Udalak 1.000 eta 1.400 € arteko laguntza emango dio ostalaritzako lokal bakoitzari

0
1178

Itxierari aurre egiteko, “Udalak 300.000-350.000 € inguruko partida onartuko du urgentziaz”. Laguntza zuzen hau “ez dute jasoko normaltasunez zabalik jarraitu ahal izan duten negozioek”. Diru laguntzak “hilabetero emango da, ostalaritza berrireki ahal izan arte”.

Gaur goizean prentsaurrekoa egin dute Udal-gobernuko Maria Ubarretxena alkateak (EAJ-PNV) eta Victoriano Fuentes zinegotziak (PSE).

“Guk ere asteazken gauean telebista bidez izan genuen LABIaren erabakiaren berri. Hau da, Arrasateko ostalaritzari ez ziotela berrirekitzen utziko, bai ordea inguruko herrietako ostalariei, baita antza (500eko inzidentzia tasa gainditu arren) 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietako ostalariei ere”.

Hortaz gain, “arrasatearrak larunbatetik aurrera herritik irten ahalko dira”. Hori guztia “agrabio konparatibo ikaragarri bat iruditu zitzaigun gure herriko ostalaritzarekin alderatuta”.

Izan ere, “arrasatearrek beste herrietan kontsumitu ahalko dute, nahiz eta arduraz jokatzen dei egin diguten”.

“LABIaren erabakia jakin ostean, Udal gobernuak bilkura egin zuen telematikoki, asteazkenean gaueko 23:00etan, gure gobernukide alderdi sozialistarekin”.

“Erabaki genuen, ostalaritzaren egoera ikusirik, diru laguntza zuzenak ematea. Kontuan hartu behar da oraindik ez dela jakin noiz arte egon beharko duten itxirik”.

Atzo goizean Udala ostalarien ordezkaritza batekin harremanetan jarri zen, eta arratsaldean bilera egin zuten. “Udaletik eskertu nahi dugu ostalaritzak izan duen jarrera konstruktibo eta positiboa. Bilera oso ondo joan zen, eta euren egoera zaila ikusirik, eskertzen dugun euren talante positiboa”.

“Laguntzak eurekin adostu ditugu, eta erabaki dugu jarraipen bilera batzuk egitea. Gabonen ostean, urtarrilean, berriro elkartuko gara, ostalaritzaren egoera zein izango den aztertzeko, eta Udalak hartu ahalko dituen neurriak aztertzeko”.

Atzoko bileran adostu zuten “Udalak laguntza zuzenak ematea ostalaritzari, bai erabat itxita dauden negozioei, baita %100ean funtzionatzen ez dabiltzanei ere (bokatak prestatzen eta saltzen dituztenak esaterako)”.

  • 0 eta 3 langile artean dituzten negozioei: 1.000 € hilabeteko, itxita dauden bitartean
  • 4 eta 6 langile artean dituzten negozioei: 1.200 € hilabeteko, itxita dauden bitartean
  • 7 langiletik gora dituzten negozioei: 1.400 € hilabeteko, itxita dauden bitartean

Azaroko itxiera kontuan hartuko da, eta “beraz azarokoa ere ordainduko die Udalak”.

“Udalak ez die kobratzen jarraituko zabor-tasa, uraren tasa finkoa eta terrazen gaineko tasa. 2021ean neurri horiekin jarraituko dugu”.

Terrazetan egokitzapenak egiteko laguntzari dagokionez, Udalak lasaitasun mezu bat helarazi nahi izan du: “Aurten laguntza hau jasotzerik izan ez dutenek, urtarrilean laguntzaren deialdi berri bat (bigarrena) egingo dugu, eta orduan lekua izango da. Inor ez da geratuko laguntza hau jaso barik”.

Arrasaten ostalaritzako “90-95 negozio inguru daude, eta diru laguntza zuzenen partida 2021erako Aurrekontuetan sartuko ditugu urgentziaz, 300.000-350.000 € inguru bideratuz”.

Beraz, “ostalariek lehen laguntza (azaroari dagokiona) urtarrilean jasoko lukete. Hemendik aurrera, diru laguntzen zirriborroa ostalariekin jorratuko dugu. Ondoren, Udalean onartuko ditugu eta Boletin ofizialean argitaratu. Ondorioz, aurten jada ez dago astirik lehen kobrantza egiteko, eta urtarrilean izango da”.

Diru laguntza jasotzeko, “negozio bakoitzak eskaera bakarra egin beharko du, hau da, ez du hilabetero eskaera aurkeztu beharko.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen