Udala: “Neguko aterpetxe zerbitzua Mankomunitateak eman behar du”

0
464

Azken aste hotz hauetan ere zenbait pertsona gure kaleetan eskean edota lo egiten daude.

Argazkia: MB artxiboa.

Arrasateko Caritasek baieztatu digun bezala, Arrasatek egun ez du lagun hauentzat aterpetxerik. Hori jakinda, Udalari kinka larriaren zergatiaz galdetu dio Mondraberrik.

Udal-gobernutik erantzun dute, “Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Maparen arabera”, neguko aterpetxearen zerbitzua “Debagoieneko Mankomunitateak eman behar” duela.

Azaldu duenez, 2017an eskualdeko “udaletako gizarte zerbitzuetako teknikariez osatutako lantaldea abian jarri zen, Eskualdeko Gizarte Zerbitzuen Mapa garatzeko helburuarekin”.

Zeregin horretan “laguntzeko SIIS zentroa kontratatu zuen Debagoieneko Mankomunitateak, asistentzia teknikoa emateko”.

Dokumentu honek ere zehazten zituen “modu mankomunatuan eman beharreko hainbat zerbitzu, tartean gaueko harrera zentro zerbitzua, baina ez du zehazten Debagoieneko zein herrietan kokatu behar den zentroa”.

Ondoren, Debagoieneko Udal Gizarte-Zerbitzuen Mapa Mahai Politikoa sortu zen, herri guztien ordezkariekin, eta bilkura bat ospatu zuen 2018ko irailean:

“Bertan, hainbat adostasun lortu ziren mankomunaturik eman beharrekozerbitzuei buruz, tartean, Gaueko zentroa”.

Mahai Politikoak adostu zuen “bazterkeria egoera larrian dauden pertsonentzako gaueko harrera zentro bat sortu mankomunatuta. Zerbitzu hau kudeatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiari kudeaketa-emakida bat egitea proposatzen da”.

2019ko udal-hauteskundeen ondorioz, EH Bilduk Mankomunitatean gehiengoa lortu zuen, eta 2021ean gizarte-zerbitzuen inguruko adostasuna zegoenez, lankidetza-hitzarmena baterako proposamena egin zen:

“[…] gaueko harrera zentro zerbitzua ematen duen udalari ere konpentsatuko zaio Udal Gizarte Zerbitzuen eta udaltzaingoaren balizko esku-hartzeak”.

Udal-gobernutik salatu dutenez, hitzarmena ez zen sinatu “EH Bilduk gobernaturiko herriek egoera sakonago aztertu behar zela argudiatuz eta ez zioten gaiari heldu nahi izan”.

EAJ-PNV eta PSEren gobernuak adierazi duenez, “EH Bilduko Mankomunitateko gobernuak azaldu zuen 2022ko maiatzerako prest izango zuela proposamena berria. Arrasateko udalak ez du proposamen horren berririk jaso”.

Mondraberrik Debagoieneko Mankomunitateari bere ikuspuntua eskatu dio, berau argitaratzeko asmoz, baina oraingoz ez du erantzunik jaso.

Udalari ere galdetu diogu ea zenbat pertsona bizirauten duten egun Arrasateko kaleetan, baina ez dugu erantzunik jaso. Baita zerbitzu hau Udalak bere kabuz abiatzerik asmo duen, baina erantzunik ez dugu momentuz.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen