Udaberri-udarako jostailuak trukatzera animatzen du ‘Txatxili’k

0
235

Kartela, artxiboko argazkia eta beheko testua: Txatxilipurdi Elkartea.

Lau urte pasa dira jada udaberriko jostailu truke merkatua antolatzen hasi ginenetik. Aurten ere, eguraldi eguzkitsuarekin batera udaberrira begirako jostailuen trukea egiteko aukera eskaintzera gatoz. Udaberri zein uda garaian ere, jolasteko, gozatzeko eta lagunekin ondo pasatzeko baliabide apartak baitira.

Etxean dauzkagun jostailuei begirada bat bota eta erabiltzen ez ditugunak beste batzuengatik trukatzeko gonbidapena luzatu nahi dugu. Edonolako jostailuak trukatu ahalko dira, baina uda gerturatzen ari denez, hondartzan edo igerilekuetan erabili ohi ditugun jostailu horiek trukatzea aukera polita izan daiteke: kuboak, palak, eskuare, kometak, urpean jolasteko jostailuak, ureztontziak, hondarretan jolasteko jostailuak, disko hegalariak…

Jostailuak biltzeko hiru egun egongo dira:

  • Maiatzak 28, Santamarinako ludoteka aurrean 18:00-18:45
  • Maiatzak 29, Kulturolako aterpean 18:00-18:45
  • Maiatzak 30, Arimazubin 18:00-18:45

*Hiru egun hauetan, Txatxilipurdiko bulegoan ere jasoko dira jostailuak 9:00-13:00

Jostailuen truke, txartelak banatuko ditugu, zenbat jostailu hainbeste txartel.

Txartel hauek jarraian, jasotako jostailu guztien artean gustukoena aukeratzeko baliagarriak izango dira. Ekainaren 6an egongo dira guztiak ikusgai.

Hauek dira jostailuek bete beharreko baldintzak:

  • Jostailuak egoera onean eta osorik egon beharko dira.
  • Indarkeria sustatzen dituzten jostailuak ez dira onartuko ez eta irudi sinbolikoa dutenak ere, tartean pistolak, izan uretakoak edo ez.
  • Sexu bereizketa egiten duten jostailuak ere ez dira onartuko.

Ekainaren 6an, aurrez aipatu bezala, Monterron parkean, jasotako jostailuak ikusgai jarriko ditugu eta trukea aurrera eramango dugu. Bertan, jokoak azaltzeko eta elkarrekin jolasteko tartea hartuko dugu. 18:00etatik 20:00etara bitartean egongo gara.

Jolas erraldoi batzuk ere eramango ditugu elkarrekin jolasteko eta arratsalde bikaina pasatzeko.

*Euria eginez gero, jostailu trukea Aldai parkean burutuko dugu.

Jostailu trukera animatzen?

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen