Udal-gobernuak aurreikusten du Aurrekontuak %2’8 igotzea, zorpetuz

0
737

2021ean Kultura %22ko igoera izatekoa da, eta Gizarte zerbitzuak %14koa baita Ekonomia Garapenak ere. Aurreikuspen hauek helburu dute “herritarren ongizatea bermatzea eta herriaren garapena bultzatzea”. Aurrekontuetarako ideia orokorrak oposizioari eta hedabideei aurkeztu dizkie.

Covid-19aren ondorioz, Udalak aurreikusten du aurten Aurrekontuetarako diru-sarreretan iaz baino 2.000.000 € gutxiago izatea.

Horrek esan nahi du, 32.800.000 euroko diru-sarrerak dituela 2021eko Aurrekontuak egiteko. Alabaina, Udal-gobernuak aurreikusten du datorren urteko Aurrekontuak 35.800.000 eurokoa izatea, eta hori lortzeko, 3.000.000 euroko mailegua eskatu asmo du.

Alkateak azaldu duenez Udalaren egoera finantzarioa “azken urteetako” kudeaketagatik, “0 zor egoeran dago”, eta ondorioz Udala “egoera paregabean” dago banku-mailegua eskatzeko.

Ondorioz, 35.800.000 aurrekontuak onartuko badira, Udal-gobernuak hitzeman du “inolako murrizketarik aplikatu gabe” jardungo duela.

Aurreikusten duenez, igoera handienak “gizarte zerbitzuetan, ekonomia sustapenean, hezkuntzan eta kulturan” izango dira.

Kulturako balizko igoeraren arrazoiak dira Kulturola eta Juan Arzamendi Musika Etxea proiektuak amaitzeko diru-partidak (1.602.341,26 €). Oro har, kulturarako inbertsioak %22 igotzekoak dira.

Gizarte zerbitzuen alorrean, Garapen Komunitarioa Sailean, igoera %14koa izan daiteke. Etxez etxeko zerbitzua zein pobreziaren kontrako larrialdi planetarako aurrekontuek “%40ko igoera izango dute, 1.229.000 € bideratuz bi egitasmo hauetara”.

Horrez gain, “babesgabeko egoerei aurre egiteko zerbitzuaren aurrekontua 322.950 eurokoa izango da eta tutoretzapeko etxebizitzen laguntza zerbitzua ere indartu egin da izanik kontu sail osoa 60.000 eurokoa”.

Hezkuntzari dagokionez, “Erguin Herri Eskolako komunak berrituko dira eta 190.000 € bideratuko dira lan hori burutzera”.

Ekonomia sustatzeko, Lan ere Bai Berri programa indartzekoa da 75.000 eurorekin eta dependentzia baxua duten pertsonentzat bideratutako eguneko zentroaren obra Garibai 1 zenbakiko lokalean 50.000 eurorekin.

Zehazki, Tokiko Merkataritzarako aurrekontua %22ko igotzea aurreikusten da, eta bertako igoera nabarmenenak honakoak izan daitezke: “diru laguntzetan 33.000 € gehiago eta merkataritzako ekintzetarako 12.000 € gehiago arlo honetara bideratzen den zenbatekoa izanik 250.180 €”.

Egitasmo materialei dagokienez, Ekobulebarraren obra “2021eko urtarrilean hasiko da. 1.250.000 euroko partida ezarri da funts hori betetzeko”.

Horrez gain, zuntz optikoaren ezarpena bultzatuko da “erdigunean zein baserrietan”: zuntz optikoa erdialdean jartzeko proiektua egiteko 20.000 euroko partida sortzea proposatzen du Udalak, eta baserrietara bideratzeko Aldundiaren bitartez burutzekoa da.

Leintzibar kalean bidegorria egiteko proiektua egiteko “15.000 euroko partida hobetsi da, Araba etorbideko eta Arrasate pasealekuko bidegorri sareak lotzeko”.

Galizia kaleko igogailu publikoaren proiekturako “110.000 € bideratzea proposatzen da ere. Garagartzako auzoan fibro-zementoko hodiak aldatzeko 150.000 euroko partida ezarri da eta Parcour parkea egiteko Obenerrekako frontoian 120.000 eurokoa, Arrasate kirol-herria izatea bultzatuz”.

Udala langabeak kontratatzeko 420.000 € bideratzekoa da, Udal Enplegu Planaren bitartez. Hortaz gain, enpresa berriak sortzen laguntzeko 35.000 € zuzentzekoa da, langabetuen formakuntza hobesteko 30.000 € eta langabetuak kontratatzeko laguntzara 87.500 €.  

Herri-autobus linea “berria jarriko da martxan, zuzenagoa, TAOren egitasmoaren baitan zentroa eta parking disuasorioak konektatuko dituena lantzadera modura, 217.500 eurorekin”.

Herriko garraio publikoaren zerbitzura “747.500 € bideratu dira” eta garraio publikoa izanik “lukro asmorik gabeko zerbitzua” 110.000 € bideratu dira, horrek “eragingo duen defizita estaltzera”.

Udal-gobernuak iragarri duenez, Udal-gobernuak egitasmo guztietatik bi proiektu “herritarrekin batera definituko” du: “partaidetza prozesuan kiroldegi berritua eta Jose Luis Iñarra kalearen eraldaketa”.

“250.000 euroko diru-partida ezarri du Udal Gobernuak prozesu parte-hartzaileak bultzatzeko”, eta horrela, politika publikoen erdigunean “herritarra jartzeaz” gainera, “parte aktibo” bilakatuz Arrasateren eraikuntzan.

Jose Luis Iñarra kalean, Altamiran eta Altamirazpin zer egin erabakitzeko “prozesu parte-hartzailea martxan jartzeko 15.000 euroko partida bat sortzea proposatu du Udal Gobernuak eta herritarrek kiroldegi berria nolakoa izatea nahi duten irudikatzeko 20.000 euro”.

Udal-gobernuak oposizioko taldeei herenegun Aurrekontuen proiektuko ideia nagusien zirriborroa aurkeztu zien.

Atzo prentsaurrekoa eman zuen, eta bertan parte hartu zuten Victoriano Fuentes, Maria Ubarretxena eta Ander Garayk.

Alkateak proposamenak “aurrerakoiak” bezala definitu zituen, eta “erabat salbuespenezkoak, onartzen diren testuinguruagatik”. Aurreikusitako Aurrekontuek xede dituzte “herritarren ongizatea bermatzea eta herriaren garapena bultzatzea”.

Aurrekontuen behin betiko proposamena “Ogasun Batzordean” garatuko da. Ondoren Udalbatzak aztertu eta bozkatuko du. Udal-gobernuak helburu du “abendu hasieran” 2021rako Aurrekontuak onartzea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen