Pelota Pro Liga erakundeak datorren asteartean, urriak 6an aurkeztuko du urriaren 9an Durangon hasiko den Lau eta Erdiko txapelketa. Aurretik, ordea, txapelketa hartuko duten pilotalekuen zerrenda eman du argitara eta lehen mailako lehiak hartuko duten pilotalekuen zerrendan Arrasateko Uarkape agertzen da.
Asteartera itxaron beharko da zehaztasun gehiagoren berri izateko baina, zerrenda argitara eman den moduagatik, pentsatzekoa da, azken urteetako lehiaketa sistema aldatzen ez badute behintzat, final laurdenetako ligaxkako partida bat izango dela Arrasaten jokatuko dena.
Azken urteetan ohikoa da Santamas egunean Binakako txapelketako partida bat Arrasaten jokatzea, arrakasta handiz gainera, baina aurten kaiolako lehia bat ere ikusi ahal izango da herrian. Gauzak horrela, «Ander Murua efektua» dela eta, hiru partida jokatuko dira hiru hilabeteetan; biharko Maritxu Kajoikoa, Lau eta Erdiko txapelketakoa –urria amaiera edo azaro hasieran– eta Santamas egunekoa.




