Argazkia: AEK artxiboa.
Arrasateko AEK euskaltegiak euskara ikastaro trinkoak emango ditu uda honetan, uda garaian euskara hobetzeko eta titulazioak ateratzeko helburu zehatza jarrita. Bizi euskara hurbiletik dute aurtengo leloa, eta beti bezala euskara praktikoa eskaintzea da helburua. Horrela, neguan ikasten ibili eta mailarik lortu ez dutenei begira zein bestela neguan aukerarik edo denborarik izan ez dutenei begirakoak dira oraingo ikastaroak.
Landuko diren mailak B2, C1 eta C2 izango dira. 120 orduko ikastaro trinkoak emango dira, uztailaren 3tik 21era eta irailaren 4tik 22ra. Klaseak astelehenetik ostiralera izango dira, 2 ordu aurrez aurre eta beste 2 ordu ikasleek beren kabuz kudeatzekoak eta tutoretzen bidezko jarraipenarekin… Goizez edota arratsaldez izateko aukera dago, matrikulazioaren arabera.
Matrikula orokorra 239€ izango da baina arrasatearrek merkeago izango dute udalaren laguntzari esker; 202€ lanean dihardutenek eta 101€ langabe, ikasle eta jubilatuek. Autoikaskuntza bidez ikasteko aukera ere izango da uda honetan, uztailetik irailera artean 75 orduko modulazioa izango da, ikasleak bere kabuz eta banakako tutoretza eta mintza saio telematikoen bidez.
Matrikula prezioa 323€ izango da. Kasu honetan ere, arrasatearrek merkeago izango dute, udalaren laguntzari esker: 273€ lanean dihardutenek eta 136,50€ langabe, ikasle eta jubilatuek.
Esan beharrik ez dago ikastaro homologatuak izango direla eta maila lortuz gero, matrikula bueltatuko duela HABEk, ohiko baldintzen arabera.
Izena emateko epea zabalik egongo da ekainaren 29a arte.
Harremanetarako: Iturriotz kalea, 21. // 943770369 tf. // arrasate@aek.eus
2023-24 ikasturterako aurre matrikula ere zabalik
Aurreko urteetan bezala, aurre matrikula epea zabaldu da AEKn. Ekainaren 28a baino lehen matrikula egiten duenari aurtengo matrikularen prezioa mantenduko zaio eta gainera %5eko deskontua izango du.
Aurre matrikulan 100€ ordainduko dira eta ondoren, 2 edo 3 ordainketa epe izango ditu geratzen dena ordaintzeko. Bestalde taldeetan sartzeko lehentasuna izango du. Gogoratu beharra dago gerora ikastaroa ezin izango balu egin, aurreratutako matrikula osoa berreskuratuko duela ikasleak, ikastaroa hasi aurretik abisatuz gero.
Uda barnetegiak ere bai
Azkenik, gogora ekarri nahi dute, opor garaian euskara ikasteko modurik onena eta dibertigarriena barnetegiena dela. Hainbat aukera eta data dago, hala: Barnetegi ibiltaria oinez herriz herri eta mendiz mendi, Familia barnetegia gurasoak eta umeak batera, ohiko barnetegiak mintzamena hobetzeko, titulazioa lortzeko…
Honen eta guztiaren inguruko informazio gehiago www.aek.eus webgunean duzuela gogoratu dute.