Udalak 60.680 € galdu ditu oraingoz Lurgoienek abandonatutako obretan, LKS Ingenieriaren obra zuzendaritzaz

0
1990

Txosten tekniko batek azaltzen du arrazoietako bat izan daitekeela “egindako obraren neurketa hilero ez eguneratu izana”. Udal-gobernuak biharko (asteazkena) Plenoa deitu du, Plenoak Aprendicesi buruz dituen eskumenak Udal-gobernuaren esku geratzeko.

Aprendices eraikina berritzeko, Udal-gobernuak 2018an LKS Ingenieriari obren zuzendaritza adjudikatu zion, 123.420 euroren truke (BEZ zerga barne).

Ondorioz, LKS Ingenieriaren zeregin bat izan da obrei jarraipena egitea, obrak behar bezala gauzatzeko kontrolatzea.

Musika etxe berria egiteko, Plenoak 2018an erabaki zuen obrak Lurgoien enpresari esleitzea. Lan horiek egiteko 5.550.012,51 € adjudikatu zizkion Udalak (BEZ zerga barne).

Obrak 2018ko apirilean martxan jarri ziren baina maiatz hartan etenaldi bat izan zuten, Aprendiceseko balizko lur kutsatuak kentzeko. Abuztuan Eusko Jaurlaritzak obrei berrekiteko baimena eman zuen, eta lanek aurrera egin zuten.

Aipatzekoa da, obrek iraun bitartean, obren aurrekontua 5 aldiz igotzea onartu zuela Udalak, aurrekontua 5.849.544,78 eurora igoz (BEZ barne).

2020ko apirileko txosten teknikoak azaltzen du, Udala Lurgoieni “obra neurriren batean finantziatzen ari” zitzaionaren “irudipena izan genezakeela, hainbat elementu egindakoa baino neurri handiagoan jaso zirelako ziurtagirietan”.

Hori egitea, “ez litzateke arazo izango, baina obra bukatu gabe eten denez, aurreratutako dirua obran gauzatu gabe gelditu da”.

Zentzu berean, LKS Ingenieriaren informe batek islatzen du 2019ko urtarriletik urrira arteko “zertifikazioen zenbatekoak ez datozela bat obretako benetako produkzioarekin”.

2019ko martxotik azarora zegozkion obra guztiak egin ez ziren arren, “obren zuzendaritzak zertifikatu zituen”, Udaleko oposiziotik azaldu denez, eta Udalak ordaindu egin zituen, obra horiek eginda egongo balira bezala.

Urte horretako irailean, Udalak eta LKS Ingenieriak obretara bisita bat antolatu zuten. Hedabideen aurrean adierazi zuten obren %50a eginda zegoela. Hala ere, urte horretako abenduan lanen %43’24 soilik eginda zegoen, txostenek azaltzen dutenez.

Udaleko teknikari baten 2020ko apirileko informeak ohartarazten du “LKS Ingenieria S. Coop.en txostenean esaten denaren arabera interpreta dezakegula, obra arazorik gabe garatzen den kasuetan” posible dela “hilabete batean aurreratzen den diru kopurua hurrengorako berdintzea”.

Ordea, Aprendicesen kasuan, “agerian gelditu da” Udalak Lurgoieni “aurreratutako dirua ez dela hurrengo hilabeteetan berdindu”.

Txosten teknikoak azaltzen duenez, “zuhurtzia falta, errealitatea ez ikustea, gehiegizko konfiantza eta egindako obraren neurketa hilero ez eguneratzea gertatu direla ematen du”.

Azaldu behar da ere Lurgoienek Udalari agiri bat aurkeztu ziola, “80.000 €” zor zizkiola adieraziz, eginak zituen “eraldaketa” batzuen truke, pleguak jasotzen ez dituztenak.

Lurgoienek Udalari 2020ko urtarrilean jakinarazi zion “ezin” zuela “obrekin jarraitu, bere hornitzaileei erantzuteko dituen zailtasunengatik”.

Donostiako konstruktorak “ekonomikoki porrot” egin omen zuen, eta obrak abandonatu zituen.

Ondorioz, Udaleko diru publikoa 60.680’15 € barik geratu da, oraingoz behintzat, izan ere, baliteke gastuak denborarekin handitzea.

Udal-gobernuak azpimarratu izan du “konponbidearen bila” diharduela, eta horretan lagungarria izan liteke Lurgoieneko arduradunak EAJ-PNVrekin harremana izatea.

Izan ere, alderdi horrek Lurgoieneko jabea bitan aukeratu du ordezkari bezala Kutxabankeko Fundaziorako, bi legealditan.

Hala ere, ez da soluziorik izan orain arte bederen. Antza, Lurgoien enpresa beste enpresa batek bereganatu duela, eta enpresa horrek porrotera eraman omen duela konstruktora. Badirudi, Hartzekodunen Lehiaketara sartuko direla.

Egoera ikusirik, Udal-gobernuak aukeratu zuen Lurgoieni egunero isun bat jartzea, kontratuak jasotzen duen bezala, ekainera arte. Hori zen kontratuaren amaierarako aukera bat. Eta beste aukera zen kontratuaren suntsiarazpena.

Txosten juridiko batek Udal-gobernuari proposatu dio beste bidea aukeratzea: kontratuaren suntsiarazpena. Hau da, Udalaren eta Lurgoienen arteko kontratua lehenbailehen amaitutzat ematea.

Izan ere, Udala balizko Hartzekodunen Konkurtsoan hartzekodun bezala onartu izan dadin, Udalak kontratua etenda izan beharko du konkurtsoa hasi baino lehen. Bestela, Udalak ez du Lurgoienek zor dion dirua berreskuratzerik izango.

Gainera, Lurgoienek jarri zuen 239.776,57 euroko abala Udalak bereganatu ahal izateko, Lurgoien Hartzekodunen Konkurtsoan errudun deklaratu behar dute.

Ordea, Udaleko Hirigintza Sailak esan du ez diola LKS Ingenieriari ardura ofizialik eskatuko. Areago, Udal-gobernuak gura du LKS izatea berriro obren zuzendaritza Aprendiceseko obrei berrekingo zaienean.

Kontratua eten ahal izateko, Plenoak baiezkoa eman beharko du. Izan ere, Aprendicesen inguruko halako erabakiek Plenoaren eskumena, konpetentzia da. Baina Udal-gobernuak asmo du Plenoari gai honen eskumena kendu eta erabakiak berak hartu.

Kontuan hartzekoa da Plenoan esaten diren gauza denak aktan jasotzen direla, baina Udal-gobernuko bileretan ez da hala egiten, Udal-gobernuak erabakitzen duelako zer jarri aktan eta zer ez. Ondorioz, Udal-gobernuko bileretan esandako dena ez da publikatzen.

Horretarako, Udal-gobernuak biharko (asteazkena) Plenoa deitu du. Udal-gobernuak azkarrago egingo luke prozesu administratiboa baina “hori ez da beharrezkoa, Plenoaren bitartez ere prozesua garaiz osa daitekeelako”.

Gainera, koronabirusaren ondorioz, “plazo administratiboak geldi daude, eta demandak ez dira onartzen, ezta erantzuten ere”.

Oposizioak gehitu du “maiatzaren azken astera arte ere Plenoa egin daitekeela, ekainaren 1era arte ez direlako plazoak berriro abian jarriko”.

Biharko plenoan 21 zinegotzietatik 7 soilik parte hartu ahalko dute, eta hedabideei ez zaie bertaratzeko deialdirik egin, baina Udal-gobernuak jakinarazi duenez, streaming bidez jarraitu ahalko dute.

Biharko plenoan parte hartzekoak dira EAJ-PNVko 3 ordezkarik, EH Bilduko 2k, PSEko 1ek eta Elkarrekin Arrasateko 1ek. Beraz, baliteke Udal-gobernuko bi taldeek gehiengoa izatea, baina oposizioak erabaki lezake ez aurkeztea. Horren ondorioz, kuorumik ez zen egongo eta plenoko erabakiak ez lirateke indarrean sartuko.

Udalak gura du obrei berrekitea Juan Arzamendi Musika Eskola amaitzeko, eta hartara beste konstruktora bat kontratatu beharko du. Horrek gainkostu bat suposatuko du arka publikoarentzat.

Gainera, eraikina orain tapatu barik dagoenez, 100.000 € inguru erabili beharko ditu Udalak eraikina kontserbatzeko. Txosten juridikoak proposatzen du, lan horiek Lurgoienek egin ezean, “Udalak orain bere gain hartzea gastu horiek” baina gero “balizko kalte-ordain bezala” konstruktorari ordainaraztea. Obrei berrekiteko beste balizko oztopo bat izan liteke Lurgoienek salaketa aurkeztea.

Mondraberri Udal-gobernuko ordezkaritzarekin harremanetan jarri zen atzo (astelehena), gai honen inguruan Udal-gobernuak duen ikuspuntua azaltzea eskainiz, baina egunkari honek oraingoz behintzat (astearte gauean) ez du erantzunik jaso.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen