Errekorra izan da parte-hartzaile kopuruari dagokionez, eta hiruna sari banatu dira helduen eta haurren kategorietan.
Bosgarren edizioaren sari banaketa gaur arratsaldean egin da liburutegi publikoan eta aldarte onean.
Sarituekin batera Asun Agiriano Altuna bibliotekako zuzendaria eta Andoni Arratibel Garcia Kultura zinegotzia izan dira.
Edizio honek inoizko parte-hartzaile kopururik altuena izan du, 420 partaide izan baitira, hots, aurreko edizioan baino 175 gehiago.
Zuzendariak gogora ekarri du “galderak prestatzerakoan, gure herriaren aspektu ezberdinak kontuan hartzen ditugula”:
“Historia, ondarea, kultura, musika, artea, kirola, emakumea, kooperatibismoa, etnografia, mendia…”.
“Galderek balio behar dute zerbait berria ikasteko, deskubritzeko. Guk erantzunak aurkitzeko liburuak eta beste dokumentazioa uzten ditugu Bibliotekan erabiltzaileen eskura, eta asko dira liburuetan arakatzen dutenak”.
“Beste askok, ordea, sarean aurkitzen dituzte erantzunak. Oso pozik gaude aurtengo parte-hartzearekin”.
Ildo honetan, parte-hartzaile guztietatik 55ek bibliotekan dagoen formularioa bete dute, eta 344k bibliotekaren web orritik erantzun dute”.
Sei irabazle izan dira, eta bakoitzak 60 euroko bonu bana jaso du Elkar liburu dendan gastatzeko.
Halaber, “parte-hartzaileen profila ere oso anitza izan da, haur, gazte zein helduek parte hartu dute, eta, horren adierazle da, ere, sari banaketan sarituak izan direnen adina”. Hona hemen sarituak:
Haurren kategorian:
- Julen Carrasco
- Aimar Castillejo
- Markel Usabel
Helduen kategorian:
- Martxel Bengoa
- Mate Gorosabel
- Maria Dolores Navarro
Eta hona hemen erantzun zuzenak:
- Arrasatek tradizio meatzari handia izan du. Horren erakusle da irudiko baseliza, meatzarien kofradiaren egoitza izan zena Erdi Arotik 1950 arte. Meatzerreka auzoan dago eta egurrezko ganga ederra dauka. Nola du izena ermitak? ERANTZUNA: San Balerio
- Herriko festa nagusiez gain, auzo eta kale askotan ere jai propioak ospatzen dira urtean zehar. Zein auzotan antolatzen da ‘Saguzarraren jaitsiera’? ERANTZUNA: Gelma edo Elma
- 2025ean herriko elkarte baten urteurrena ospatu da. 1985ean AEDren baitan sortu zen eta hamarkada bat geroago elkarte gisa eratu zen. Emakumeen aukera eta eskubide berdintasunaren alde lan egiten du, bizikidetza bultzatuz eta euskara erdigunean jarriz. Nola du izena elkarte honek? ERANTZUNA: Ekin emakumeak
- Arrasateko euskaran badauzkagu berba propioak. Nola esango zenuke arrasatearrez ‘horia’? ERANTZUNA: Larua edo larue
- XV. mendean, oinaztarren eta ganboatarren arteko leinu guden ondorioz, Arrasate erabat suntsitu zen herriak sekula jasan duen erreketarik famatuenean. Zein urtetan gertatu zen? ERANTZUNA: 1448
- Arrasate mendiz inguratuta dago, tartean Udalatx (1.120 m), Murugain (778 m), Labasur (677 m), Kurtxetxiki (531 m) eta Olondimendi (419 m). Ondoko argazkia zein tontorretatik atera da? ERANTZUNA: Kurutzetxikitik
- 1930 urte inguruan gasolindegi bat jarri zen Portaloian. Bertan emakume ezagun batek lan egin zuen 1964tik itxi zen arte, 1985ean. Nola zuen izena emakumeak? ERANTZUNA: Juanita (Muñoz)
Zorionak guztiei!




