Udako beroak eragina izan du liztor asiarraren jardueran

0
211

Testua: Xabier Herrarte.

Dagoeneko aurtengo kanpaina azken txanpan dago, eta eguraldi hotz eta hezearekin batera liztorrek atsedena emango digute. Urtea baina, eguraldiaren parekoa izan da, zoroa. Oso berandu hasi dira lanean, baina, udazkenean inoiz ez bezalako jazarpena sumatu dute erlezainek, eta gero eta zailagoa ikusten dute beraien etorkizuna erlezain bezala. Erle asko hiltzen dizkiete urtero-urtero liztorrek, eta etsipenak jota daude asko.

Udaberriko tranpatze garaian 3339 erregina sortzaile harrapatu genituen, eta harrez gero, beste 54 kabi deuseztatu ditugu. Iaz baino 4 gutxiago izan dira, baina izan dugun eguraldi baldintza kaxkarra ikusita, lehorte handia eta jan urria, ez dugu uste aipatzeko beherakada izan denik, alderantziz, uste dugu izugarrizko gaitasuna erakutsi dutela baldintza desegokietara moldatzeko.

Garai honetatik aurrera, eta azken egunotako hotzak eta bustiak lagunduta, Vespa Velutinen kolonien aktibitatea amaierara iristen da. Jadanik, hurrengo urteko udaberrian irtengo diren liztor erregina sortzaileak jaio dira, eta zenbait liztor-mandorekin ernaldu ondoren, toki babestuak bilatuko dituzte negualdia igarotzeko. Gainontzeko liztorrak aktibitatea mantsotu eta laster hilko dira. Dena den, beraien espeziearen etorkizuna bermatuta utzita izango dute alajaina, zuhaitzetan ikusten diren bola handi bakoitzetik, tamainaren arabera noski, 200 eta 250 erregina berri jaioak izango dira. Hurrengo udaberrian, erregina bakoitzak, kolonia berri bat osatzeari ekingo dio, eta hortik aldi berean, hurrengo udazkenean, beste 200 edo 250 erregina berri sortuko ditu bakoitzak. Beraz, kabi bakoitza 200 edo 250-eatik biderkatu beharko dugu. Zorionez, praktikan, neguak gogor eraso, udaberrian izotz berantiarrak egin, edo aurten bezala uda oso lehorra datorrenean, tartean erregina sortzaile eta kolonia batzuk bertan behera gelditzen dira.

Arazoa dirudiena baino larriagoa da, izan ere, ikaragarri baldintzatzen du erleen eta gainontzeko intsektuen etorkizuna, eta aldi berean, bioaniztasuna eta gure biziraupena.

Denon ahalegina beharrezkoa da espezie inbaditzaile honen ugalketa kontrolatzeko, eta beraz, beste behin, horretan parte hartu duzuenoi eskerrak eman nahi dizkizue udalak eta hurrengo urtean ere jarrera aktibo honekin jarraitzeko eskatu.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen