Udala: “TAO abenduan abiatzekoa da, eta bertakoek bermatuta dituzte etxe bakoitzeko 2 txartel”

4
2605

Udal-gobernuak TAOaren inguruko prentsaurrekoa eman du gaur, irailak 23 dituenean. Agerraldian Maria Ubarretxena alkateak eta Ibon Arrupe Hirigintza, Mugikortasun eta Ingurumen zinegotziak parte hartu dute.

TAOaren hasiera atzeratuko da “TAOaren makinetarako txipak ez daudelako oraingoz”.

Udalak azaldu duenez “makinei jarri nahi dizkiegu azken belaunaldiko txipak, eta autogintza sektorean gertatu bezala, makina hauen produkzioan ere txipak falta dira”.

“Makina horiei esker, eskuko mugikorrarekin TAO ordaindu ahalko da. Adibidez, erabiltzailea denda batean badago, eta TAOaren denbora agortu bazaio, dendatik eta mugikorrarekin TAOaren denbora luzatu ahalko du”.

Txiparen arazoa gainditu ostean, “asmoa da TAO abenduan abiatzea, eta gutxienez 2 hilabeteko probaldian egitea. Hau da, abenduan eta urtarrilean. Tarte horretan ez da isunik jarriko, sistemara egokitzeko. Baliteke oharrak jartzea txarto aparkatutako ibilgailuei”.

Denera Udalak 17 makina jarriko ditu han eta hemen, eta hasieran 7 langile ibiliko dira kaleetan arauak betetzen direla zaintzen.

Bertakoen txartelei dagokienez, Udalak ziurtatu du “bertakoen etxebizitza guztiek bina txartel izatea bermaturik dutela”.

Bertakoen txartela lortzeko TAOaren bulegora bertaratu beharko da herritarra. Bulego hau urriaren 4tik (astelehena) zabalik izango da. Bulegoari kontsultak egiteko, bertaratu (Olarte kalea, 16), telefonoz deitu (943 101 006) edo tao@arrasate.eus helbidera idatzi.

Bertakoentzako txartela erosteko, Udaletik bertakoentzako etxeetara laster eskaera-orria bat iritsiko da. Txartela erosi nahi dutenek eskaera-orria bete beharko dute eta TAOaren bulegoan aurkeztu beharko dute.

Beste agiri hauek ere aurkezu beharko ditu: DNIaren kopia eta gidabaimenaren kopia, besteak beste. Agiri guztiak zehaztuko ditu Udalak laster etxeetara bidaliko duen gutunean.

Herritarrak agiri horiek guztiak entregatu ahalko ditu TAOaren bulegoan egongo den postontzi batean. “Agiriren bat aurkeztea falta bada, bulegokoek hala jakinaraziko diote”.

Tramitazio hori “urriaren 4tik aurrera egin ahalko da. Hala ere, jendea lasai egon dadila, hilabete batzuk egongo baitira bertakoen txartela lortzeko”. Oro har, TAOek ondoko ezaugarriak izango dituzte:

Express TAO:

  • Lerro urdina eta zuria dauzka.
  • Ordutegi jarraitua izango du astelehenetik ostiralera: goizeko 09.00etatik arratsaldeko 20.00etara.
  • Zapatuetan goizeko 09:00etatik 13:30era.
  • Gehienez 30 minututan aparkatuta egon ahalko da.
  • Arrasaten erroldatutako ibilgailuek aparkaldiko lehen 15 minutuak doan izango dituzte automatikoki. 30 minutuko aparkaldiaren truke: 0’20 €.
  • Arrasaten erroldatuta ez dauden ibilgailuentzako prezioak: 15 minutu 0’20 €. 30 minutu 0’40 €.
  • Azpigune horretan ezingo da aparkatu 2 ordu igaro arte.
  • “Bertako txartela dutenek ezingo dute Express TAOan aparkatu”.
  • Azoka plaza ondoan, Taupa aurrean, Ospitale-anbulatorioaren aurrean eta atzean, Uribarriko Laboral Kutxa ondoan, Biteri kalean, Elmako etxeetako Euskal Herria plazako kurban, Nafarroa hiribidean botikaren ondoan eta Zarugaldeko botikaren ondoan.

Doako TAO:

  • Lerro urdina eta gorria dauzka.
  • Ordutegi jarraitua izango du astelehenetik ostiralera: goizeko 09.00etatik arratsaldeko 20.00etara.
  • Zapatuetan goizeko 09:00etatik 13:30era.
  • Gehienez 90 minututan aparkatuta egon ahalko da.
  • Azpigune horretan ezingo da aparkatu 3 ordu igaro arte.
  • Bertan ezingo da aparkatu bertakoentzako txartela erabiliz. Beraz, bertan aparkatu nahi ezkero, tiketa erosi beharko da.
  • Ferixalekuan, Araba etorbidean BM parean eta Munarren Mallalde-Nebraska ondoko parkingean.
  • “Egoiliarrek egoiliarren txartelarekin ezingo dute doako TAOan aparkatu”.

TAO arrunta:

  • Lerro urdina da.
  • Astelehenetik ostiralera goizeko 09:00etatik 13:30ak arte eta arratsaldeko 15:30etik 20:00etara.
  • Zapatu, domeka eta jaiegunetan ez da egongo.
  • Gehienez 180 minututan (3 ordutan) aparkatuta egon ahalko da.
  • Arrasaten erroldatutako ibilgailuentzat doakoa izango da aparkaldiaren lehen ordu erdia.
  • Bertakoentzako txartela izango dutenek TAO arruntean aparkatu ahalko dute, bizi diren barrutian soilik.
  • Bertakoentzako txartela izango dutenek denbora mugagabean aparkatuta eduki ahalko dute ibilgailua TAO arruntean.
  • TAO arruntaren prezioak: 15 minutu 0’20 €. 30 minutu 0’40 €. Ordubete 0’80 €. Ordu eta erdi 1’20 €. Bi ordu 1’60 €. Bi ordu eta erdi 2 €. Hiru ordu 2’40 €.
  • Azpigune horretan ezingo da berriro aparkatu 3 ordu igaro arte.

TAO luzea:

  • Lerro urdina eta berdea dauzka.
  • Astelehenetik ostiralera goizeko 09:00etatik 13:30ak arte eta arratsaldeko 15:30etik 20:00etara.
  • Zapatuetan, domeketan eta jaiegunetan ez da izango.
  • Goizeko edo/eta arratsaldeko txanda lortu ahalko dira tiketa erosiz.
  • Prezioak: goiz osoa 1’50 €. Arratsalde osoa 1’50 €. Goiz eta arratsalde osoa 3 €.
  • Arrasaten erroldatutako ibilgailuek ez dute izango ezelako tarifa onurarik.
  • Bertakoentzako txartela izango dutenek denbora mugagabean aparkatuta eduki ahalko dute ibilgailua TAO luzean, baina bizi diren azpiguneko TAO luzean soilik.

Bertakoentzako TAO:

  • Lerro zuria dauka, baita B eta R letrak ere.
  • Astelehenetik ostiralera goizeko 09:00etatik 13:30ak arte eta arratsaldeko 15:30etik 20:00etara.
  • Zapatuetan, domeketan eta jaiegunetan ez da egongo.
  • Bertakoentzako txartela izango dutenek denbora mugagabean aparkatuta eduki ahalko dute ibilgailua bertan.
  • Bertakoentzako txartela izango dutenek bizi diren barrutiko Bertakoentzako TAO gunean aparkatu ahalko dute. “Hau da, adibidez 0.1 azpiguneko txartela duenak ezingo du 0.2 azpigunean aparkatu”.
  • Hau da, bertakoentzako txartela dutenek ezingo dute aparkatu euren azpigunekoak ez diren Bertakoentzako beste TAO aparkalekuetan.
  • Aparkatu ahalko dute ere euren azpiguneko TAO arruntean eta luzean. Baina ezingo dute aparkatu beste azpiguneetako TAO arruntean eta luzean.
  • Ezingo dute aparkatu edozein Express TAOan eta doako TAOan.
  • Bertakoentzako txartel bakoitza ibilgailu bakar bati lotuta erabili ahalko da.

1) Bertakoentzako TAO txartel arrunta:

  • Txartel hau lortzeko ibilgailu zehatz baten jabea izan behar da, baita pertsona fisikoa izatea ere.
  • “Arrasateko ohiko bizilaguna” izan behar du, eta erroldatuta egon behar du TAOaren barrutietako batean.
  • Turismo bat, turismotik eratorritako ibilgailu bat edo ibilgailu misto moldagarri bat izan behar du.
  • Etxebizitza bakoitzeko gehienez Bertakoentzako bi txartel arrunt lortu ahalko dira.
  • Prezio orokorrak: lehen ibilgailua 35 € urteko. Bigarren ibilgailua 75 € urteko.
  • Prezioak Alde Zaharrekoentzat: lehen ibilgailua 30 € urteko. Bigarren ibilgailua 60 € urteko. Ibilgailu errotulatua: 30 €.

2) Bertakoentzako TAO txartela komertzioentzat :

  • Txartel hau lortzeko beharrezkoak izango dira: jarduera ekonomikoaren titularra izatea, jarduera ekonomikoa OTAren barruti batean egotea, eta jarduera ekonomikoak bere ibilgailua Arrasaten erroldatuta izatea. “Ibilgailu errotulatuen kasuan ez da derrigorrezkoa izango ibilgailua Arrasaten erroldatuta egotea”.
  • Establezimendu horietako bakoitzak Bertakoentzako 3 txartel erosi ahalko ditu.
  • Prezioak: lehen txartela 35 €. Bigarren txartela 75 €. Ibilgailu errotulatua 35 €.
  • Prezioak Alde Zaharrekoentzat: lehen txartela 30 €. Bigarren txartela 60 €. Ibilgailu errotulatua: 30 €.

Bertakoen txartelaren erabiltzaileak urtez urte berritu beharko du txartela, hala nahi izanez gero. Informazio zabalagoa arrasate.eus webgunean aurkitu ahalko da gaurtik aurrera. Udalak adierazi du TAOaren parte-hartze prozesuan 488 ekarpen egin zituztela herritarrek.

Altamira eta Erguin auzoek ere eskatu dute auzo hauetan TAO jartzea. “Altamirakoek oso argi zeukaten gura zutela, baita Erguingo kale batzuetakoek ere”.

“Urtero TAOaren funtzionamenduaren balorazio bat egingo dugu, eta aldaketak egitea beharrezkoa bada, hala egingo dugu. Beraz, baliteke hurrengo berrikuspenean auzo horietan ere TAO jartzea. Legargainekoen artean ere eskaera bat egin da”.

TAOaren esparru edo guneak, eta azpiguneak:

0 gunea:

Azpigunea 0.1: Ignazio Zuloaga, Pablo Uranga, Otalora, Azoka kalea, Altamirara igotzeko lehen aldapa, Markoalde, Okendo, Erdiko kaleko zati bat, Ferrerias eta Olarte.

Azpigunea 0.2: Erdiko kalearen zati bat, Iturriotz, Zerkaosteta, Garibai, Biteri, Grupo San Joan, Zaldibar kalea, Maalako errebala, Kontzezino, Arrasate pasealekuko zati bat, Gazteluondo, Mitarte eta Nafarroa hiribideko zati bat.

Azpigunea 0.3: Bizkaia etorbidea, Olarteko zati bat, Zarugalde, Munar eta Usaetxeko zati bat.

1 gunea:

Azpigunea 1.1: Uribe auzoa, Uribarri etorbidearen zati bat eta Loramendi kalearen zati bat.

Azpigunea 1.2: Uribarri etorbidearen zati bat, Arimazubi eta Loramendi kalearen beste zati bat.

2 gunea:

Azpigunea 2.1: San Andres hiri-auzo osoa, San Josepe eta industrialdea ezik.

3 gunea:

Azpigunea 3.1: Elmako etxeak, Etxe txikiak, Aldai, Villa Amparo eta Maalako biribileko etxe berriena.

Azpigunea 3.2: Nafarroa etorbideare zati bat, Txaeta kaleko zati bat, Aprendices kalea eta Debagoieneko Ospitale-Anbulatorioa.

TAO ordaindu nahiko ez dutenentzat edo ezingo dutenentzat, bi parking disuasorio zabalik izango dira: bat Notario Etxagibel kalean (JMA ondoan) eta Arruena parkean (Hiper Eroski ondoan).

Leku horietan aparkatzea “doakoa izango da, eta toki horietan hartu ahalko da urbanoaren 3. linea, hau da, linea azkarrena, auzo garaietatik igarotzen ez dena”.

Udalak, goian aipatutako gutunaz gain, esku-orri informatibo bana banatuko du etxez etxe, informazio zabalarekin, “baliteke datorren astean”. Informazioa ere arrasate.eus webgunean.

TAO guneetan denera 5.000 herritar inguru bizi dira, eta TAOaren inguruko formakuntza eman zaie “BAZeko langileei, udaltzainei, TAO bulegoko langileei,…”.

Albistea osatzen gabiltza

Erlazionatutako albistea:

TAOa jarriko den kaleen zerrenda eta tokian tokiko TAO mota

2021eko uztailaren 21ean argitaratutako albistea

4 IRUZKIN

  1. Ze arrarua ez egotia hemendik Txironen jarraitzaile sutsuak kejetan betiko moduan.
    Seguruenik pintxopotian egongo diela.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen