2021 urteko kontsumoa 2017koarekin alderatuta. 190.000 € eta 1.054.000 Kilowatio aurreztu zituen. Horretan eragin du adibidez Udalak “ia milioi bat € erabiltzea argiteria publikoan LED teknologia jartzeko”. Ondorioz “egun farolen ia %60 aldatu ditugu LEDera, hau da, 2.680”.
Grafikoa: Udala.
Larrialdi klimatikoaren baitan, Udalak “trantsizio energetikoaren barruan” hartutako zenbait neurri eta datozen pausoak azaldu ditu.
Hartara, prentsaurrekoa egin zuen atzo, eta bertan aritu ziren Maria Ubarretxena alkatea, Victoriano Fuentes Zerbitzuetako zinegotzia, eta Ander Garay Ogasuneko eta Kiroletako zinegotzia.
Alkatearen hitzetan, “berriak ez gaitu harrapatu, egoera honek, eta etxeko lanak egiten etorri gentozen, azken 5 urteetan behintzat oso serioski”.
“Azken lauzpabost urteetan milioi bat eurotik gorako inbertsioa egin du Arrasateko Udalak, batez ere argiteria publikoa eta hainbat eraikinen argiteria LED teknologiara aldatzen”.
“Horrek aurrezki garrantzitsuak eragin ditu bai dirutan baita kontsumoan ere”. Mondraberrik galdetu du ea murrizketa horretan pandemiak-konfinamenduak ere eragina izan duen, eta Udalak ondokoa adierazi du:
“Udaletxeko eta kiroldegiko gastuetan eragina nabarmena da: udaletxeko kontsumoa poliki jaisten doa eta kiroldegian pandemiaren ondorioz jaitsiera nabarmena izan da”.
Bide publikoko argiteriari dagokionez, “ia erdira jaistea lortu da Udalak ordaindu beharrekoa, eta kontsumoan ere murrizketa oso garrantzitsu bat lortu da”.
Adibidez, “azken urteetan” LED argiak jarri ditu Bedoñabe eta Erguin herri eskoletan, BAZ, Kulturateko zatirik handiena eta Iturripeko kiroldegian.
“Datorren urterako, Uarkapeko argiak LED teknologiara aldatuko ditugu, horretara 30.000 € bideratuz. Uarkapeko teilatuan plaka fotovoltaikoak jarriko ditugu, 40.000 euroko inbertsioarekin”. Etxaluzeko eraikinean “LED argiak aldatuko ditugu datorren urtean”.
Guztira Udalak “ia milioi bat Kw orduko murrizketa bat egon dela” adierazi du. Bere hitzetan “urtez urte” murrizten joan dena, eta “horrek dirutan eragina izan du”. “Inbertsio potoloena” argiteria publikoan egin du.
Udal-gobernuak 2017, 2019 eta 2021eko datuak jakinarazi ditu oraingoz baina ez ditu jakitera eman 2018ko eta 2020ko datuak. Mondraberrik datu hauek eskatu dizkio.
Alkatearen esanetan, “energiaz aparte, esfortzu handiak egin ditugu CO2 murrizten”. Dena den prentsaurrekoan ez du balizko eboluzioaren inguruko daturik eman.

2018an Mugikortasun Plan bat onartu zuen aho batez Osoko Bilkurak, eta Plan horretako “hainbat neurri aurrera eraman dira, besteak beste”:
“Bidegorri sarea osatzen joatea, igogailu publikoak ipintzea, TAO sistema eta bus geltokiaren aldaketa. Helburu izan dute ibilgailu pribatuaren presentzia gutxitzea gure kaleetan”.
“Kontuan hartzekoa da Arrasaten 14.500 ibilgailu pribatu erroldatuta ditugula”. Gainera, 9.000 ibilgailu pribatu sartzen dira egunero gure herrian. Horrek eragiten du gure herrian CO2 “gehien” isurtzen duen “sektorea” garraioa izatea.
CO2dun ibilgailuen joan-etorriek isurtzen dute “CO2 guztiaren %31’3 eta industriak %30’9. Helburua da gure herria oinezkoentzat eta bizikletentzat berreskuratzea. Baita sanoagoa, aire kalitatea hobetzea, berdeagoa eta lasaiagoa”.
Arruenako parkinga ibilgailu pribatuentzako zabalik jarraitzen du. Herri-busaren 3. linea erabiltzeko ireki zen, baina 3. linea ia osorik eten da. Beraz, Mondraberrik galdetu du ea Arruenak zabalik jarraituko duen edo ez: “Bere horretan mantenduko da”, “parking disuasorio”, Ander Garay Kiroletako zinegotziaren esanetan.
Zerbitzuetako zinegotziak, Victoriano Fuentesek azaldu du Udalak egun “4.500 farola dituela argiteria publikoan, eta 2017tik inbertsio indartsu bat egiten ari da LED teknologiara igarotzeko”.
Horretarako, “azken 4 urteetan ia milioi bat euro gastatu ditugu LED teknologian, eta egun farolen ia %60 aldatu ditugu LEDera, hau da, 2.680″.
Iaz argiteria publikoan “162.500 euro gastatu genituen, 1’4 milioi Kw/orduko kontsumituz. Urtarrila eta abendua kontsumo gehieneko hilabeteak dira”.
Horrela, “urtarrilean gastua ia 20.000 eurokoa da eta abenduan 15.000koa. Gastu gutxien duen hilabetean 10.000 ingurukoa da”.
2017an Udalak “298.000 € erabili zituen argiteriaren kontsumorako”. 2021 urteko “kontsumoa 1’4 milioi Kw/ordukoa zen eta 2017koa 2.150.000 Kw/ordukoa. Beraz, murrizketa nabarmena da”.
“Herri ia osoko argiteria berritzen ari gara, bai udal-eraikinetan baita argiteria publikoan ere. Energia aurreztuz CO2a murrizten dugu. Atmosferarako isurketa 34’80 tonakoa dugu, murriztu dena”.
Teknologiaren aldaketaren amortizazioa “4 urte baino denbora laburragoan lortzen ari gara, aurrezpen energetikoari esker. 2023rako aurrekontu bat daukagu aldaketarekin jarraitzeko”.
Udalaren energia-kontsumoaren “zati handi bat kirol-instalazioek eramaten dute” Ander Garay zinegotziak adierazi duenez.
“Musakola, Mojategi, Uarkape eta Iturripe” ezberdindu ditu, eta jakitera eman du “horien guztien kontsumoaren erdia baino gehiago Musakolak eramaten duela”.
Gehien kontsumitzen duten bigarren instalakuntzak “Mojategi da %25arekin, Uarkapek %16arekin eta azkenean Iturripek %9arekin”.
Udalak Iturripeko argiteria aldatu du “LEDera, aurten 32.000 euroko inbertsioarekin. Aldatuko dugun hurrengo instalakuntza Uarkape izango da. Halaber, teilatuan plaka fotovoltaikoak jarriko ditugu, horretarako prest egonda”.
Musakola kiroldegiaren energia-kontsumoa 2021ean “605.808 Kw/ordukoa izan zen, eta hori dirutan eramanda 68.000 € gastatu genituen, eta gasean 45.000 €”.
Kiroletako zinegotziak onartu du “batez ere Musakolako instalazioak zaharkituta daudela, guztiok jakin dakigunez. Beraz, epe motz, ertain eta luzerako erabakiak hartu behar dira”.
Epe motzeko erabakietako bat da “Musakolako igerilekuan, kontsumo handiena duen instalakuntza izanda, gradu bana jaitsi da uraren tenperatura eta klimatizazioa”.
Tenperaturez galdetuta, zinegotziak erantzun du “gutxi gorabehera, 32 gradutik 31ra igerileku txikia, eta handia 28tik 27ra. Jaurlaritzak gutxieneko eta gehienezkoak markatzen ditu”. Orain “erdibidean gaude”. Igerilkuaren klimatizazioari dagokionez, “27tik 26ra jaitsi da”.
Horrek suposatuko du “gasaren kontsumoan %7ko” aldaketa izatea uraren tenperaturan “eta beste %7ko bat klimatizazioan. Uste dugu epe motzerako erabaki egokia izango dela”.
“Ikusten joan gara ea gradu bat jaistea nahikoa den edo gradu gehiago jaitsi beharko den. Izan ere, igeriketarako gutxieneko tenperatura bat egon behar da”.
Epe ertain eta luzera, Musakola instalazioak “zaharrak direnez, kirol-azpiegituren prozesu bat egiten gabiltza, instalakuntzak iraunkorrak izateako etorkizunean”.
Musakola eta Iturripe “iraunkortasunean sartuko” dituzte “epe ertain” batean. “Mojategi ere, berria den arren, iraunkortasunera bideratuko dugu”. Oro har, eraikin publikoak “19 gradutan izango ditugu”.
Udal-gobernuak alderatu nahi izan ditu Musakola kiroldegiko (igerilekua, dutxak, pistetako argiteria,…) eta udetxeko energia gastuak. Horrela, azpimarratu nahi izan du “Kiroldegiak Udalak baino halako 7 gastatzen duela”.
2021eko datuak kirol-instalakuntza guztietako gastuak: “Erronka bat daukagu etorkizunera begira, gure kirol-instalakuntzak jasangarriak izan daitezen”.
Udal-gobernuak prentsaurrekoa aprobetxatu du berriro beste egitasmo batzuk azpimarratzeko: Ekiola edota Shrec.
Gabonetako argiteriari dagokionez, Udalak aurten ere jarriko ditu “baina bere ordutegia bi orduz murriztuko dugu egunero”.
“Orain arte piztuta egon dira 18:00etatik 24:00etara, eta aurten piztuta egongo dira 18:00etatik 22:00 arte”.
Iazko gabonetako argiterian Udalak “604 €, BEZ barne eta fakturako inpostu guztiak kontuan hartuta”, alkatearen hitzetan.
Esan duenez diru kopuru hori da sasoi horretako “argiteria publiko guztiaren gastuaren %3’5”. Ordutegiaren murrizketaz galdetuta, Udalak onartu du neurri horren eragina mugatua dela. Baina “aurten energia garestiago dago, eta gastuaren faktura jakitera emango dugu”. Aurtengo gabonetako aurrezpena “200 eurokoa izan daiteke”, alkateak aurreikusi duenez.
Mondraberrik Udal-gobernuari 2018ko, 2020ko eta 2022ko datu orokorrak eskatu zizkion atzo. Udal-gobernutik erantzun zuten prentsaurrekoan “erabili diren urteak lagin bezala aukeratuak izan direla teknikoengatik. Azterketa teknikoa egin da”.
Albistea osatzen gabiltza
Dirue ta dirue!
Gabetan ez da bape be ikusten!