Udala auzoan ez da TAO jarriko, baina aparkaleku kopurua alda daiteke

2
1250

Txarto aparkatutako ibilgailuek hainbatetan oztopoak eragiten dizkiete baserriei. Auzoaren gehiengoa ados dago gutxienez bi puntutan: “Proiektuak ez ditzala zelaiak ukitu eta bidegorria egin dadila Udala Goikoaren eta Udala Behekoaren artean”.

Udala baserri-auzoa Arrasateko aisialdi-gune garrantzitsuenetako bat da: bertan taberna-jatetxeak eta igerilekuak daude, eta inguruan Besaide edota Udalatx.

Hortaz gain, pandemiaren testuinguruan, herritarren artean mendizaletasuna eta hurbileko aisia areagotu egin dira.

Hori guztia, Udala auzoan nabaritu dute, auto askok bertan aparkatzen baitute, batez ere eguraldi ona egiten duen egunetan, udan nagusiki.

Txarto aparkatutako hainbat ibilgailuk baserrietako bideak oztopatzen dituzte, etxe hauetako jarduerak eten, mugatuz edota atzeratuz.

Aparkalekuen gaiari heldu zaio, Udala Goikoako berrurbanizazio prozesuan. Aipatzekoa da berrurbanizazioek ere bestelako gai batzuk jorratzen dituztela: argiteria, ur-hornikuntza, telefonia sarea eta bestelakoak.

Udal-gobernuak 2000. urtean auzoko Egitamu Berezia onartu zuen, eta 2005ean plana egokitu zuen. Garai hartan, Udaletxeak Udala Behekoa eta Goikoa berrurbanizatzeko konpromisoa hartu zuen.

Egitasmoa lau fasetan gauzatzekoa zen, lau urteko epean. Udala Behekoako berrurbanizazioa Udaletxeak 2015ean amaitu zuen.

Garai hartan “Udaletxeak permutak egin zituen – azaldu digu auzo-alkateak – eta ideia bat zen Udala Goikoaren eta Udala Behekoaren artean aparkalekuak egitea, asmo bezala”.

Iaz Udaletxeak Udala Goikoa berrurbanizatzeko gaiari heldu zion, eta asmo bat agertu zion bilera batean auzoari iaz, asmo bat proposatu zien auzotarrei, besteak beste, auzoan 200 aparkaleku egitea.

Auzoko pertsonen zati bat ados agertu zen eta beste parte bat aurka. Udaletxeak auzotarrek euren iradokizunak aurkezteko epea ireki zuen. Irailaren erdialdera arte zabalik izan zen.

Alegazioetan edo zenbait alegaziotan oinarrituta, Udaletxeak testu bat egin zuen eta 2022ko hasieran auzotarrei helarazi zien.

Agiri horrek, Udaletxeak auzoari azaldu zionez, “zenbait ildo nagusi jasotzen ditu eta ildo horiek proiektua egiteko erabiliko dira”.

Egun, auzotarrak, Udalak eta udal-taldeak bilera bat egitekoak dira. “Auzotar ia denak itxuraz bat gatoz proiektuak izan behar dituen gutxienez bi puntutan”:

“Proiektuak ez ditzala zelaiak ukitu eta bidegorria egin dadila Udala Goikoaren eta Udala Behekoaren artean”.

Agiriak jasotzen du “baserrietarako bideak libre egon behar direla, ez dela adibidez auto bat bidean txarto aparkatuta egon, baserrirako bidea oztopatzen”.

Izan ere, “hainbatetan baserrietara adibidez lastoa eramatera kamioi bat joan behar izaten da, eta txarto aparkatutako autoak ezinezko egiten du jarduera hori”.

Arazo hori “batez ere aparkaleku guztiak betetzen direnean izaten da. Uda partean askotan. Hori erregulatu beharra dago, bertako baserri bakoitzak eskubideak dauzkalako, besteak beste, bidea libre izateko eskubidea”.

Udaletxearen agiriak aurreikusten du “egungo errepidearen ibilbidea bere horretan uztea, hau da, beste errepide bat ez egitea”.

Auzotarrek ez ezik, auzora doazen ibilgailuetako gidari eta erabiltzaile askok ere arazoak izaten dituzte bertan:

“Autobusek esaterako, Udala Goikoako parkingean kotxe asko aparkatuta daudenean, bidea estuegia denez, ezin dute parkingean buelta eman”.

Kontuan hartzekoa da Udala auzoa ingurumen bereziko gune bezala izendatuta dagoela eta “beraz bertan ingurumenari ahalik eta kalte gutxien egin behar zaio”.

“Oraingoz ikusteke dago, berrurbanizazioaren ostean, zenbat aparkaleku egongo diren. Baita ere, aparkaleku berriak egin behar badira, non egingo diren”.

Arazoa konpontzeko aukera ezberdinak daude: “aparkaleku kopurua handitzea toki egoki batean, parkingean biribilgune bat egitea, ibilgailuak bertaratzeko sarrera mugatzea,… Auzoan iritzi ezberdinak daude, normala den bezala”.

Erabakia “Udaletxeak auzotarrekin noski hartuko du, eta ildo horretan datorren bileran Udalak azalduko dizkigu asmoaren ildo nagusien nondik norakoak”.

Auzoko Batzordetik “Udaletxea zoriontzen dugu prozesua abian jarri duelako eta orain arteko pausoak ondo eman direlako. Guk eskatuko genuke prozesua azkarxeago egitea”.

Proiektuaren idazketa teknikoa egin ostean, “Udaletxeak idazki hori auzotarroi aurkeztuko digu eta ondoren beste maila bateko alegazioak aurkeztu ahalko ditugu”.

Auzo-alkateak azpimarratu du “guk nahi dugula jendea etortzen jarraitzea, baina erregulatu dadila, arazoa behingoz konpontzeko”.

Zurrumurru baten arabera, “Udala auzoan ere TAO jarriko” litzateke, baina auzo-alkateak hori goitik behera ukatu du:

“Hori ez da egia, auzoan TAO jartzearen aurka gaude, ez luke arazoa konponduko, eta ez luke zentzurik, bileretan ez da aipatu ere egin”.

2 IRUZKIN

  1. “Auzo-alkatetzak auzotarrekin inolako bilelarik egin gabe, adierazpenak egiten, gure izenean?? Lotsagarria udalaren eta udalako auzo alkatetzaren jarrera”.

  2. de traka berri hau, izenburua irakurtiakin ya eztot gehixau irakurri gura. Maria, nun itxi dozu beste jostailuak

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen