” 

“Abenduaren 3a egun aproposa da bide horren abiapuntua marrazteko. Adostasunez nora goazen argi esan, eta egin beharreko urratsak zehazten hasteko garaia da. Hori esan ziguten azaroaren 4an Bilboko kaleak bete zituzten milaka eta milaka herritarrek.” 

“Euskal Herriak euskararen aldeko lanean jauzi kualitatiboak egiteko garaia du, eta adierazpen hau sinatzen dugunok horretarako konpromisoa hartzen dugu.” 

2024-2027 epealdian indarrean

Arrasateko Udalean euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategikoaren barruan kokatzen da onartu berri den plangintza. 2024-2027 epealdian egongo da indarrean, eta, honako hau, VII. plangintzaldia izango da.

“Dokumentu oso teknikoa badirudi ere, bihotz handiko dokumentua da. Dokumentu horren helburu nagusi bakarra da gure Udalean, Arrasaten, eta gure herrian, Euskal Herrian, euskaraz normaltasunez bizi ahal izatea” adierazi du Joseba Ezpeleta Euskara zinegotziak.

Aurreko planen eguneraketa

Aurreko planetan ezarritako ildoak egungo egoerara eta beharrizanetara egokitzen dira, orain arte emandako urratsak egonkortuaz, eta datozen urteotako lehentasunak ezarriaz. Euskara zerbitzu-hizkuntza izateaz gain, lan-hizkuntza ere izan dadin urratsak ematen jarraitzea da VII. plangintzaldiaren helburu nagusia.

Hauek dira helburu horietako batzuk:

● Planaren zeharkakotasuna erronka gisa hartzea.
● Erakundeko arduradunen inplikazioa eta lidergoa sustatzea
● Hizkuntza kudeaketa erakundearen kudeaketa orokorrean txertatzea.

“Erabilera irizpide berriak jarraituz, lan hizkuntza gisa euskara finkatzeko urratsak ematen jarraitu nahi dugu. Langileen euskara maila, orokorrean, oso altua da, eta euskara zerbitzu hizkuntza izatea bermatuta dago. Lan hizkuntza euskara izateko neurriak ematen jarraitu behar dugu, besteak beste, langileei formazioa eskainiz edota motibazio saioak ahozko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko. Dena den, langileek egiten duten ahalegina eskertzekoa da” adierazi dute Aintzane Lasak eta Joseba Ezpeletak, euskararen udal teknikari eta zinegotzi, urrenez urren.

Etorkizunera begirako plangintza

Plangintzaldi berri bada ere, dokumentu hau nobedadea ez dela adierazi dute: “Dokumentu hau ez da nobedadea, Arrasateko Udala aspalditik ari da euskara sustatzen. Izan ere, aztertzen eta berritzen ez dena herdoildu egiten da. Asko egin eta aurreratu dugu azken hamarkadetan Arrasaten, euskaraz normaltasunez bizitzeko ahaleginean eta praktikan, baina bide luzea dugu oraindik eta, hori gutxi balitz bezala, erronka berriak areagotzen ari dira: digitalizazio ikusgarria, lurralde anitzetako pertsonen etorrera,…”

Halaber, Udalaren zeregina plan honetatik harago doala ere aipatu dute. “Herrira begira, Arrasateko euskalgintza osatzen duten elkarte eta pertsonekin elkarlanean ari gara, eta, besteak beste, GEIKEren bidez indarrak batu nahi ditugu, ditugun erronkei arrakastaz heltzeko”.

Osoko bilkura osoa:

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen