Lekukoen testigantzetan oinarrituta, arrasatearraren biografia egin berri du Jokin Urainek. Egileak azaltzen du “1936-39ko gerra galduaren ondoren jaiotako euskaldunen belaunaldi baten espiritua irudikatzen duela” ETAren buruzagi ohiak. Liburuaren aurkezpena azaroaren 23an izango da.
Goiko irudia: liburua / beheko kartela: ekitaldiaren antolakuntza.
Liburuak zenbait alor jorratzen ditu, tartean “izaera, klandestinitatea, jazarpena, deportazioa, elkarrizketak, heriotza Aljerian… lekuko zuzenen testigantzekin kontatua”.
Jokin Urainek azpimarratzen du Txomin Iturbe Abasolok (Arrasate, 1943 / Medea -Aljeria-, 1987) “1936-39ko gerra galduaren ondoren jaiotako euskaldunen belaunaldi baten espiritua irudikatzen duela. Herri gisa galzoriaren ertzeraino makurrarazita zegoen gizartean etorkizunaren alde zutitzera ausartu zen belaunaldia da Txominena. Etsipenaren isilpetik herri kontzientziaren kimuak berpiztera datorrena”.
“Kulturan, borroka sozialean eta nazionalean, lantegietan, ikastoletan, kantagintzan… Herri ekimenetan eta kirolean, kooperatiban eta baserrian, premia ikusten zuen lekuan ekiten zion Txominek, eta askapen borrokan premia ikusi zuenean ETAn militatzen hasi zen”.
1960ko hamarkada amaitu aurretik “alde egin behar izan zuen Arrasatetik Iparraldera. Hainbat aldiz atxilotu, konfinatu eta deportatu zuten; hainbat aldiz saiatu ziren talde parapolizialak hura hiltzen. 1987an hil zen, Aljerian, 43 urterekin”.
Txomin Iturberen, ‘Etxazuriko semea’ren, biografia da eta aldi berean “aritu ziren beste hainbat kideren ahotsak eta historiak kiribiltzen dira bertan”.
“Garai ilunetan independentziaren alde zapalkuntzari aurre egin zion gazte belaunaldi bateko ekintzaile eta buruzagi karismatikoenetako baten bizitza”.
Jokin Urain Larrañaga egilea (Mendaro, 1959) euskal idazle eta preso ohia da. Bere ibilbide literarioan zehar, hainbat genero garatu ditu; hala nola eleberria, saiakera eta testigantza.
Zazpika aldizkariko zutabegilea da, eta honakoa da bere bederatzigarren liburua, aurrez eginak baititu “Izaina” (1990), “Adlotse” (1992), “Gatibu sortu nintzen” (2000), “Errotarria” (2006), “Ez dago etxean” (2010), “Agurra eta ohorea” (2013), “Ametsen liburua” (2015) eta “Amaren etxea” (2019).
Arrasateko aurkezpen irekia azaroaren 23an izango da (martitzena) arratsaldeko 19:30ean Kulturaten. Euskarazko lan honek ilustrazioak ditu, 408 orrialde dauzka eta bere argitaratzailea Gara-Baigorri Argitaletxe SA da. Ekitaldian Xabier Zubizarreta arrasatearra ere arituko da.
