Txus Gruzeta Otaduy musakolarrak Blas Arratibel Sariketa irabazi du

0
1014

Arrasatearrak ibilbide luzea du artisautzan, eta Brasilgo artisautza bertatik bertara ezagutu zuen adibidez. Blas Arratibel lehiaketa Arabako Foru Aldundiak deitzen du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko artisauek hartzen dute parte.

Bideoa eta argazkia: Sinadurak.tv / Argazkia: Cristina González.

Jesus Gruzeta Otaduy, ‘Txus’ adiskideentzat, Arrasaten jaio zen 1961eko urtarrilaren 14an. Derrigorrezko ikasketak egin ondoren, 20 urterekin mundua ikustera joan zen.

Duela urte batzuk Antxon Aguirre Sorondok erreportaje sakona egin zuen berataz eta bere lanaz, Eusko News-entzat, klikatu hemen erreportajea ikusteko.

Txusek zenbait urte eman zituen Hego Amerikan zehar ibiltzen, eta beira-alezko bitxiak egiteko hainbat forma ezagutu. Brasilen, zehazki Ouro Preton, jarri zen harremanetan mehatze-lurralde horretako (Minas Gerais) bitxigintza berezia (harria eta zilarra) lantzen duten artisauekin.

Erreportajeak azaltzen duen bezala, artisautza horren teknikak ikasi zituen han, eta gemologiako ikasketak egin, halaber. 1990ean, musakolarra bere herrira itzuli zen, eta zilarrezko bitxiak egiteko lantegitxo bat muntatu zuen.

Bere lanbidean sakontzen jarraitu zuen, Bartzelonan egindako ikastaro batzuetan: argizariak modelatzea eta bitxigintzako diseinu baten irudikapena. 2005ean, Arabako Heredia-Barrundiara bizitzera joan zen.

Brasilek garrantzi handia dauka Txusen ibilbide artistikoan harribitxien eta fosilen mailan, bere kreazioetan osagai horiek erabiltzea atsegin baitzaio artisauari, baina, nola beste teknika batzuk ere garatzen dituen, beste estilo batzuetako bitxiak ere egiten ditu, batez ere elementu sinbolikoei, eta batez ere Euskal Herrikoei, arreta berezia eskaintzen diela.

Berak sortutako eta asmatutako lanak egin izan ditu normalean, baita enkarguz ere, ondorengoak esaterako:

  • Gara egunkaria: euskal sinbologiako lau elementuko saila.
  • Dulantziko Udala: antzerki-jardunaldietarako garaikurrak.
  • Leintz-Gatzagako Museoa: horren logotipoa daukaten zintzilikarioak.
  • Legazpiko Lenbur Fundazioa: haren logotipoa eta Mirandaolako Gurutzea daukaten zenbait bitxi.
  • Eskoriatzako Udala: jatorri zeltako edo Astrokiko urrezko gopor ospetsuak irudikatzen dituzten garaikur eta bitxiak.
  • Kunka Antzerki Taldea: haren logotipoa daukaten zilarrezko paparrekoak (orratzak).
  • Etab.

Artisautza-azoketan saldu izan ditu bere produktuak, Euskal Herrian gehinebat, eta arreta egiten die ere zuzenean lantegira joaten zaizkion herritarrei.

Kanpoko azoka ugaritan izan da, besteak beste, Bartzelonan, Burgosen eta Kanariar Uharteetan.
Aurten, Arabako Foru Aldundiak deituta, 2020ko Blas Arratibel Sariketa egin da, Euskal Autonomia Erkidegoko (Trebiñu barne) artisau lan onenak aitortzeko.

Bertan Txus musakolarrak eta María Rosa Ábalos Diéguez artisauak izan dira irabazleak. Halaber, Aldundiak aitortza egin dio Peli Romarategiri, bizitza osoa artisautzari emateagatik.

Sari banaketa oraintsu egin da, eta irabazleen lanak ikusgai daude Bibat museoan abenduaren 6ra arte. Zorionak Txus!

txusgruzeta.com

Bideoa ikus-entzuteko klikatu hemen

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen