Udalak bizitegi-merkatuaren tentsio eremuaren inguruko ekintza plana aurkeztu du

0
1605

Arrasateko Udalak hiru urterako ekintza plana aurkeztu du. Garazi Etxeberriak “etxebizitza politika aurreratu baterako ibilbidea martxan jartzeko” neurri multzoaren berri eman du, hauek garatzeko lau ardatz nagusi difinituta. Kepa Urteagak eta Eva Abuinek ere plan honen garrantzia azpimarratu dute prentsa agerraldian.

Etxebizitza eskubideari buruzko 12/2023 Legearen testuinguruan, lehen aldiz, politika publikoetatik abiatutako udalerri mailako bizitegi-merkatuaren tentsio egoerari buruzko diagnosia eta ekintza plana aurkeztu du Udal gobernuak. Neurri hauek, Eusko Jaurlaritzaren aurrean izendapen formala eskuratzeko helburuz bideratu dira eta udalerrian etxebizitza eskuragarria bultzatzeko oinarria izateko balio izatea espero dute.

Garazi Etxeberria, Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak, azaldu duenez, “Txostenak udalerri osoaren egoera sozioekomiko eta demografikoaren azterketa xehea jasotzen du, Arrasate osoa Tentsio Handiko Bizitegi Eremu izendatu ahal izateko baldintzak betetzen direla frogatuz”.

Hiru urtetarako ekintza plana

Arrasateko Udalak, diagnostiko teknikoaren ostean diseinatutako Ekintza Planak, datozen hiru urteetan hartuko diren neurriak definitzen ditu. Lau ardatz estrategikotan antolatu dute:

1.ardatza – Alokairu estrategia sustatzea

Garazi Etxebarriak aipatu du, “eremu tentsionatu izendapenaren helburu nagusietako bat alokairuaren prezioan muga jartzea dela eta horrekin batera datozen beste neurri batzuk jartzea martxan”.

Ardatz honek, Lau estrategia ildo ditu: leheneko biek zuzenean eragiten diote parke publikoaren hazkundeari, “garapen berrietan alokairuzko bizitegi babestuak sustatzeak eta zuzkidurazko bizitegiak garatzea”. Hirugarren neurriak modu induzituan egingo luke, “landa eremuetan bizitegiak sustatzea du helburu herriguneko presioa murrizte aldera” Azkeneko neurria zeharkako neurria da, “garapen berriei eragiten die bereziki, hirigintzaren eta arkitekturaren bidez eraikuntza kostuak murrizteak promozioak merkeago garatzea ahalbidetzen du, bai alokairu eta baita erosketa merkatuen gaineko presioa apur bat arinduz”. Hauek dira lau ildoak:

  • Hiri-garapen berriak: gaur egun HAPOn jasotakoak berraztertu eta dokumentu berrirako bizitegi parke dibertsifikatu bat garatzea proposatzen da, nahasketa orekatu bat bilatu nahian. Honekin batera, jabetza publikoko orubeak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari eskainiko zaizkio, eraikuntzaz arduratu dadin. Honen eredu jarri du Etxeberriak San Andres berriko lur saila, dagoeneko Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari direla adieraziz.
  • Zuzkidurazko bizitoki eskaintza handitu nahian, baliabide publikoak erabiliz, bizitza fase ezberdinetarako aukera anitzak bilatzea du helburu. Ekipamendu ezberdinak aztertuko dira lan lerro honetan. Honen eredu La Merced eraikina jarri du Etxeberriak, “erakunde ezberdinen inplikazioa ezinbestekoa da proiektu hau aurrera eramateko, Udalaren ahalmen ekonomikoa mugatua da proiektu honek eskatzen duen inbertsio handia egiteko. Horregatik, lanean ari gara Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin” azaldu du.
  • Landa eremuen biziberritzeko estrategiak ere sustatuko dira, HAPOaren berrikusketaran baitan, erabilera ezberdinak aztertuz, edo landa eremuko nukleoetan bizitegi babestuak sustatuz.
  • Diseinuaren bidez sustapenari dagokionez, urbanizazioa garatzeko beste modu batzuk aztertu, etxebizitza-eraikinei lotutako aparkalekuen diseinu eta kokapena berrikusi, edota etxebizitza modular eta malguen garapenerako ideia berritzaileak erakartzeko lehiaketak sustatzea aurreikusten da.

2.ardatza – Bizitegi-parkearen berroneratzea eta berrikuntza

Ardatz honen helburu nagusia etxebizitza egokitzapena eta hiri-ehunarem birgaitzea da:

  • Babestutako etxebizitzaren kalifikazioaren estrategiari lotuta, hiri kontsolidatuan bizitegi babestuak lortzen joateko aukeran bidea egitea da helburua, birgaitze handiko jarduketetan gutxieneko babestutako kopuru bat arautuz, lokalak bizitegi bihurtzeko udal ordenantza berraztertu eta egokituz, edota etxebizitza banaketan etxe berrien izaera aukerak aztertuz.
  • Dentsifikazio bidezko berroneratzeari dagokionez, HAPO berriari begira, eta epe luzeko plangintzarako eztabaidarako, auzoen dentsifikazio estrategiak aztertzea jartzen da mahai gainean batetik, eta industriguneen mixifikazioari (erabileren nahasketa) buruzko gogoeta bestetik.
  • Bizitegi parkearen berrikuntza bultzatzeko bidean, irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa bermatzeko nahia gogoan, dirulaguntza lerroen azterketa edo EIOZn hobari sistemaren azterketa proposatzen dira ekintza gisa.

3.ardatza – Alokairurako laguntza-sistemak

Ardatz hau prestazio eta pizgarri ekonomikoei bideratutakoa da, “alokairurako sarbidea erraztea da helburua”:

  • Gazteen emantzipazio prozesuak laguntzeko, gaur egun indarrean dauden laguntza lerroei buruzko informazio eta jarraipen lanak aurreikusten dira, eta baita udalak propio dituen lerroak optimizatzea ere.
  • Kolektibo zaurgarrientzako babesa indartzeko, etxebizitza eskubide subjetiboaren eskariaren, eta DSBE (Diru sarrerak bermatzeko errenta) eta EPE (etxebizitzarako prestazio osagarria) laguntzen jarraipena eta Eusko Jaurlaritzarekin koordinazio lanak bideratzea proposatzen da.
  • Neurri fiskalak aplikatuko dira, alokairua sustatzen duten jabe eta sustatzaileentzako pizgarri gisa.

4.ardatza – Gobernantza berria eta erakundeen arteko koordinazioa

Azken ardatz honetan marko berria proposatzen da, “etxebizitza politikak koherentziaz eta modu integratuan garatzeko”:

  • Estrategia zigortzailea: bere helburua betetzen ari ez diren etxebizitzak martxan jartzea du helburu, hau da, etxebizitza hutsen erabilera bultzatzea. OHZren gainkarga eta etxebizitza hutsen gaineko kanona aztertu eta ezartzea dira ekintza planean jasotakoak, eta baita alokairu iruzurtien egoeraren ikuskaritzan udalak gainontzeko administrazioekiko informazio trukaketan parte hartzea.
  • Estrategia interbentzionista eta erregulatzailea: honi lotuta, bizitegi garapen eremuetan kooperazio sistemak ezarriz udalak parte aktibo gisa jardutea proposatzen da, etorkizuneko garapenei lotuta. Erregulazioari lotuta aldiz, Etxebizitza legeak jasotzen dituen etxejabe handiaren definizioa, eta alokairuaren igoerari mugak ezartzea dator, prezioen kontrolari eta espekulazioaren aurkako politika gisa; alokairu turistikoaren erregulazioa HAPOan jasotzea ere aurreikusten da.
  • Estrategia optimizatzailea: honen helburua jada eraikita dagoen espazio eta eraikinen erabilera intentsoago bat egitea da. Beraien beharretara hobeto egokitzen den etxebizitza bilatze aldera, trukatze aukera proposatzen da; adineko pertsonentzako bizitoki alternatibak aztertzea (zuzkidura bizitoki izan, ala egoitza alternatibarako akordioak bilatze aldera izan), edo negozioak kale mailara jaisteko proposamena, goi solairuetako etxebizitzak bizitoki bilakatuz.

Lanketaren garrantzia azpimarratu dute

Kepa Urteagak eta Eva Abuinek, urrenez urren, gobernuko EH Bildu eta Elkarrekin Arrasateren bozeramaileek Ekintza Plan honen garrantzia azpimarratu dute.

Kepa Urteagak etxebizitzaren arazoa lehentasun bezala dutela azaldu du: “Gobernu planean eta gobernu akordioan etxebizitzaren arazoari irtenbidea ematen hastea ezinbesteko lan bezala jarri genuen, eta urrats honekin, aurrera pauso handi bat ematen ari gara. Arrasatearrak Arrasaten bizitzeko etxebizitza sarbide duina eta unibertsala behar dugulako. Etxebizitza negozio bezala ulertzetik, eskubide izatera igarotzeko”

Eva Abuinek etxebizitzaren arazoi irtenbidea ematen sahiatzeko bidean bideorri garrantzitsua dela adierazi du: “Aurkeztu dugun lanketa honekin etxebizitzari lotutako arazoak identifikatzen ditugu eta hauei irtenbide emateko bideorri bat ezartzen dugu. Jakitun gara baina, Udalaren eskumenak oso mugatuak direla etxebizitzaren merkatuan interbenitzeko. Baina gure esku dauden konpetentzia guztiak erabiliko ditugu honi soluzioa emateko”

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen