39’6 milioiko aurrekontua proposatu dio Udal-gobernuak oposizioari, prezioen garestitzeak baldintzatuta. Proiektu berrien artean daude: Mojategiko atletismo pistak eta errugbi zelaia berritzea, Malbinetan beste igogailu sistema bat jartzea, San Frantzisko-Musakola ‘ekobulebarra’,…
2023 urtera begira, Udal-gobernuak (EAJ-PNV eta PSE) prentsaurrekoa egin du goizean, aurrekontuen proposamena aurkeztuz.
Bi milioi euroko balizko igoerarako, diru-iturri garrantzitsuetako bat da “beste administrazio publiko batzuetatik jasotzen ditugun dirulaguntzak”.
Iturri horretatik “espero dugu aurten iaz baino milioi euro bat gehiago jasotzea”. Beste diru-iturri nagusietako bat Foru Fondoa da:
Egoera ekonomikoa sarreretan “ona” denean, “udalok etekinak dauzkagu, eta Foru Fondotik 2023an 2002an baino milioi bat gehiago jasoko dugu”. Beraz, Udalak espero du “2 milioi baino gehiago” jasotzea beste instituzio batzuetatik.
Udal-gobernuak proposatutako aurrekontua “ia 40 milioikoa” da, zehazki 39.662.000 eurokoa. Hori “azken 13 urteetako aurrekonturik handiena” litzateke, “pasa den urtekoa baino %5’5 gehiago, 2 milioi gehiago”.
Aurrekontu proposamen honek “ez du inolako zorpetzerik ekarriko”, eta “Udalak zero zor egoera oso osasungarrian jarraitzen du”.
Pandemiaren eta Ukrainako Gerraren ondorioz, Udalak ez dizkie herritarrei, elkarteei,… tasak eta zergak jaitsi, “ez ditu igo”. Hau da, bere horretan utzi ditu 2021ean, 2022an eta 2023rako. UDALAK PROPOSATUTAKO HAINBAT PROIEKTU:
Santa Teresako igogailuak bukatzeko: 1.210.000 €.
Etxe Txikien berrurbanizaziorako: 750.000 €.
Mojategiko atletismo pisten berritzeko: 520.000 €. “Atletismoko lehendakariarekin izan gara, alternatiba ezberdinak aztertzen, eta erabakia hartua dago”. Aurreikuspenen arabera, “datorren udan egingo da”.
Errugbiko belarra berritzeko: 380.000 €. “Adjudikazioa hasia dago, eta pleguak kontrataziora bidaliko ditugu”. Obrak “datorren udan” egingo dira.
Etxeetako ur-kontagailuen berritzeko: 300.000 €. “Guztira 4 urterako proiektua” litzateke, eta prezioa “guztira ia 1.400.000 eurokoa”.
Iturripeko kiroldegia berritzearen proiektua idazteko eta obrak esleitzeko: 200.000 €.
Aprendicesko haur-parke berria estaltzeko: 100.000 €.
LED teknologia argiteria publikoan jartzeko: 100.000 €.
Santa Barbaran parke natural bat egiteko: 100.000 €. Arrasateko Haur eta Guraso Asanbladak proposatuta, Udalak bertan egitea pentsatu du “erreka ondoan dagoelako, errepiderik ez delako pasatzen eta nahiko handia delako”.
EKKO proiekturako: 92.000 €. “Fruitu oso onak ematen ari da”.
Eguneko zentroa abiatzeko: 61.500 €. “Obra ia amaituta dago, laster ekipatuko da eta gure asmoa da datorren urtean zerbitzu berri hori martxan jartzea. ‘Egunero’ deituko da”.
Musakolan aterpe bat jartzeko: 50.000 €. EH Bilduk proposatuta, izan ere, “egungo aterpea kenduko da Eusko Jaurlaritzak Herri Eskolako berritzearen ondorioz. Bertako Alkatetzarekin leku apropos baten bila gabiltza”.
Uarkape eraikinean LED argiak jartzeko: 50.000 €.
Obenerrekako haur-parkearen berritzeko: 50.000 €.
LED teknologia udal-eraikinetan jartzeko: 50.000 €.
Gorostizan (Malbinetan) beste igogailu sistema bat jartzeko idazketa: 40.000 €.
Uarkape eraikinean plaka fotovoltaikoak jartzeko: 40.000 €.
Auto elektrikoentzako birkarga gune bat jartzeko: 40.000 €. “Erdigunean egongo da, eta zehazki non jarri aztertzen gabiltza”.
Jose Luis Iñarraren berrurbanizazioko obrak hasteko: 35.000 €. “Prozesu parte-hartzailea egin zen, eta proiektua bukatu barik dago. Ez dakigu zenbat kostatuko den, beraz sinbolikoki 35.000 € jarri ditugu”.
San Joango barnealdea berrurbanizazio egikaritzeko: 30.000 €. “EMUN kooperatibak prozesu parte-hartzailea egingo du, eta kontratazioa jada egina dago”. Alkatearen hitzetan, “orain herritarrekin alternatibak garatzen gabiltza”.
Fagor San Andres ondoan bidegorriaren proiektua idazteko: 25.000 €. Industrialde honetara “enpresa berriak doaz eta sinergiak aprobetxatu nahi ditugu”.
Bigarren Mugikortasun Plana abiatzeko: 22.000 €. Planaren egitasmo “gehienak” egin dira, eta dirua “Mugikortasun Planaren berrikuspenerako izango da”.
Gesalibarko urbanizazio plana egiteko: 20.000 €.
San Frantzisko-Musakola ‘ekobulebarra’ idazteko: 20.000 €. “Bide gorri sarearekin jarraitzeko”.
Gudarien plazaren berrurbanizazioaren proiektua idazteko: 20.000 €.
Kobazuloen garbiketarako: 5.000 €. “Aurten kobazuloen garbiketa egin da, eta horretan jarraituko da”.
Udaleko sailei dagokienez, Obrak, Zerbitzuak, Mantentze eta Obrak Sailaren aurrekontua aurreikusten du “%12’6 handitzea” bere aurrekontua, “hau da, 13.979.000 €” edukitzea.
Balizko igoera horretan eragina dute “hornidura-prezioen garestitzeak eta zerbitzuen kontratuen garestitzeak, argindarrean esaterako”. Udalak azpikontratatutako lorezaintza zerbitzuak guztira 1.037.500 eurokoa izango da.
Izan ere, lorezainek euren lan-baldintzak hobetzea lortu zuten udan. Guztira, Prezero enpresak “300.000 euro gehiago” jasoko ditu.
Hirigintza, Ingurumena eta Mugikortasun Saila izango litzateke jaitsiko litzatekeen bakarra, “%26 jaistea“. Zergatik? “Exekuzio fasea bukatu dugulako”, alkatearen hitzetan. “Orain proiektuak garatzeko unean gaude”.
Hala ere, sail horrek egingo lituzke Udalaren 2023ko proiekturik garestienak: Santa Teresako igogailuen bukaera (1.210.000 €) eta Etxe Txikien berrurbanizazioa (750.000 €).
Garapen Komunitarioko Sailarentzat (Gizarte Zerbitzuak bezala ere ezaguna) “%6’6ko igoera” proposatzen du Udal-gobernuak. Hau da, guztira 4.156.000 euroko aurrekontua izango luke.
Udal-gobernuak proposatu du Kirolen Sailak jasotzea aurrekontu igoera handiena. “%30etik gora igotzea“. Kirol-azpiegituren mapa aplikatzen “hasiko” da. Hartara “prozesu parte-hartzailea burutu zen, eta bere emaitzak aurkeztuko ditugu”.
Musakola kiroldegi berriaren egitasmoaz galdetuta, alkateak erantzun duenez, “kiroldegi edo kirol-instalazioen” maparen inguruan, prozesu parte-hartzailetik “zer irten den datorren hilabetean azalduko dugu. Kirol-instalazioen planifikazioa azalduko dugu”.
Mondraberrik galdetu du ea Zalduspeko ur-ihesak zein kostu ekonomiko izango dituen Udalarentzako. “Oraindik konponketak egiten ari dira, eta konponketak amaitzean azalduko dugu zein izango den kostu osoa eta datu guztiak”.
Ur-sare alternatiboa egiteko, proiektuaren idazketarako “dirua Osoko Bilkuran aurkeztu genuen. Proiektua egiteke dagoenez, oraindik ez dakigu zenbateko kostua izango duen, noiz gauzatuko den,…”.
Aurrekontuen proposamen hau oposizioko indar politikoei “helarazi” die, eta “azaroaren 9rako Batzordean” azaldu zitzaien aurrekontu proposamena.
“Bost asteko” epea izango da “negoziaketetarako, eta aste honetan sailez sail ari gara proposamena aurkezten. Oposizioak hilaren 23ra arte aurkera izango du bere proposamenak helarazteko”.
“Ordutik eta abenduaren 15eko Osoko Bilkurara arte” negoziatzeko “aukera izango dugu. Gure prestutasuna erakutsi dugu”.
Pumptracka ez dator presupuestatuta? Zenbateko aurrekontua dauka horrek?
Etxe Txikien berrurbanizatzeko: 750.000 €??? Bertako bizilagunek ordaindu dezatela!! Pribilegiorik ez!
Herriari ez dio ezer ematen zonalde horrek, sartu ere ezin gara egin eta urbanizazioa danon artean? Nire baserria konponduko didazue ere?ze lotsa
Zeuk zeure auzokoa ordaindu duzu, ala?
Ez naiz bertako bizilaguna (alde zaharrekoa baizik) baina erantzun hau lotsagarria iruditu zait.
PD: fibra nere etxera heltzea ere zeuk ordaindu duzula gogorarazi nahi dizut
Barkatu, etxe txikietara ezin gara sartu, pribatua da. Gauza pribatu eta publikoen diferentzia zein den ez al dakigu?