Uarkapeko eskala-murruaren egoera “negargarria” salatu dute erabiltzaileek

0
1493

“Euskarri asko apurtuta edo solte daude, estraktoreak ez du funtzionatzen, zorua zikin dago, koltxoiak apurtuta daudela,…” adierazi dute. Udalak erantzun du “Egoitek enpresak, rokodromoaren mantenua eramateko esleituta dagoen enpresak, irailean presak garbitu dituela eta ibilbide berriak diseinatu dituela”.

Bideoa eta argazkiak: Erabiltzaileetako bat.

Erabiltzaileek azaldu dute enpresako langileek eskalada-murrua “irailaren 7ra arte garbitu dutela, pieza denak banan-banan askatu eta garbitu dituzte baina oraindik pareta oso zikin dago, pieza asko dagoeneko solte daude, estraktoreak ez du funtzionatzen, erdiko argia batzuetan ez dabil, koltxoiak apurtuta daude,…”.

Eskaladan magnesioa erabiltzen da, eta ondorioz estraktore bat behar da substantzia hori kanporatzeko, “bestela giroa kondentsatzen da, are gehiago horrelako leku estua batean”.

Apurtuta edo solte dauden euskarri gehienak “eskaladari ekiteko mailan daude, beheko mailan, eta gainera jarri berriak dira, hau da, irailaren 7an jarri zituzten baina honezkero (irailaren 24an) solte daude”.

Irailaren 7tik gaur arte (irailak 24) “inork ez du garbitu, eta kontuan hartzekoa da Covid-19aren testuinguruan gaudela. Erabiltzaileok baldintzak betetzen ari gara, eta eurek ere euren baldintzak bete behar lituzkete”.

“Boulder instalazioak soilik erabiltzearren 140 € ordaintzen ditugu, eta kuota garesti horren truke instalazio txukun batzuk izatea dagokigu. Kontuan hartu behar da udal-zerbitzu bat dela, eta beraz gutxieneko txukuntasun bat behar du”.

Erabiltzaileen artean “familia ugari daude, batez ere asteburuetan, baina egoera ikusirik, instalazioa erabiltzea ez da oso erakargarria. Iritzi berekoak gara erabiltzaile guztiok”.

Uarkapeko eskalada-murruaren erabilera “lehen eskalatzaile talde batek kudeatzen zuen, autogestioa lantzen zuen, eta besteak beste, garbiketaz arduratzen zen Baina udal-zerbitzua egin zenetik, kuotak asko igo ziren baina orain lehen baino zikinago dago”.

Erabiltzaileak “BAZera bertaratu izan gara, eta esan ziguten eskaera soilik egin genezakeela. Uarkapeko langileengana ere bertaratu gara, egoeraren berri ematera, eta erantzun digute, Covidaren ondorioz, guk eskalada-murrura eramandako radiocasseta kendu zigutela erabiltzaileok botoi berbera sakatzen genuelako, baina berreskura dezakegula. Egoera hobetzeko ahaleginak egin ditugu”.

Hortaz gainera, “Aretxabaletak izugarrizko boulder bat egin zuen, baldintza oso onetan, garbia, eta ondorioz Uarkapeko boulderra erabiltzen zuten eskalatzaile asko hara joan ziren”.

“Hemen eskalatzaile talde batzuk geratu gara, eta instalazioa gero eta abandonatuagoa geratu da. Baina oraindik familiak ibiltzen dira bertan, adin ezberdinetako erabiltzaileak gaude, baina erabiltzaile askok, baldintzak ikusirik, frustratu da eta alde egin dute”.

Erabiltzaileek baloratzen dute “instalazioa berez oso ondo dagoela, baina baldintza txarretan dagoenez, gero eta erabiltze gutxiago ditu, nahiz eta herriarena izan, Erdialdean bertan egon, eta kirol hau gero eta jende gehiagok praktikatu”.

Udalak erantzun du “ez dugula kexarik jaso ez Kirol zerbitzuan ezta BAZ-en ere rokodromoaren egoeraren inguruan. Uarkape itxita izan den bitartean Egoitek zerbitzu enpresak, rokodromoaren mantenua eramateko esleituta dagoen enpresak, presak garbitu ditu eta ibilbide berriak diseinatu ditu”.

Halaber, “erabiltzaileei eskertuko genieke zerbitzuaren inguruan iradokizunak egiteko Kirol Zerbitzua edo/eta BAZ erabiltzea, hauek lehenbailehen konpondu ahal izateko. Mila esker!”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen