Udalaitzeko gurutzearena: Debaldeko talde lanaren emaitza [Testua: Ramon Ugalde]

1
1578

Aurten beteko dira 50 urte Udalaitzeko gailurrean gurutzea jarri zela. Euskal Herrian nahiko zabalduta egon da mendi tontorretan gurutzeak jartzeko ohitura. Askotan gurutzeak egurrezkoak edo harrizkoak izaten ziren, leku izenetan hor geratu dira Zurkutz edo Arrikutz moduko toponimoak.

Baina gurutzeak mendi gailurretan jartzeko “beroaldiak” joan zen mendearen hasieran izan zuen. Leon XIII.ak, Aita Santuak mende berriari ongi etorria egiteko kristau lurraldeetako mendi gailurretan gurutzea jartzeko gonbitea egin zien mundu guztiko kristauei. Orokorrean urte haietan euskaldunok oso katolikoak ginen, kristau zintzoak. Eta gure inguruan oñatiarrak izan ziren lehenak gurutze bat jartzen Aloñan edo zehazkiago esanda: Gorgomendin. 1901erako gurutzea jarrita zeukaten. Hori bai, esan beharra dago gurutzea Arrasaten egin zutela Vergarajauregui Resusta y Cia lantegian.

Hurrengoak atxabaltarrak izan ziren 1928an Kurtzebarrin gurutzea jarri zutenak. Muruko gurutzea ere atxabaltarrek jarri zuten 1950ean. Aramaion ere bi gurutze jarri zituzten Tellamendin bata 1934an, eta gerra ostean bestea Asensiomendin.

Izan ere, XX. mendean jartzen ziren gurutzeak metalikoak izaten ziren, burdinazkoak. Aloñamendikoa, Gorgomendikoa tuboekin eginda dago eta gainerakoak burdinazko perfilekin eta errematxeekin. Teknikoki ez zeukaten konplikazio gehiegi, adibidez Oinatiko gurutzea dagoen tokiraino eramateko bi idi pare nahikoak izan ziren. Eta uste dut gainerako gurutzeak piezatan eramango zituztela eta gailurrean bertan muntatu.

Eta bestaldetik gailur horietara iristea ere errazagoa da, ia bertara iritsi daiteke ibilgailu egoki batekin.
Udalaitzen horrelako zerbait egitea zailagoa da dudarik gabe. Bestaldetik aurreko urteetan ere giroa ez zen izango egokiena gurutze bat jartzeko mendi tontor batean. Errepublikaren urteetan Arrasate nahikoa laikoa izan zen, ezkertiarren nagusitasunarekin oso zaila izango zen horrelako ekimen bat planteatzea ere.

Gerra ostean ordea giroa bestelakoa zen, eta leku askotan jarri ziren gurutzeak. Udalaitzekoa nahiko berandukoa da, 1971koa gurutzeak jartzeko ohitura nahiko pasatuta zegoenean. Desarrollismoaren urteak ziren, garapen ekonomiko handiko urteak eta euskal gizartea dagoeneko nahiko laikoa zen, erlijioaren praktika gutxitzen hasita zegoen, seminarioak eta komentuak husten … Gurutze honekin ziklo bat bukatu zela uste dut.

Motibazioak ere diferenteak izan ziren: Aloñakoa Aita Santuaren dei bati erantzuteko, Tellamendiko gurutzearen helburua gizarte bakea eta zoriona zabaltzeko 1934ko Urriko Iraultzaren ondoren …

Udalaitzekoan Jan da Lo taldearen helburua Erregetxo hil berriaren nahia betetzea omen zen. Kontatzen dutenez Erregetxok askotan esaten zien ze pena ematen zion Udalaitzek gurutzerik ez edukitzeak. Inguruko gailur guztiek zeukaten eta! Gabezia hori konpondu beharra zegoen eta Jan da Lokoek lanari ekin zioten. Lan horretan ez ziren bakarrik egon, koadrila hartakoek 40 urteren bueltan zeuden sasoi haietan eta mutil gazte askoren laguntza izan zuten, batez ere kooperatiben inguruko mutilena. Lan gehiena, guztia ez esatearren, dohainekoa izan zen, debaldekoa.

Udalaitzeko gurutzea farola batzuen posteekin eginda dago, erabilera alternatibo bat eman zieten posteei. Farola posteak Oñatin egiten ziren TAIGAR, Talleres Igartua fabrikan. Bertan lana egindako andra batek kontatzen digu bera ez dela gogoratzen inongo faktura egin zuenik, segurutik eman egingo zuten edo bestela gazteren batzuk “eraman”. Posteen moldaketak, gurutzea lortzeko TACI, Arrasaten eta Alecopen egin ziren, hiru edo lau zapatutan, ezer kobratu gabe, noski. Area ere debalde lortu zen harrobitik, porlana ere boluntarioen “dohaintzak” edo orduan esaten zen bezala “emaitzak” ziren.

Baimena ere ez zuten eskatu Arrasateko udalean, eta udalak ez zuen inolako eragozpenik ipini. Irudikatu ezazue udal teknikari bat multa prestatzen baimenik gabe obra bat egiteagatik eta gurutzearen balioa kalkulatzen %5eko tasa kobratzeko.

Esan bezala Gurutzea Alecoopen prestatu zuten eta kamioi batean eraman zuten Udalaraino. Udalatik gailurreraino eskuz, “txingaerute” teknikarekin, horretarako propio asmatutako teknika berezi batekin. Bide zuzena barik Txukurrillokoa hartu zuten, bertako zelaia, malkartsua izan arren garbiagoa baita horrelako garraio bat egiteko.

Gurutzea igo eta jarri bere lekuan 1971ko urriaren 2an egin zuten. Hirurogeita hamar lagun bildu ziren lan hori egiteko. Udalatik hasi ziren, 14:30ean eta bi ordu eta erdi geroago gailurrean zeuden.

Aurreko egunetan gurutzea jartzeko lekua prestatuta zeukaten. Gorabehera batzuk izan zituzten baina aparteko arazorik gabe gurutzea nahiko azkar jarri zuten zutik.

Ekimen horretan parte hartu zuen batek kontatu zigun igoaldia oso polita izan zela, giro ona zegoela eta oso pozik ibili zirela lan hori egiten. Gustuko lekuan, aldaparik ez. Hau da gogoz eta ilusioz egindako lanetan neke fisikoa txikiagoa da eta poztasuna handiagoa.

Gurutzea jartzeko “justifikazioa” Erregetxoren nahia betetzea izan ei zen. Jan da Loko kide guztiek ez zeuden ados pentsatzen zuten “gurutzeak jartzeko epea” pasatuta zegoela. Agian arrazoia zeukaten. Geroago ekimenari indar gehiago edo emateko pentsatu zuten hildako mendizaleen oroimenez jartzea gurutzea. Urte hartan Mondragoeko beste bi mendizale hil ziren; Pako Azpiazu eta Luis Zabaleta. Horrek indar gehiago ematen zion ekimenari. Dena dela, nire iritzian, ekimen horren oinarrian herri sentimendu bat zegoen: Udalaitz inguruko beste gailurren parean jartzeko nahia gurutze dotore batekin. Niri asko gustatzen zait, bai Arrasatetik begiratuta eta bai bertatik ere. Inguru hori oso atsegina egiten zait: Gurutzea, zelaia, komentu zaharraren aztarnak … Portatu ziren!

Urte haietan Arrasaten bazegoen Jose Manuel Arriola, “Dongi” izeneko aguazila, orain udaltzainak dira baina berak zioen bera “kale-zaina” zela. Bertsolaria ere bazen eta bertso batzuk eskaini zizkion Gurutze Jartzeari. Denak ez baina ale polit batzuk ekarriko ditut artikulu honetara, berak idazten zuen moduan, gipuzkeraz:

Ain egintza jatorra
Ta ustez betiko,
Lotsarik ez duana
Bate ekarriko
Etzaio,ez,iñori
Iñoiz damutuko.
Naiz aitzkalderra izan
Baidegu etxeko,
Pitxi oberikan zer
Zitzaion jarriko?

Ez dakit betirako izango den, 50 urte nahiko ondo eraman ditu.

Gurutzea urte hartako urriaren 12an bedeinkatu zuten, meza batekin eta sekulako jendetza joan zen. Hurrengo urteetan urriaren 12an Udalaitz eguna ospatzen zuten eta hildako mendizaleen oroimenez meza ematen zuten bertan. Orain uste dut ez dela ezer berezirik egiten.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen