Udal-gobernuaren argazki-politika [Testua: Patxi Uribarren Azpiazu]

0
931

Udal-gobernu honek ohitu gaitu, edozer gauza egiten duenean, argazki bat jasotzera. Gainera batzuetan bere argazkiak oso erridikuluak dira, Erguingo komun berriena esaterako.

Horren beste adibide batzuk dira argazkiak egiten dituztenean zebra-bide batean argi batzuk jarriko dituztela iragartzeko argazkia, jarleku berri batzuk ipini dituztenean edota Kanpazarko errepidea zabalagoa egingo dutela iragartzean.

Udal-gobernuaren zeregina Arrasateko arazoak konpontzea da eta ez argazkiak askotan egitea. Udalaren lana herria ondo mantentzea da.

Argazkiak egitea aproposa da Udalak omenaldi bat egiten duenean, domina bat ematen duenean, sari banaketa bat egitean,… Ordea, argazki-politika honek ez du zentzu handirik.

Hortaz gain, Udal-gobernua langabezian zeuden hainbat pertsonez aprobetxatu da, behartu zituztelako, “gonbidatu” zituztelako, buru teknikarien bitartez, udaletxe aurreko aurkezpenera joatera, argazkian agertzera.

Iazko aurkezpenean argazki hori egiteak bazuen zentzua, bi zerbitzu berri abiatu baitziren: herritarren laguntzaileen zerbitzua eta Covid-aren aurkako garbitzaileen zerbitzua.

Ordea, beste zerbitzuak (baso-garbitzaileena eta lorazainena) aspalditik ditu abian Udalak, 80. hamarkadatik, baina aurreko alkateek ez zuten horren publizitaterik egin.

Azpimarratzekoa da aurkezpeneko langileei egindako kontratuak 5 hilabeterako baino ez direla. Okerrena da kontratu horiek egiteko dirua ez dela Udal-aurrekontuetatik ateratzen, hau da, Udalak ez die langile horiei ordaintzen, dirua Aldunditik eta Europako erakundetik baitator.

Langabeak laguntzea ondo dago baina ez horrekin Udal-gobernukoek euren buruaren publizitatea egitea, hori ez da etikoa, ezta morala ere, lotsagarria da. Galdera bat jarri nahi nuke mahai gainean:

Zergatik Mariak edo Udal-gobernuak ez die esaten Arrasateko Udalean lanera sartutako hamaika langileei ‘joan gaitezen denok herriko plazara argazkia egitera’? Ba pikutara bidaliko lituzketelako.

Ordea, aprobetxatzen dira langabezian dauden pertsona hauetaz, pertsona hauek pentsatzen dutelako, aurkezpenera joan ezean, Udalak euren aurkako neurriak har ditzakeela.

Ondorioz, langile hauek, aurkezpenera joan nahi ez duten arren, joaten dira, behartuta. Argazki bat, irudi bat oso indartsua da, eta behintzat Udal-gobernuak argazkia txukun egin dezala.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen