“Udalaitz arrezife batean sortu zen eta bertan fosilak aurki daitezke”

0
891

Asier Hilario Orus Geologian doktoreak Pirinioen inguruko hitzaldia eman du, Goienagusik antolatuta. “Nire ustez gure Himalaya txikiak dira” eta “geologikoki oso erakusgarriak dira”.

Goiko eta azken argazkia: Goienagusi.

Goienagusik antolatuta, gaur goizean Asier Hilario Orus-ek eman du hitzaldia, besteak beste, Geologian doktore.

Hortaz gain, Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeko koordinatzaile zientifikoa da eta Geologia Zientzien Nazioarteko Batasuneko Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordeko (IUGS) presidentea.

Ekitaldia Kulturaten egin da, eta herritar ugarik adi jarraitu dute ‘Pirineoak: mendien ikuskizun geologikoa’ hitzaldia.

“Nire ustez Pirinioak gure Himalaya txikiak dira, oso zorionekoak gara gugandik hain gertu halako arnasgune bat izateagatik. Gainera, tamainari dagokionez, oso-oso orekatuak dira, izan ere, inguru honetako mendiak baino handiagoak dira (gu txiki sentiarazteko modukoak) eta aldi berean oso ibilgarriak dira (udan bereziki mendizale ugari dabiltza gora eta behera)”.

Adibidez, ibilgarritasun hori “ez daukate Alpeek, nire ustez beldurgarriagoak dira eta mendizaleei prestaketa maila altua eskatzen diete. Pirinioak, ordea, inpresionatzen gaituzte baina ibilgarriagoak dira”.

Gainera, “Pirinioak geologikoki oso erakusgarriak dira, eta arroka mota ezberdin asko ikusgai dituzte. Berez bi mendikate dira, lehenbizikoa duela 250 milioi urte sortu zen Pangearekin batera. Baita higatu ere”.

“Mendikate zahar haren gainean itsasoa berriro sartu zen, arroka berriak metatu ziren, eta hori guztia berriro altxatu zen egun dugun Pirinioak sortuz”.

Pirinioetan egitura geologikoak “oso ondo ikusten dira, hiru dimentsiotan, eta bisitatzeko oso erakargarria da. Horregatik Europa osotik Unibertsitateak etortzen dira ikusgarritasun horrek erakarrita”.

Gaurko hitzaldian Asier Hilario Orus-ek azaldu du Pirinioen “historia konplexu hori, nolakoa izan den eta bere zantzuak non ikus daitezkeen”. Hartara, 50 mendi inguru ezberdinen irudiak erakutsi ditu hitzaldian zehar.

Horri esker, “mendizaleak ohar daitezke ezagutzen dituzten Pirinioetako mendi horiek puzzle konplexu baten piezak direla, eta horietako bakoitzak informazioa eskaintzen dizkietela”.

Izan ere, “Pirinioetan mendi gorriak, zuriak, beltzak, marroiak,… daude eta aniztasun horrek badu bere zergatia. Hitzaldiaren helburuetako bat da ere ulertzera ematea Pirinioetako bailara erraldoiak glaziarrek sortuak direla”.

Aditu eta dibulgatzaile honen helburuak dira “informazioa emateaz gain, entzuleei eta irakurleei tresnak ematen saiatzen naiz, gero eurak mendira joatean gauzak uler ditzaten”.

Hartara, “nik hitzaldian zehar galdera ugari egiten ditut, entzuleak pentsatzen jartzeko”. Oro har “jendeari transmititu nahi diot nik mendian gozatzeko dudan aukera, paisaia ulertzeko erremintak ematen dizkiot”.

“Ni mendian buruari galderak egin gabe ibiltzea da museoan begiak itxita ibiltzea bezalakoa. Mendikateak eta bereziki Pirinioak museo erraldoiak dira. Gako batzuk ezagutzeak ematen dizu mendi horietaz beste era batera ere gozatzeko aukera”.

Hitzaldian Udalatx ere hizpide izan du: “Udalaitz duela gutxi gorabehera 100 milioi urte koralezko arrezife erraldoi batean (atoloi antzeko batean) sortutako kareharri masa handi bat”.

Horregatik, Udalaitzen “fosil itsastar ugari aurki daitezke mendi honetan, batez ere koralak eta batik bat errudistak. Udalaitz da Anboto, Aizkorri, Izarraitz, Ernio edo Txindokik osatzen duten arroka berdinak”.

Duela 100 milioi urte, Euskal Herria itsaso azpian egotean, “arrezife, atoloi batzuk sortu ziren, eta bertan pilatutako biomasa kareharri bihurtu zen eta mendi zoragarri hauek sortu ziren”.

Kareharrizko arroka hauek “hasiera batean oso gogorrak dira baina kimikoki oso ahulak, urak disolbatzen baititu, horregatik mendiotan hainbeste zulo, kobazulo,… daude. Horren adibideetako bat da Lezetxiki, eta berari buruzko erakusketa bat ikusi dut gaur hemen, Kulturaten”.

Informazio zabalagoa hemen klikatuz

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen